Esperientzia ahaztezinak elkartrukatzen

“Youth for Leadership” izeneko elkartrukean parte hartu du udara honetan Iciar Iguiñizek

Greziako Salónica (Thessaloniki) hirian uztailaren 5etik abuztuaren 5era egin den elkartrukean kultura ezberdinak ezagutzeko aukera izan du beste bost gazte irundarrekin batera.

Nola izan zenuen elkartruke programa honen berri?
Lagun batek eman zidan elkartrukearen berri, joan den urtean bere ahizpak parte hartu zuelako. Kartela ikusi ostean, Igazteren webgunean sartu nintzen informazio guztia irakurtzeko.

Elkartrukea Grezian egitea zen aukera bakarra?
Elkartruke ugari eskaintzen ziren webgunean, baina, adinarengatik, Greziakoa zen niretzat aukera bakarra.

Nola laburbilduko zenuke esperientzia?
Oso esperientzia aberasgarria eta dibertigarria izan da aldi berean. Beste herrialdeetako gazteekin batera bizi eta kultura ezberdinetatik ikasteko aukera izan dugu.

“Aurreiritziak baztertuz gero, beste kultura batzuk ezagutzeko aukera daukazu”

Zenbat denbora egon zineten bertan?
Elkartrukeak 11 eguneko iraupena izan zuen. Irungo taldekoek, ordea, gau bat pasa genuen Atenasen hiriburua ezagutzeko eta abuztuaren 7an itzuli ginen etxera.

Zein beste herrialdeetako gazteak ezagutu dituzue?
Beste bost herrialdeetako gazteekin elkartu ginen: Bulgaria, Errumania, Mazedonia, Hungaria eta Grezia.

Etorkizunean beste elkartruke baten parte hartzea gustatuko litzaizuke?
Esperientzia ikaragarria izan denez, data egokiak eta gai interesgarriak lantzen dituen elkartruke bat topatuko banu, errepikatzea gustatuko litzaidake. Gainera, beste herrialdeetako gazteekin hitz egin ostean, Europar Batasunak uste baino elkartruke gehiago eskaintzen dituela jakin dugu.

Zeintzuk izan dira landu dituzuen gaiak?
Lehen egunetan giza-eskubideekin eta ijitoen kulturarekin loturiko ekintzak egin genituen batez ere. Gainontzeko egunetan, antzerkia, zinea eta argazkilaritzarekin loturiko tailerrak izan genituen. Ekintzak beti oso dinamikoak izan dira, jolas askorekin.

“Oso esperientzia aberasgarria eta dibertigarria izan da aldi berean”

Zer ikasten da horrelako elkartrukeetan parte hartuz gero?
Elkartruke motaren arabera gauza desberdinak ikasten dira. Batez ere, aurreiritziak baztertuz gero beste kultura batzuk ezagutzeko aukera dauakzu, beste herrialdeetako bizi-estiloak nolakoak diren ikasiz. Nire kasuan, arreta deitu dit Europako beste herrialdeetako gazteek nolako pentsaera kontserbadoreak mantentzen dituztela ikusteak arreta deitu dit eta asko hausnartu dut horren inguruan.

Zer da gehien gustatu zaizuna?
Jende asko ezagutzeko aukera izan dugu eta lagun berri asko egin ditut.

Gazteei horrelako esperientzietan parte hartzea gomendatuko zenieke?
Bai, zalantzarik gabe.

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude