Txingudi Egaindar klubak eskubaloia haur, neska eta aniztasun funtzionala duten pertsonei hurbildu nahi die

Txingudi Egaindar eskubaloi klubak helburu berriak lortzen jarraitzen du. Klub irundarrak dagoeneko bi urteko ibilbidea egin du eta gero eta jende gehiago batu da beren kirol proiektuan parte hartzera. Pandemia garaian sortu arren, kluba haur, mutil, neska eta aniztasun funtzionala duten pertsonengana hurbiltzeko bidea topatzen ari da. Izaskun Larruskain Txingudi Egaindarreko lehendakari ohiak eta Mikel Carrascosa jokalari eta entrenatzaileak kluba zabaltzen jarraitzeko asmoaz hitz egin dute.

Pandemia garaian kirol klub bat zerotik abiarazteak ez du erraza izan behar, ezta?
Izaskun: Zuk esan duzun bezala, oso zaila. 2019-2020 denboraldian hasi ginen klubarekin, izugarrizko ilusioarekin, senior talde maskulino eta femenino banarekin hasi ginen. Eskubaloi eskola ere sortu genuen eta konfinamenduarekin batera hainbat proiektu bertan behera gelditu ziren: campusa, torneoa, haurren kluba… 2020-21ean asmo berdinarekin hasi ginen, eta mutil senior gehiago hurbildu zirenez senior taldea indartu eta klubaren helburuei eutsi genien. Aurten, behingoz, pandemiak haurren taldea aurrera ateratzen utzi digu eta, horretaz gain, jardunaldi inklusiboak ere antolatzen hasi gara.

Baloreak txiki txikitatik lantzea garrantzitsua da?
Mikel: Oso garrantzitsua da ume txikiak talde kirol batean hezitzea, balore asko barneratzen direlako. Txikitan hasi garenak, jokalari onenak izan ez arren, kirolari esker lagun asko egiteko aukera izan dugu eta hori da orain txikiei irakatsi nahi dieguna.

Garrantzi handia ematen diozue nahi duen edonork entrenatzailearen prestakuntza jaso ahal izateari?
Mikel: Bai, horretarako, zuzendaritza batzordeari jakinarazten diogu zeintzuk diren entrenatzaile izateko prestatu nahi duten neska-mutilak, eta prozesuari hasiera ematen diogu. Ikastaro bat bilatzen diegu eta, ondoren, klubean sartzen ditugu entrenatzaile erantsi gisa.

Izaskun: Hasieratik argi izan genuen zuzendaritza batzordeak jokalariengandik hurbil egon behar zuela eta jokalariek oso ondo baloratzen dute hori. Bertako jendearen prestakuntzak duen garrantziaz jabetu ginen eta jokalari dezente animatu ziren titulua ateratzera. Praktikak klubeko haurrekin egiten dituzte eta horrela, klubean jarduera gehiago antolatzeko aukera ere badugu.

Zuena Irungo emakumeen eskubaloi talde bakarra da. Nola lortu duzue?
Izaskun: Zuzendaritza Batzordea osatzen dugun kideok gure seme-alabek eskubaloiarekin oso lotura estua izan duten guraso talde bat gara eta zerbait berria sortzeko gogoak elkartu gintuen. Neska talde bat hurbildu zitzaigun jolastu nahi zutela esanez, eta beraien artean antolatu eta jokalari kopuru egokia bildu ondoren, gure klubera batzeko aukera eman genien. Aste gutxitan beste mutil talde bat hurbildu zitzaigun helburu berarekin. Nesken lehen urtea gogorra izan zen, oso gutxi baitziren, baina talde polita osatzea lortu zuten. Harrezkero, dena indartzen ari da, eta orain giroa oso ona dugu, beraz, jendea klubera batzera animatuko genuke.

Nesken taldea osatzeko zailtasunak izan zenituzten?
Izaskun: Orokorrean, arazo nagusia izan da neska gutxi animatzen direla eskubaloian jokatzera. Orain, neskak batez ere futbolean jolastea nahiago dutela ikusten ari gara. Neskak edozein kirol praktikatzera animatu behar dira. Gizartean, ordea, badirudi adin batetik aurrera neskek dantza bezalako bestelako jarduerak aukeratzen dituztela, nahiago dituztela. Kirolean emakume erreferenteak izatea oso garrantzitsua da, horrela neska gehiago animatuko baitira kirola egitera. Taldeko kirola izanda, eskubaloiak onura asko ditu.

Gainera, mugaz gaindiko jokalariak ere badauzkazue?
Izaskun: Bai, Irunen entrenatzen dugu, baina bai Hendaiako, Hondarribiko eta Nafarroako jokalariak dauzkagu. Irunen pistekin lotutako arazo handia dago, hirian ez baitago kirola egoki praktikatzeko instalazio nahikorik. Gazteluzar ikastetxeak bere instalakuntzak uzten dizkigu eta horri esker aurrera goaz.

Klubaren beste ardatza jardunaldi inklusiboen antolaketa da, ezta?
Izaskun: Nik hezkuntza premia berezietan lan egiten dut eta aniztasun funtzionala duen jendearekin hemen inguruan zer edo zer egiteko beharra ikusi nuen. Aurreratu elkartearekin harremanetan jarri ginen eta segituan horretarako beharra ikusten zutela erantzun ziguten. Aurreko urtean ezinezkoa izan zen eta aurten pixkanaka jardunaldiak antolatzen hastea erabaki genuen. Pandemiaren garai latzenean antolatu arren, taldera batzeko prestutasuna ikusi dugu. Euskal Herriko beste talde inklusiboekin harremanetan gaude eta prestakuntza egokia jasotzen lagunduko digute. Martxoaren 13an 10:30etatik 12:30etara beste jardunaldi egokitu bat egin genuen. Hurrengo denboraldian aniztasun funtzionala duen jendearekin talde bat osatu nahi dugu.

Zeintzuk dira zuen hurrengo erronkak?
Mikel: Gure asmoa da haurren taldeak indartzea, hau da, bi edo hiru talde lortzea, neskena zein mutilena. Horretaz gain, klubean talde inklusibo finko bat izan nahiko genuke, behintzat bat, eta hortik aurrera posible diren guztiak. Klub bat ezin da soilik senior talde bakarrarekin osatu, oso garrantzitsua iruditzen zaigu klubaren oinarria osatuko duten jokalariak edukitzea. Horrela, etorkizuneko jokalariak bermatuak egongo dira.

Izaskun: Eskola bat ere nahiko genuke. Izan ere, egoerak ahalbidetzen digun heinean, txikitatik gauzak lantzea beharrezkoa iruditzen zaigulako. Amets pila bat dugu. Niri ere Haur Hezkuntzako haurrekin zerbait egitea gustatuko litzaidake, aniztasun funtzionala dutenak barne, baina oinak lurrean izan behar ditugu eta dauzkagun baliabideekin egin behar dugu aurrera.

Elkarrizketa osoaren bideoa Txingudi Onlinen ikusgai.

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude