Irunen kulturaz beterik dator urteko lehen hiruhilekoa

2021. urtearen hasierarekin Irungo Udaleko Kultur arloak urteko lehen hiruhilekoan agenda kulturala osatuko duten ekitaldien berri eman du. Urtarrila, otsaila eta martxoa kulturaz beteko dituzten ekintzen artean, urtero antolatu ohi diren ekintzentzako tartea egongo da.

Juncal Eizaguirre Kultur ordezkariak azpimarratu bezala, unean uneko egoerak baldintzatuko du datozen hilabeteetan hiriko kultur ekitaldien garapena. Kultur ordezkariak ziurtatu duenez, orain arte egin den moduan, segurtasun neurri guztiak errespetatuko dira hirian antolatuko diren ekintzetan. Juncal Eizaguirrek adierazi duenez, “edonola ere, kulturak Irunen zutik jarraitzea nahi dugu”. Kalitatezko programazioa eskaintzeko apustua berresteaz gainera, udaletik bertako artisten talentua laguntzen jarraitu nahi da.

Ildo horretatik, Juncal Eizaguirrek baieztatu duenez, inguruko artistek parte hartuko duten ekitaldi guztiek Kultura km0 etiketa eramango dute. “Orain arte, ohikoa zen hiriko profesionalekin lan egitea, baina ikusgaitasun handiagoa eman nahi diogu kolektiboari, eta marka hau sortu dugu, joan den urtearen bukaeran martxan jarri genuen programaren ildotik, une zail hauetan sektorea babesteko”.Amaia Kultur Zentroa izango da programazioaren egoitza nagusietako bat. Segurtasun distantzia bermatze aldera, aretoko edukiera murriztuta egongo da. Urte hasieratik, Eguberrietako kanpainaren barruan garrantzi handia duten hitzorduak antolatu dira auditoriumean, hala nola, Luis Mariano Lirika Elkartearen Urteberri eguneko kontzertua eta Txabi Franquesa bakarrizketariaren emanaldia. Musika, antzerkia eta zinea izango dira datozen egunetako kultur agendaren ildo nagusiak.

Musika
Ricardo Requejo ganbera zikloko kontzertuak izango dira urteko lehen musika ekitaldi aipagarriak. Kamerata Oissok hasiera emango dio ganbera musika programaren laugarren edizioari, Mikel Zunzundegi txelo jotzaileak urtarrilaren 17an eskainiko duen kontzertuarekin. Ganbera zikloak zenbait hilabeteetako iraupena izango du, urtean zehar hirira maila goreneko musikarien agertoki bilakatzeko. emanaldien protagonistak musika hirian ikasten hasi ziren eta orain nazioarteko orkestretan lan egiten duten edo Irundik kanpoko ikastegietan irakasle diharduten irundar eta hondarribiarrak izango dira beti.

Horrela, orain arte baieztatutako hitzorduen artean, otsailaren 21ean, Iñaki Diéguez irundar akordeoilariak kontzertua eskainiko du eta martxoaren 14an Iker Martin eta Belén Sierraren eskutik saxo eta piano kontzertu bat izango da. Zikloaren sorreran bultzatzailea Irungo Udala izan zen, ekimena sustatu zuten hainbat artistekin batera, proiektuaren alma materra izan zen Ricardo Requejo irundar pianistaren omenez ganbera musika ziklo bat sortzeko. Ricardo Requjo musikariak Irungo Urrezko Domina jaso zuen eta 2018 bukaeran hil zen.

Aurreikusten diren gainontzeko emanaldien artean, EIA trío hirukoteak urtarrilaren 22an Oiasso Erromatar Museoan emango duen kontzertua aipatzeko da. Esther Sánchezek, Itziar Navarrok eta Isabel Martínek osatutako taldeak eskarmentu handi du, haien errepertorio gehiena cappella abesten dute eta. Iberiar penintsulako musika herrikoien inguruko landa lanetan oinarritzen dira eta, aldi berean, konposizioari eta beren moldaketentzako tartea uzten dute. Hurrengo egunean, hilak 23, Joseba Irazoki izango da Amaia Kultru Zentroko eszenatokian, “Joseba Irazoki eta lagunak + Pelo Momo” ikuskizunarekin, Bloody Mary dendaren 30. urteurrenaren esparruan. Otsailean, berriz, 18an, Ruper Ordorika kantautorea etorriko da Irunera, eta, 28an, Olatz Salvador donostiarra, bere taldearekin.

Antzerkia eta dantza
Antzerki denboraldia urtarrilaren 16an hasiko da, Intocables obrarekin, Ados Teatroaren eskutik, eta, urtarrilaren 30ean, Pirritx, Porrotx eta Marimotots izango dira Amaia KZko auditoriumean, euskaraz, Amaren intxaurrak ikuskizunarekin. Otsailean, berriz, Yllana konpainiak Maestrissimo obra aurkeztuko du, ganbera kontzertuaren eta komedia satirikoaren arteko erdibideko ikuskizun bat. Otsailaren 20an, Marie de Jong konpainiak Ikimilikiliklik euskarazko lana ekarriko du Amaiara eta, 25ean, Tanttaka Taldeak Utzi mezua seinalearen ondoren obra emango du. Bestalde, dantzaren alorrean, martxoaren 6an, Amaia Kultur Zentroan Dantzaz Konpainiak “BAT: tres piezas” lana eskainiko du. Martxoaren 27an, Adaxka Dantza Taldeak dantza emanaldia eskainiko du. Azkenik, martxoaren 13an, antzerkia izango da berriro: Oymyakon. Habitación 101 obra.

Zinearen alorrean, DokuIrun izango da protagonista, Amaia Kultur Zentroan ematen den dokumental zikloa. Emanaldien aurretik, aukeratzen diren filmen protagonisten aurkezpenak izaten dira beti, eta, edizio honetarako, zeina bigarrena izango den, bi egun eta dokumental zehaztu dira: urtarrilaren 15erako, “2 urte, 4 hilabete eta egun bat”, eta, urtarrilaren 29rako, El Drogas. Bestalde, “Zure abenturaren bila” zikloak, zeina hitzaldi aretoan egiten diren formatu txikiko saioek osatzen duten, 2021ean ere mundu osoko bidaia eta esperientzia bereziei buruzko emanaldiak ekarriko ditu, protagonistek aurkeztuta.

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude