Holy Burger sukalde ezkutua izatetik Euskadiko hanburgesa onena izatera pasa da

Xabi Caverok eta Luis Vianak amets txiki gisa hasi zutena, gaur egun Euskadiko hanburgesarik onena bihurtu da. Espainiako Hanburgesa Txapelketan seigarren postua lortuta, Irungo Holy Burgerrek erakutsi du “egile sukaldaritza” eta lana uztartzea dela arrakastaren gakoa. Gazte hauen ibilbidea pasioaren, lanaren eta apustu ausarten kronika da.

Holy Burger hanburgesategiak mugarri bat ezarri berri du: estatuko txapelketan Espainiako seigarren postua eskuratu du, eta Euskadiko hanburgesarik onenaren titulua ekarri du etxera. Luis Vianak gogoratzen duen bezala, Holy proiektuaren hasiera xumea  izan zen. “Dena sukalde ezkutu batean hasi zen”, azaldu du Luisek. Xabi eta Luis sukaldaritza eskolan ezagutu ziren, eta han sortutako adiskidetasuna izan zen proiektuaren hazia. Irunen zegoen koktel taberna bateko sukaldea kudeatzeko aukera sortu zitzaienean, Xabik Luisi deitu zion: “Lehenagotik oso ondo moldatzen ginen, lagun handiak ginen, eta nirekin harremanetan jarri zen proiektua bion artean egiteko”.

Hasiera batean, asmoa oso bestelakoa zen. “Egia esan, gure ideia inoiz ez zen izan lokal bat, taberna bat edo jatetxe bat izatea. Guk take away edo eramateko zerbitzura dedikatu nahi genuen soilik”, aitortu du Luisek. Hala ere, patuak beste bide bat markatu zien. Lokala utzi behar izateak alternatiba bat bilatzera behartu zituen, eta horrek bultzatu zituen gaur egun Santiago kalean duten lokala hartzera. Beharretik bertutera pasatu ziren, eta hiriari proposamen gastronomiko berri bat eskaintzeko apustua egin zuten.

Gaur egun hanburgesen mundua oso moda azkarrean dagoen arren, Holyk bere nortasun propioa aurkitu du. Xabik eta Luisek argi dute zer den bereizten dituena: lana eta prestakuntza. Biak ala biak sukaldaritza ikasitakoak dira, eta hori plater bakoitzean antzematen da. “Leku askotan marketina edo irudia oso ona da, baina gu sukaldean zentratu gara. Gure sukaldea egile sukaldaritza pixka bat ‘erotua’ eta ‘ganberroa’ da, baina hanburgesa formatura eramanda”, dio Luisek.

Txapelketarako sortutako hanburgesak, izenetik bertatik, asmo deklarazio bat darama: “Holy Shit”. Izena ez zen marketin estrategia hotz baten ondorioa izan, erreakzio natural bat baizik. “Probatu genuenean, horixe izan zen gure erreakzioa”, gogoratu dute parrez. Ez zuten lehendik bazeukaten zerbaitekin joan nahi; txapelketarako zerbait esklusiboa sortu nahi zuten. “Proba eta errore asko egin genituen, saiakera eta hanka-sartze ugari, konforme geunden bat atera zitzaigun arte. Maila onean zegoela iruditu zitzaigun eta harekin joan ginen”. Hala ere, segurtasun hori ez dator harrotasunetik, lanetik baizik: “Guk beti jakin izan dugu zer egiten dugun eta ondo egiten dugula. Kontua da gero jendearengana iristea eta probatzera honaino erakartzea, baina gure lanean oso seguru egon gara beti”, azaldu du Luis Vianak.

Espainiako Txapelketa

Espainiako Hanburgesa Txapelketan parte hartzeko erabakia jakin-minak bultzatuta hartu zuten. Otsailean zehar, bezeroek eta txapelketako ikuskatzaileek emandako botoek Espainiako 15 onenen artean kokatu zituzten. Xabik gogoratzen du prozesua oso naturala izan zela: “Guk ez genuen ezer berezirik egin. Lanean jarraitu genuen, hanburgesa berria kartan genuela. Egia da jendeak esaten zuela txapelketan geundela ikusi zuela eta probatu nahi zuela”.

“Guk beti amestu dugu gauza berriak egitea, eta bultzada honek ametsak errazten dizkizu”

Xabi Cavero, Holy Burger

Madrilgo finalerako sailkapena ezusteko galanta izan zen. “Martxoaren 3an, etxean nengoela, txapelketatik deitu zidaten zoriontzeko. Ez nuen sinesten. Lehenengo gauza Luisi deitzea izan zen eta Madrilera joateko maletak prestatzen hastea”, dio Xabik. Luisek ere gogoan du une horren xarma: “Hori izan zen politena: erotu gabe lanean jarraitu genuen, eta bat-batean, deia. Lan onaren ordaina izan da, ez zerbaiten bila itsu-itsu joan garelako beste guztiaz ahaztuta”.

Madrilgo esperientzia ahaztezina izan zen. Xabik eta Luisek ez zuten emaitza zehatzik buruan, baina aitortza lortzeak ilusio handia egin zien. “Gure lurra hemen dagoela esatea, Euskadi, eta gu hemen gaudela aldarrikatzea… horrek egiten zigun ilusiorik handiena. Euskadiko onenak garela esan dute, hemengo beste hanburgesategiak ere ikusgarriak diren arren. Gu oso harro gaude lortutakoaz”, dio Luisek emozioz. Xabik ere bide beretik jarraitzen du: “Euskadi nazio mailan ordezkatzea ‘bonbazo’ bat izan da guretzat”.

Amets berriak

Arrakastak ez ditu bi gazte hauek zorabiatu. Argi dute oinak lurrean izan behar dituztela. “Honek ikusgarritasuna ematen dizu, tranpolin bat da, baina gero mailari eutsi behar zaio”, ohartarazi du Luisek. Haien Irunekiko konpromisoa erabatekoa da. Badakite hiri “iragaitzazkoa” edo “pasaerakoa” dela, turismo gutxikoa, eta ekintzaile gazteen bidea ez dela erraza: “Ez digute erraz jartzen gazteoi ekiteko, baina horixe da gure konpromisoa: beti berrikuntza bat ekartzea, zerbait desberdina egitea”.

“Honek ikusgarritasuna ematen dizu, tranpolin bat da, baina gero mailari eutsi behar zaio”

Luis Viana, Holy Burger

Etorkizunera begira, Holy marka hazten ikusten dute. “Proiektuak baditugu. Guk beti amestu dugu gauza berriak egitea, eta bultzada honek ametsak errazten dizkizu”, dio Xabik. Haien buruan mota guztietako ideiak dabiltza: beste hiri batzuetan irekitzea, soilik take away zerbitzuko lokalak, arropa lerro bat sortzea edota, harrigarria bada ere, gaileta denda bat martxan jartzea. Guztia Holy markaren aterkipean. “Inork egiten ez badu, guk egingo dugu”, diote tinko.

Holyren magia

Oraindik Holy probatu ez duenarentzat, Xabik argi dauka gomendioa: “Holy Shit“, Euskadiko hanburgesarik onena, kartan egongo baita urte osoan zehar. Hala ere, bakoitzak bere kuttunak ditu. Xabik pertsonalki “Will Smith” edo “Lana Rhoades” aukeratuko lituzke.

Luisek, berriz, ikuspuntu bitxia du egunero horrenbeste hanburgesa saltzeagatik: “Egun osoan saltzen ari garenez, nekatu egiten naiz, ez ditut lehen bezala gozatzen. Baina jendeari aukera bat baino gehiago dastatzeko eskatuko nioke. Begirada bat eman diezaiotela kartari, ez da oso luzea, baina jendea harritu egingo da jartzen diogun maitasunarekin eta produktuaren mailarekin”. Holy Burger ez da jatetxe bat soilik; Irunen sortutako iraultza gastronomiko txiki bat da, erakusten duena, prestakuntzarekin, laguntasunarekin eta ausardiarekin, munduko txapelketa baten gailurrera irits daitekeela Bidasoko bazter honetatik

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude