Santiagotarrak Kirol Elkarteko Ander Elosegi, Klara Olazabal eta Joan Crespo kirolariek emaitza bikainak lortu dituzte Eslalomeko Munduko Txapelketan: 5 domina eta 5. postu bat. Gainera, Seu d´Urgeleko kanalean Ander Elosegi kirolari irundarrak 2020 urteko Tokioko Joko Olinpikoetan parte hartzeko pase zuzena lortu du C1 gizonezkoetan zilarrezko domina bereganatu ostean.
Nola aurkitzen zara mundialeko lorpenen ostean?
Egia esan, oso ondo. Oso pozik nago lortutako emaitzak onak izan direlako eta, gainera, Tokiorako txartela lortu dudalako. Beraz, txapelketa perfektua izan dela esan dezaket.
Hasieratik mundialean emaitza onak lortzeko aukera zenuela ikusi zenuen?
Aurretik banekien momentu on batean aurkitzen nintzela. Sentsazio positiboak nituen eta nire mailan egon ezkero emaitza onak lortzeko aukerak izango nuela ikusten nuen. Pozik nago finaleko jeitsira ondo egitea lortu nuelako eta, azkenean, zilarrezko domina lortu nuelako.
Urduritasunen artean, txapelketaz disfrutatzeko aukera izan zenuen?
Final-erdiko jeitsieran akatsen bat egin nuenez, helburua akats horiek konpontzen saiatzea zen gainontzekoa mantentzeaz gainera. Jeitsieran nire burua indartsu ikusi nuen eta oso jeitsiera ona egitea lortu nuen. Dena aurreikusi bezala atera zen eta disfrutatzeko aukera izan nuen.
Zilarrezko dominaz gainera, olinpiadetarako pasea lortu duzu ere?
Txapelketa berezia izan da, mundialaz gainera, Tokiorako txartela jokoan zegoelako. Helburuetako bat hori zen, finalerdian jeitsiera on bat egitea txartela lortzeko eta, behin finalean egonda, domina lortzeko borrokatzea. Bi helburuak bete ziren azkenean eta txapelketa perfektua izan zen bi sariak lortu izanagatik.
“Nire burua ondo ikusten dut, baina, zaila da aurreikuspenak egitea”
Etxekoen berotasuna iritsi zitzaizun?
Bai, L´Seu de Urgel-eko kanala oso kanal ezaguna da guretzat, ondo moldatzen gara bertan eta abantaila txiki hori ondo aprobetxatu genuen. Gainera, Irungo jende asko animatzera etorri zen. Jaisten zaren bitartean animoak bereiztea zaila den arren, badakizu jendea hor dagoela eta horrek asko laguntzen du.
Lorpenen ostean ospatu eta deskantsatzeko tartea izan duzu?
Etxean astebete daramat eta Tokiorako maleta prestatzen hasi naiz jada, izan ere, urriaren 11ean Tokiora goaz, beraz, ospakizunetarako tarte gutxi izan dut.
Noiz hasiko zarete Tokioko Olinpiadak prestatzeko entrenamenduekin?
Laster hasiko gara. Mundialeko etapa itxi ostean, txartela eskuetan dudala, hurrengo helburua Tokioko mundiala oso ondo prestatzea izango da. Prentakuntza Tokiora egingo dugun lehen bidaia honekin hasiko da.
Olinpiadak prestatzeko entrenamenduak oso ezberdinak dira?
Ez, entrenamenduak nahiko antzekoak dira. Helburua Tokioko kanala ondo ezagutzea da, ur mugimenduak kontrolatzeko. Tokion ahalik eta gehien entrenatzen saiatuko gara. Bestetik, prestakuntzari dagokionez, ahal dena hobetzen saiatuko naiz.
“Aurreko bizipenak honelako erronken aurrean nola erantzun jakiteko lagungarriak dira”
Olinpiadetara begira aurreikuspenen bat egitera ausartuko zinateke?
Nire burua ondo ikusten dut, baina, zaila da aurreikuspenak egitea. Aurreko emaitzak hobetzeko aukera ikusten dudalako entrenatzen ari naiz eta helburua beti domina lortzea izango da, zaila izan badaiteke ere, aukera hor dago eta.
Ez dira zure lehen olinpiadak, beraz, esperientzia lagungarria izango zaizu?
Bai, aurreko bizipenak honelako erronken aurrean nola erantzun jakiteko lagungarriak dira. Esperientzia badut eta asko lagunduko nauela uste dut, nahiz eta Olinpiada bakoitza ezberdina izan. Tokioko kultura oso ezberdina da, beraz, bidaiak hara joan eta bertan dagoen giroa ezagutzeko aprobetxatu nahi ditugu emaitza hoberenak lortu ahal izateko.
Elkarrizketaren bideo osoa Txingudi Onlinen ikusgai dago.