Ekintza ezberdinez beteriko udara Caser Residencialen

Udara honetan Caser Residencialek Anakan zein Betharramen dauzkan egoitzetan era guztietako ekintzak antolatu dituzte. Eguneko zentroetako erabiltzaileek eta egoiliarrek Betharram zentroan antolatutako paella-jatean, Anakako egoitzaren terraza berrituaren inaugurazioan, erakusketa eta tailer desberdinetan parte hartu ahal izan dute udako hilabeteetan zehar.

Zentroaren barnean antolaturiko ekintzez gain, hondartzara irteerak egin dituzte. “Oztoporik gabeko bainuak” izeneko programaren barnean, Betharram eta Anaka zentroetako erabiltzaileek Hondarribiko hondartzan bainu bat hartzeko aukera izan dute. Udako hilabeteetan zehar astean bi irteera antolatzen dira, egoitzetako erabiltzaile ezberdinak txandakatuz.

Udako ekintzen zerrenda luzearekin amaitzeko, Caser Residencial Betharramen Ama Guadalupeko jaiak ospatuko dituzte. Hondarribiko jaiak ospatzeko, egoitzaren instalazioak zuri, gorri eta beltzez apaindu dituzte egoiliarrek Elaia Rodrigo animatzaileak antolaturiko tailerretan egindako eskulan eta apaingarriekin.

Kantinera hautaketan bi hautagai aurkeztu ostean, Garbiñe Elorza izango da aurtengo kantinera. Jai giroan sartzeko, alderdien aldarrikapena, alardearen entsegu nagusia eta 2017 urteko alardearen argazkien erakusketa antolatu dituzte. Gainera, Mendelu konpainiak egoitzara hurbilduko da, egoiliarrekin batera, egoitzaren instalazioen inguruan desfilatzeko. Irailaren 8an alardearen zuzenean telebistan ikusteko aukera izango dute egoiliarrek egun osoan zehar. Azkenik, irailaren 10ean, egoiliarrak Hondarribian egiten den adinekoen omenezko bazkarira gonbidaturik daude.

 

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude