Iritzia. Yurre Ugarte. Dendariaren kontuak

0233-0112_bauernhochzeitAuzoan, bi denda itxi dituzte denbora gutxian. Batak jubilazioagatik amaitu du. Auzoko betiko denda zen; baserritar jatorriko pertsonak gaztea zenean kalean ireki zuen denda. Bizitza eman du mostradorearen atzean lanean, sei seme-alabaz erditu eta haiek hazi eta heztearekin batera. Irungo baratzetako barazkiak zeuden salgai, kanpoko fruitu eta barazkiekin eta Bidasoko Erlezainen ezti-poteen artean. Ardi-esnea ez ezik, behi esne jetzi berria saltzen zuela deskubritu genuen pozarren, aspaldi auzora bizitzera etorri ginenean. Apalategiak lepo beteta zeuden askotariko elikagai, garbigai eta supermerkatu handietan aurki daitezkeen produktuez. Usainen nahasketa bizia sumatzen zen. Umeekin joanez gero, sugusak oparitzen zizkien saltokia genuen, nostalgia nabarmenki eragin zezakeen horietarikoa. Berriki itxi duten beste denda zuen ondo-ondoan. Produktu ekologikoen denda bat, jende gazteak duela hiru urte eskas irekitakoa. Baita ausardiaz ireki ere, esan beharko da. Jatorri biologikoa duten fruitu eta barazkiak, eta ofizialki “eko” aurrizkia daramaten produktuak saltzen zituen eko/belar denda bat, zuria, handia eta itxura batean, etorkizun oparokoa. Alabaina, erdialdeko auzo batean kokatua egoteak bigarren dendari bezero andana erakartzen bazizkion ere, ez dio mesederik egin. Hilero errenta garestia ordaindu behar izanak krisi garaiak are kritikoagoak bihurtu baitizkio. Aldiz, auzoko betiko dendak, urteetan zehar aldeko izan zuen aspaldiko errentak babesten zituen legea.
Ipuin klasikoetako pertsonaia bat balitz bezala, dendari hasiberriak etxabearen jabearengana jo zuen “babes” bila, errenta merkatzeko eskean. Izan ere,
etxabearen jabea, hiriko etxebizitza ugariren jabea baita, hainbat solairutako eraikinak eta etxabeak soberan dauzkana. Baina, ez: alokairuaren prezioa jaitsi beharrean nahiago dut zu kalera joatea… Izan zen jabearen erantzuna, marrazki bizidun klasikoetako Osaba Gilitoren estiloan. Txinoren bati alokatuko dio laster etxabea, edota multinazional bati, edota banku bati… Edo hutsik lagako du, inorentzat: esan nahi baita, bere-beretzat, ni-neu-neroni-nirea-niretzat-niregatik. Eraikin, etxe eta etxabe hutsen aberastasun hutsalaren jabea(k). Legeak babestuta, aurreko (bi) mendeetan bezala bizitzen jarraitu nahi dutenen aberastasuna.
Bete-betean bizi dugun XXI. mendeko ipuinaren haserako hamarraldi hauek igaro ostean, imajina dezakegu beharrezko ezustekoak aurkituko ditugula istorioak aurrera egin ahala, betiere auzoko bizitzaren alaitasunaren mesedetan, munduko jabe zuhurregien kaltetan.

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude