Mintzalaguna egitasmoa: euskaraz egin konpainia onean

Euskara ikasteko ahalegina egin ondoren askok ez dute
norekin hitz egin. Mintzalaguna egitasmoak aukera
ezin hobea eskaintzen du euskara ihar ez dadin. Taldean kafe bat hartzen, paseo bat ematen den bitartean, edo mahai baten inguruan; berdin dio nola, axola duena mintzatzea da. Ikasturte honetan partaide kopuruak gora egin du: 13 talde osatu dira eta, bakoitza bere mintzalagunaren gidaritzapean, denera 76 mintzakide aritzen dira hitz eta pitz.

mintzalaguna05879

Mintzalaguna egitasmoaren kudeaketa zuzena Irungo Udal Euskaltegiak egiten du eta hiriko euskaltegi guztiek kolaboratzen dute. “Euskaraz mintzatzeko aukera ematea eta euskaldunak topatzea helburu nagusiak dira”, azaldu du Jaione Campo Euskaltegiko zuzendariak. Horretarako taldeak osatzen dira, partaideen ordutegi aukerak ardatz hartuta, eta mintzalagun baten gidaritzapean berriketan dihardute. Talde bakoitzak erabakitzen du non bildu eta zenbat denboraz. Gehienek astean behin ordubeteko saioak egin ohi dituzte. Jaione Camporen esanetan, “partaide askok diote taldetik kanpo ere zabaltzen dutela euskaraz bizitzeko aukera”. Hori horrela, lotsak astindu eta komunikazio tresna gisa baliatzera deliberatzen dira hainbat lagun.
Euskara ikasle ohientzat, alfabetatu gabekoentzat edo ez mintzatzearen poderioz gal-tzeko zorian daudenentzat ere aukera guztiz aproposa da. “Mintzakideen (ikasleen) perfila oso zabala da: langileak, euskara ikasleak… Adin tarteari dagokionez, badira 20 urteko gazteak eta 80 baino gehiago dituztenak ere! Badira urteak biltzen daramatzaten talde batzuk”.

Makilajekoa-WA0000
Jarduera programa
Asteroko hitzorduaren osagarri, Udal Euskaltegiak jarduera programa antolatzen du, parte-hartzea doakoa izaki. Hilabetean behin ekin-tzaren bat eskaintzea da jomuga. Aurten ipuin kontalari saio bat prestatu da, lau tailer -makilajea, areto dantzak, eta ukenduak eta kremak nola egin- eta mendizale talde bat eratu da. Ikasturtea borobil-tzeko, ekainean Mintzalaguna egitasmoan parte hartu duten guztiei zuzendutako bazkari bat egingo da.
Emaitzak
“Emaitzak oso onak izan dira. Oso gustura dabiltza”, dio zuzendariak. Halaxe islatu dute kideek berriki luzatu zaien inkesta batean. Kopuruei dagokienez, iaz baino 17 mintzakide eta 5 mintzalagun gehiago izan dira.

“Oso gustura aritzen gara berriketan”

Miren Olaskoaga goi urrats bateko ikaslea da Udal Euskaltegian eta, aldi berean, ikasturte honetan estreinakoz, mintzalagun dihardu. “Larunbatero hitzordua dugu Gaztelumendi tabernan ordu eta erdiz. Oso gustura aritzen gara berriketan”. Mintzakideek euren egunerokoan euskaraz hitz egiterik ez, eta honi esker taldetik kanpo ere harremanak dituzte. “Bai, lagunak ere egin gara!”.
“Saioetarako ez dugu ezer prestatu beharrik; nahi duguna kontatzen dugu, eta ez pentsa hizpiderik falta zaigunik”, dio Mirenek pozarren. “Programa hau oso ideia ona da. Jendea animatu nahi dut heldu den urtean parte har dezan, merezi du eta”.

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude