Gurutz Aginagalde, Bidasoa Irun klubeko presidentea: “Erritmoa mantentzea izango da denboraldiko bigarren itzuliko helburua”

Argazkia: Arrate Morales

Bidasoa Irun taldeak 13 garaipen lortu ditu denboraldiaren lehen zatian jokatutako 17 partiduen artean. Bartzelonako taldearen aurka jokatutako azken partiduan urtea garaipenarekin amaitzea ezinezkoa izan bazen ere, jokalari bidasotarrek Gabonetan deskantsatu eta indarrak berritzeko aukera izango dute. Gurutz Aginagalde klubeko lehendakariak bigarren itzuliko erronkak errepasatu ditu.

Denboraldiaren lehen zatian garaipenarekin amaitzea ezinezkoa izan da azkenean?
Bai, talde bakoitza momentu diferente batean dagoela esango nuke. Bidasoari denboraldiaren lehen zatia luzea egin zaiola esango nuke. Oso ondo hasi ginen baina azkeneko partiduetara apur bat nekatuta iritsi garela esango nuke. Aldiz, Bartzelona urteko punturik onenean harrapatu dugu, hau da, “Final Four”-a jokatu aurretik. Hortaz, fisikoki taldea egokien behar duten momentuan topatu ditugu.

Orokorrean, zein balorazio egiten duzu denboraldiaren lehen zatiaz?
Oso positiboa izan dela esango nuke. 13 garaipen lortu ditugu eta soilik 4 partidu galdu ditugu, beraz, benetan pozik egoteko balantzea dela esango nuke. Bigarren itzulian antzeko ibiliz gero, sailkapeneko goiko postuetara iritsiko gara ziur.

Nola egokitzen ari da taldea pandemiak eragindako ezustekoetara?
Ahal den moduan. Denboraldia hasi eta gelditu ibili beharra ez da egokiena kirolarientzat erritmoa hartzeko, baina, ahal duten bezala egokitzen ari dira. Denboraldi hasieran lehen itzulian 17 partiduak jokatzeko gai izango ginela esan baligute, ez genuke sinetsiko hainbeste gertaera eta kasu positiboen artean. Zoriontzekoa da, batetik, haien profesionaltasuna eta, bestetik, taldekideen artean ez dela inolako kutsadurarik gertatu.

Lortutako garaipenen portzentajeak, lehen zatiko laburpen egokia egiten du?
Bai, oso datu esanguratsua da, batez ere, garaipen asko leku eta momentu zailetan lortu ditugulako, adibidez, Logroñon edo Iruñean. Partidu zailak aurrera atera ditugunez, balantzea oso positiboa da.

94/95 denboraldiko segidako garaipenen lorpena berdintzea ere lortu duzue?
Bai, urrezko garaileek lortutako emaitzak berdintzera iritsi garela esan nahi du horrek. Bartzelonarekin tituluengatik borrokatzea zailagoa da, baina, behintzat taldea sailkapenaren goiko mailan ibiltzeko gai dela erakusten ari da.

Asobal Kopa jokatzeko pasea lortu izanak lasaitasuna ematen dizue?
Asobal Kopa eta Errege Kopa jokatzeko sailkatu gara, hortaz, bigarren itzulian pandemiak bi kopak jokatzeko aukera ematea espero dugu. Tituluak lortu eta talde onenen aurka berriro jokatzeko aukerak izango dugu. Gainera, aukera hau dugun lehen aldia ez denez, taldeak izandako bilakaera egokiaren erakusle dira.

Urteroko hitzorduei kale egin gabe, minbiziaren aurkako borroka laguntzeko aukera topatu duzue?
Bai, atzeratutako Barçaren kontrako partiduan Bularreko Minbiziaren Aurkako Egunaren harira dirua biltzeko asmoa genuen eta horrela egin dugu. Aurreko urtean zaletuak ekimenaren parte izan ziren, baina, oraingoan ordea jokalariak arrosa koloreko kamisetekin janztea bururatu zitzaigun, ondoren, kamisetak enkantean jar- tzeko. Jendeari asko gustatu zaio kamiseta arrosa, nahiz eta Bidasoak betidanik kolore urdin edo horiz jokatu duen. Kamisetei esker bildutako diru guztia Gipuzkoako Minbiziaren Aurkako Elkarteari eman zaio %100ean.

Gabonetan zaletuengana hurbiltzeko San Juan plazan denda ireki duzue?
Erregeen eguna pasa arte hor egongo gara eta horrelako erabaki bat hartzea beharrezkoa zela uste dut. Izan ere, aurreko urtean Artalekun partiduen egunetan klubarekin loturiko materiala saldu ohi genuen, baina, aurten publikoa partiduetara etorri ezin denez, zaletuengana hurbildu eta gauzak erosteko aukera hau ematea garrantzitsua zela uste dut. Gauzak erritmo politean sal- tzen ari dira, hain zuzen ere, jada zenbat gauza agortu egin direlako eta hori seinale ona da.

Julen nebaren itzulerarekin, pertsonalki urte berezia izan da zuretzat?
Nebaren itzulera garrantzitsua izan da bai bazkide, klubeko lehendakari edo neba bezala. Eskubaloi munduko jokalari erreferente gisa eta bere itzulerarekin pozik gaude.

Eguberrietako atsedenaldiaren ostean, noiz itzuliko da taldea lanera?
Erregeak pasa bezain laster lanean hasiko gara berriro eta aurtengo mundiala zein jokalarik jokatuko duten ikusiko dugu orduan, bigarren itzulia prestatzen duten bitartean.

Zeintzuk dira denboraldiko bigarren zatiko helburuak?
Erritmoa mantentzea izango da denboraldiko bigarren itzuliko helburua. Bigarren itzulia lehengo zatia bezala egitea lortzen badugu, goian egotea lortuko dugu. Gainera, bazkideak Artalekura itzuli ahal izatea eta harrobia berriro lanean hasteko aukera izatea nahiko genuke, lehenbailehen normaltasunera hurbiltzen hasteko.

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude