Txingudi Eskubaloia klubeko neska-mutilak denboraldi berriaren atarian daude

Iraila kirol modalitate askoren denboraldi hasiera izan ohi da eta hori da eskubaloiaren kasua ere. Txingudi Eskubaloi klubeko senior taldeko Mikel Bartolomek eta Maialen Unanuek denboraldiaurrea nolakoa izan den eta denboraldiko helburuak zeintzuk izango diren errepasatu dute.

Dagoeneko dena martxan duzue denboraldi berria hasteko?

Maialen: Jada hilabete luze daramagu entrenatzen, denboraldiaurrea prestatzen. Asteburu honetan lehen partidua izan dugu, jada dinamika berreskuratzen hasteko. Hurrengo asteburuan ere lagunarteko beste partidu bat izango dugu Urnietan. Ilusio handiarekin hasten dugu denboraldi berria. Dagoeneko 4 urte daramatzagu taldean, kluba aurrera doa. Orain neska senior asko gara eta lehiaketara oso enfokatuta gaude.

Mikel: Guk ere jada hilabete inguru daramagu entrenamenduekin. Aurreko asteburuan Beran egon gara, entrenamenduak prestatzen eta partiduak jokatzen, prestaketekin jarraitzeko. Uda ondoko itzuleraren ostean sentsazio oso onak izan ditugu.

“Beti gure onena ematen saiatuko gara ahalik eta partidu gehien irabazteko”

Maialen Unanue, Txingudi Eskubaloiko jokalari seniorra

Zer sentsazio izan duzue jokatutako lehen lagunarteko partiduetan?

Maialen: Azkenean denboraldia entrenamendu eta lagunarteko partiduez osatzen da, baina denak lehiaketara begira egiten ditugu. Gainera, aukera bikaina da gure lagunarteko harremanak sendotzeko eta talde sendoago bat sortzeko.

Mikel: Guk emaitza onak lortu ditugu, beraz, oso pozik gaude horrekin. Izan ere, lehengo urtea ez zen oso ona izan guretzat. Beraz, aurtengo hasiera ona izaten ari dela ikustea oso pozgarria da guretzat. Espero dugu denboraldi hasieran izandako sentsazio on hau denboraldi guztian zehar mantendu ahal izatea. Gure ustez garrantzitsua da hasiera on bat izatea.

Zein da zuen taldeetan denboraldi honetarako helburu nagusia?

Maialen: Aurretik aipatutakoaren harira, dagoeneko klubak 4 urte ditu. Oraindik klub gaztea bada ere, jada oinarri sendo bat duela esan daiteke. Klubaren zuzendaritzak eta baita entrenatzaileek ere gogor lan egin dute hori lortu ahal izateko. Urteetan zehar egindako lanketak bere emaitzak eman ditu eta orain lehiaketaren emaitzetan guztiz zentratuak gaude.

Mikel: Guk ere uste dugu aurten talde bezala sendotuagoak gaudela, eta beraz, kategoriaz igotzen saiatuko gara, sendotasun hori baliatuta.

Maialen: Gainera, aipatu nahiko genuke denboraldiaurrean zehar nesken senior taldean lesio nahiko larri bat izan dugula. Izan ere, Maria gure taldekide eta lagunak lotailu gurutzatua hautsi du. Hemendik jakinarazi nahiko genioke denboraldiko gure garaipen eta momentu polit guztiak bereak ere izango direla.

Lehen partidua noren aurka jokatuko duzue eta zer emaitza espero duzue?

Maialen: Gu hurrengo txapelketari begira jarri gara dagoeneko. Lagunarteko txapelketa bat bada ere, garrantzi handia du. Egia esan, berdin zaigu noren aurka hasiko dugun liga, helburua beti berdina izango delako. Beti gure onena ematen saiatuko gara ahalik eta partidu gehien irabazteko.

Mikel: Guk denboraldiko azken lagunartekoa Hondarribiko taldearen aurka jokatuko dugu. Urria hasierarekin jada liga hasiko dugu Donostian Egiaren aurka eta apur bat urduri gaude horregatik, beraiek ere, gu bezala, kategoriaz jaitsi direlako. Beraien aurka denboraldia nola hasten den ikusiko dugu, beraien aurka borrokatu beharko dugulako igoera lortzeko.

Seniorrez gain, zuen klubean kategoria baxuagoak daude, baina klubaren proiektuarentzat ere oso garrantzitsuak izango dira, noski.

Maialen: Hori da. Hasieran kluba senior kategoriako taldeekin bakarrik hasi zen eta ez da gutxi, ez baita erraza klub bat hasteko taldeak osatzea eta are gutxiago nesken kasuan. Hori lortzeko apustu oso indartsua egin zen klubean, baina nik uste oso emaitza onak ematen ari dela. Askotan beste klubak ikusten ditugunean inbidia ematen digute, neska txikiak ikusten baititugu jolasten eta guri ere gustatuko litzaiguke Txingudi Eskubaloia horrelako beste klub bat izatea. Hau da, harrobi indartsu bat izatea eta neskek eta mutilek txikitatik jokatzeko aukera izatea.

“Irabazten dugunean asko pozten gara, baina elkarren artean dugun laguntasunak benetan harrotasuna sentiarazten digula esan dezakegu”

Mikel Bartolome, Txingudi Eskubaloiko jokalari seniorra

Mikel: Maialenek esandakoarekin ados nago. Zaila da horrelako zerbait lortzea pil-pilean dagoen futbola bezalako kirol baten aurrean. Azkenean, zaletu asko ditu eta edonon ikus ditzakezu kirol horrekiko erreferentziak. Hala ere, pixkanaka klubera jende gehiago eta, bereziki, emakume gehiago hurbiltzen ari direla nabaritu dugu. Asko gustatzen zaigu klubean jende berria hastea.

Klubak atal inklusiboa ere badu, ezta?

Maialen: Esan beharra dago klubaren zuzendaritzatik ahalegin handia egiten dutela ahalik eta klub zabalena eta anizkunena izateko eta mundu guztiak bertan berarentzako tokia aurkitu dezan. Horregatik, senior jokalari askok egiten dituzte entrenamenduak talde inklusiboarekin, esaterako, Mikelek.

Mikel: Talde inklusiboko jokalariek beste taldeen aurka jokatzeaz gain, gure klubeko jokalarien aurka ere aritzen dira. Beraz, noizbehinka elkarrekin jolasteko elkartzen gara eta horrek erakutsi digu benetan ez dagoela oztoporik edonoren aurka jokatzeko, izan ere, klub bereko jokalariak izanda lasai asko aritu gaitezke batzuk besteen aurka.

Helburu orokorra beraz, denon artean familia handi bat osatzea da.

Maialen: Bai. Balioetan oinarritzen den kluba da, nahiz eta lehiaketa beti buruan eduki. Egungo emaitza orain arte hori lortzeko lan egin duten guztiei esker eskuratu da eta eskertuta gaude horri esker kirolaz disfrutatzeko aukera dugulako.

Mikel: Mutil zein nesken kasuan beti lehiatu eta irabazi nahian gabiltza, baina garrantzitsuena beti izango da gure artean ondo moldatzea eta giro ona izatea. Garrantzitsua da denok taldea babesleku moduan ulertzea, arazorik izatekotan bertan lasai hitz egin eta elkarren artean lagundu ahal izateko. Irabazten dugunean asko pozten gara, baina elkarren artean dugun laguntasunak benetan harrotasuna sentiarazten digula esan dezakegu.

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude