Roberto Rivasek zilarrezko domina lortu du Espainiako Piraguismo Txapelketan

Santiagotarrak-Urbycolan hamahirugarren geratu zen taldekako sailkapenean

Joan den martxoaren 18an eta 19an 5.000 metroko Espainiako Piraguismo Txapelketa ospatu zen Sevillan. Santiagotarrak-Urbycolaneko piraguisten denboraldiari hasiera eman zion lehiaketa izan zen, eta lehenengoa zenez, kirolariek gogotsu eta ilusioz ekin zioten.

Asteburuko emaitzarik esanguratsuena Roberto Rivas kanoistak beteranoen kategorian lortutako zilarrezko domina izan zen (35-39 urte). Hala ere, ez zen bera izan lasterketa bikaina egin zuen bakarra 23 urtez azpikoa Nerea Garciak meritu handiko laugarren postuan bukatu zuelako, eta Uxue Arsuaga 15. geratu zen maila berean.

Ibon Huarte beteranoa ere oso aipagarria izan zen, hamahirugarren postuan helmugaratu baitzen. Jubenilek ere postu onak lortu zituzten; aipagarrienak Aimar Nasasen 25. postua, Markel Juaristiren 28. postua eta Ane Amostegiren 28. postua izan ziren.

Aurten ere Santiagotarrak taldeak parte hartze handia izan du Sevillan lehiatzera joandako 17 palistarekin. Horietatik 12k finalerako txartela lortu zuten.

Aurten ere, Santiagotarrak-Urbycolan taldea nazioko erreferentziazko klubetako bat da, eta parte hartzen duten 116 kluben artean hamahirugarren postua lortu du taldekako sailkapen orokorrean.

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude