Bigarren aldiz antolatuko dute aurten Dunboa Eguzki Summer Experience udako kanpusa. Joan den urteko probaren ondoren, 2015eko edizioak aurrekoa gainditu nahi du. Horretarako, babesleak bilatu, egitaraua zabaldu eta izena emateko epea aurreratu dute antolatzaileek. Jorge Vertiz eta David Ruiz 2014ko abenduaz geroztik dabiltza lanean.
Zortzi eta hamalau urte arteko haurrak hartuko dituzte udan San Jose Langilea futbol zelaian. Bost eguneko bi txandatan banatuko dituzte, lau orduz kirola egin eta ondo pasa dezaten. Aurreko urtean, hiru txanda eskaini zituzten. Baina murriztea erabaki dute. “Gero eta haur gehiago aldi berean eduki, orduan eta dinamismo handiagoa eman diezaiokezu jarduerari”, azaldu du David Ruiz antolatzaileak. Lehen ediziotik ikasten eta hobetzen saiatu dira antolatzaileak. Bigarrenari “indar handiagoa” eman nahi izan diotela baieztatu du Jorge Vertizek.
Futbola izango da kanpuseko jarduera nagusia, baina ez bakarra. Aisialdia izango da beste zutabeetako bat. “Jolas dinamikoak eta parte-hartzaileak egingo ditugu”, adierazi du Ruizek. Babesleak bilatu dituzte, esperientzia aberasteko. Esaterako, Real Sociedad Fundazioari esker, irteera egingo dute Anoeta estadiora eta Realaren museora. Eva Pascual argazkilariak haurren familientzako bi argazki sesio zozketatuko ditu. Telepizzak ere lagunduko du, azken eguneko askarian.
Otordu hori salbuespena izango da, aurrekoetan elikadura ohitura osasuntsuak sustatzen saiatuko direlako antolatzaileak. Arrazoia argitu du Vertizek: “Haur askok, entrenamendua bukatu ondoren, gozoak edo litxarreriak jateko ohitura dute. Guk fruta edo edari isotonikoak emango dizkiegu, joera hori aldatzeko asmoz”. Hamaiketakoaren orduari etekina aterako diote, eskualdeko kirolarien bisitak eta hitzaldiak jasoko dituztelako. Oier Olazabal Granada CF-ko atezain irundarrak eskularruak, botak eta kamiseta zozketatuko ditu.
Jarduera fisikoa eta hezkuntza
Oinarrizko formazioa jaso duten monitoreek zuzenduko dituzte jarduerak. Beroketetan, edozein kiroletan funtsezkoa den koordinazioa landuko dute. Futbolari dagokionez, aspektu teknikoak, taktikoak eta fisikoak landuko dituzte, multzo ezberdinetan banatuta. “Bakoitzean arlo bat landuko dute haurrek. Horrela, gehiegizko konfiantzarik ez dute hartuko monitoreekin”, argudiatu du Jorge Vertizek. Monitoreekiko errespetua da kanpusean landuko duten balioetako bat. Entrenatzaile/jokalari harremana sustatu nahi dutela aipatu du Vertizek.
Konpromisoari ere erreparatuko diotela azpimarratu du, puntualtasunarekin lotuta batez ere: “Batzuetan jardueraren azalpena errepikatu behar izaten du entrenatzaileak. Egoera horiek ekidin nahi ditugu”. Beste hiru balio nagusiek harreman zuzena dute kirolarekin. Lidergoa eta lehiakortasuna lotuta doazela uste du Vertizek, eta beharrezkoak direla kirolean. Arreta berezia eskaini dio talde lanari: “Txikitan, oso berekoiak izaten dira haurrak. Taldearen onaren alde pentsaraztea da asmoa. Burbuila horretatik atera behar direla ulertu behar dute”.
Aste Santuaz geroztik izena eman daiteke, Dunboa Eguzki elkarteko idazkaritzan edo www.dunboasummer.com-en. Kanpus irekia dela azpimarratu nahi izan dute antolatzaileek. Dunboa Eguzkik antolatzen duela, baina ez duela haurrak erakartzeko helburua. “Joan den urtean Hendaiako mutil bat eta Pasaiako beste bat izan genituen”, gogoratu du David Ruizek. Dena den, Dunboako bazkideek abantaila izango dute ordaintzerako orduan. 60 euro ordaindu beharko dute, 75 ordaindu beharrean. “Norbaitek epeetan ordaindu nahi badu, ez dago inolako arazorik”, nabarmendu du Jorge Vertizek. Joan den urtean 35 haur izan zituzten. Aurten gorago jarri dute helmuga: 60 espero dituzte.