25 urteren ondoren Europako garaipenak Bidasoan utzitako zaporea

1995. urteko apirilaren 22an Elgorriaga Bidasoa taldeak denboraldi berean Liga irabazteaz gainera, Europako eskubaloi txapelketako titulua irabazi zuen. Lorpen bikoitz horri esker Bidasoaren izena goi-mailako eskubaloiaren munduan sartu zen, Europako kopa bat lortu zuen lehen talde euskalduna izan baitzen. Orain, 25 urte igaro ondoren, hiriak orduko jokalariek lortutako garaipena gogora ekarri eta lorpena etxetik ospatzeko modua topatu du, alarma-egoerak ezarritako neurriak errespetatuz.

Ligan lehen lorpena
1994/1995 urteen artean jokatutako denboraldi historikoan, apirilaren 9an lortu zuen Bidasoak denboraldiko lehen lorpen garrantzitsua. Izan ere, Ligako bigarren titulua lortu zuen Asobal Ligaren V. edizio hartan. Denboraldiko azken jardunaldiko partidu gehienak aurreko egunean jokatu ziren bitartean, apirilaren 9ko igandean ligako lehen 4 sailkatuen hurrenkera erabakitzeko azken bi partiduak jokatu ziren. Elgorriaga Bidasoak taldeak Teka Cantabria taldearen aurka indarrak neurtu zituen etxean, FC Barcelona eta Granollers taldeek jardunaldiko bigarren partidua jokatu zuten bitartean.

Elgorriaga Bidasoak 7 puntuetako aldearekin, zehazki 27-20 punturekin, lortu zuen V. Asobal Ligako titulua. Partidua amaitu bezain laster festa lehertu zen Artalekuko pistaren inguruan, ordu batzuk beranduago ospakizunekin jendez betetako San Juan plazan jarraitzeko. Denboraldiko partiduak eta urduritasunak, ordea, ez ziren egun horretan amaitu.

Europan nagusi
Apirilaren 17an Artalekun jokatutako Europako Kopako finaleko joaneko partiduan Elgorriaga Bidasoa taldeak 10 goleko aldearekin irabazi zuen Badel Zagreb taldea. Partidu historikoaz gozatzeko Artalekuko eserleku guztiak bete ziren, hitzordurako ipinitako harmaila osagarriak barne. Txema Olazabal golf-jokalari hondarribiarrak egin zuen partiduko ohorezko sakea eta Tomas Svensson jokalariak taldeko kapitain gisa etxean jokatutako azken partidua izan zen.

1995. urteko Europako finaleko azken partidua apirilaren 22an jokatu zen Zagreben. Partidua “Dom Sportova” izeneko izotz-jauregian jokatu zen, hitzordurako egokitutako pistan batean, 12.000 ikusleren aurrean eta aurreko bi urteetan Europako txapeldun izan zen taldearen aurka. Itzulerako partiduaren amaieran Badel 1862 Zagreb taldeak 27 puntu eta Elgorriaga Bidasoak 26 puntu lortu arren, aurkariak ez zuen lortu talde irundarrak joaneko partiduan lortutako tartea berdintzea eta Elgorriaga Bidasoak 1995. urteko Europako garaile titulua lortu zuen. Partiduaren amaieran sortutako istilu eta estadioko ikusleak aterarazi ostean, Svensson kapitainak jaso zuen kopa taldekide bezala jokatu zuen azken partiduaren ostean eta zaletuen txalo zaparrada amaigabeen artean.

Iraungitze-datarik gabeko harrotasuna
Azkenean, 25 urte lehenago lortutako Europako titulua aurreko hilabeteetan antolatu bezala ospatzea ezinezkoa izan bada ere, irundarrek lorpen historikoa etxetik atera gabe gogoratzeko modua topatu dute. Gurutz Aginagalde Bidasoako presidenteak klubeko zaletuei zuzendutako gutuna argitaratu du webgunean Europako lorpenaren 25. urteurrenaren harira. Bertan, 1995. urtean zehar Elgorriaga Bidasoako klubak egindako lana goraipatzeaz gainera, egun hauetan zehar Covid-19ak eragindako egoeraren aurrean klubaren babesa eta animoak helarazi dizkie jarraitzaileei. “Egoera hau gainditzen dugunean elkarrekin behar bezala ospatuko dugu”, azpimarratu du Gurutz Aginagalde presidenteak gutuneko azken lerroetan.

“Egoera hau gainditzen dugunean elkarrekin behar bezala ospatuko dugu”
Gurutz Aginagalde, Bidasoa Irun klubeko presidentea

Horrela, konfinamendua errespetatuz, irundarrek lorpen historikoa ospatzeko aukera izan dute azken egunetan zehar. Hiriko leiho eta balkoiak Bidasoa taldearen koloreetako kamiseta, pankarta, bufanda eta posterrekin apaindu zituzten irundarrek garaipenaren urteurrena etxetik ospatzeko. Gainera, finaleko partiduak etxetik gogora ekartzeko aukera izan zuten zaletuak, partiduak YouTuben ikusi eta sare sozialen bitartez komentatzeko aukera izan baitzuten.

Gainera, Reflejo Pilomotor ekoizle irundarrak Elgorriaga Bidasoak duela 25 urte lortutakoa laburbiltzeko bideo berezia prestatu zuen eta Bidassoa Basque Breweryk sortutako “Zagreb” garagardoarekin garaipenengatik topa egiteko aukera izan zuten irundarrek. Azkenik, sare sozialen bitartez talde irundarrarekin lotutako irudi, bideo eta oroitzapenak partekatzeko ekimena martxan jarri zen, Trivial Bidasotarraren bitartez klubaren inguruko ezagutzak neurtzeko erronka proposatu zen eta beste hainbat egitasmo abiatu ziren. Era honetan, Europako tituluarekin lotutako lehen ospakizunak egin ziren, laster egoerak hobera egin eta lorpena behar bezala ospatzeko aukera emango duelakoan.

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude