Atxiki pilota eskola sortu da Irunen

Kirol arloak jakinarazten duenez, aste honetan hasi da Atxiki Pilota Eskolaren ibilbidea, Ramuntxo Trinkete Klubaren eskutik eta Irungo Udalaren laguntzarekin. Oraingoz, esperientziaren probaldia egingo dute irailera bitartean. Orduan, hiriak beste kirol-eskola bat irabaziko du, eskolaz kanpoko jardueretarako.

Borja Olazabal ordezkariaren hitzetan, «Udalean bageneraman denbora bat ideia hau gauzatu nahirik, eta oso pozik gaude, albiste bikaina baita azkenik eskola martxan jartzea. Gure babes osoa dauka, eta eskerrak ematen dizkiogu Ramuntxo Trinkete Klubari eskola aurrera ateratzeko egiten ari diren lanagatik».

Ekimena astelehenero egingo da, 17:30etatik 19:00etara. Uranzu pilotalekuan izango da, eta Lehen Hezkuntzako 3. eta 6. maila bitarteko haurrei zuzenduta dago. Lau talde ezarri dira: bi 3. eta 4. mailako ikasleekin (neskak eta mutilak), eta beste bi 5. eta 6. mailakoekin (neskak eta mutilak). Klaseak astelehen honetan hasi dira, otsailaren 6an, dozena bat parte-hartzailerekin. Parte hartu nahi duten haurren familiek email bat idatzi behar dute atxiki@ni.eus helbidera. Irailera arte, ekimena doakoa da, ez da kuotarik ordaindu behar.

Eskola ireki bat da, eta edozeinek har dezake parte, duen maila duela. Edukiak Gipuzkoako Pilota Federazioarekin batera prestatu dira. Hasteko, esku-pilota landuko da, bai eta pala ere, trinketean. Irungo pilotalekua berritu zenetik, antolatzen den horrelako lehenengo eskola da.

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude