Igandeetarako aisialdia eskaintzen du Irungo Gaztediak

Hogei neska-mutil inguru biltzen dira igande arratsaldeetan, Dunboa ikastetxean

Luzeak izan ohi dira igande arratsaldeak 16 urtera arteko gaztetxoentzat. Aspergarriak ere bai. “Zer egin dezakete Irunen, igande arratsalde batean, San Juan plazan edo Zabaltzan litxarreriak jateaz gainera?”, galdetu du Manu Gonzalezek. Berak ere bizi izan du egoera hori. Gaur egun, Irungo Gaztedia aisialdi taldeko begiralea da. 11 eta 16 urte arteko gaztetxoei aisialdirako beste aukera bat eskaintzeko sortu zuten taldea, duela sei urte. Igande arratsaldeetan biltzen dira, Dunboa ikastetxean. Nerabeen babeserako zerbitzua eskaintzen duen Gaztedi elkartearen adarra da, Irunen.

Raul Giralde Irungo Udal Udalekuetako koordinatzaileak bultzatu zituen, udalekuetan aritutako zenbait gazte, aisialdi talde bat martxan jartzera. “Berak ezagutzen zituen halako ekimenak, beste herrietan”, argitu du Itsaso de Gregorio begiraleak. Gogoz hartu zuten proposamena, baita aurrera eraman ere. Gaur egun bederatzi monitore dabiltza lanean, zuzendaria barne. Igandero, 15-20 neska-mutil biltzen dituzte Dunboa ikastetxean, 16:30etatik 18:30etara. “Aisialdia oso lotua egoten da udarako udalekuekin. Baina urtean zehar ekintza gehiago eskaintzea zen gure asmoa”, azaldu du de Gregoriok. Nabarmendu du, era barean, ekintza guztietako hizkuntza nagusia euskara izaten dela: “Batek batek ulertzen ez baldin badu, gaztelaniaz azaltzen diogu, baina bestela, euskara da hizkuntza nagusia”.

“Jolasak eta dinamikak adinaren arabera moldatzen ditugu”

Manu Gonzalez, begiralea

 

Adinen arabera banatzen dituzte neska-mutilak, orokorrean. 11-13 urte arteko multzo bat egiten dute, eta 13-16koen beste bat. “Jolasak eta dinamikak adinaren arabera moldatzen ditugu”, aipatu du Manu Gonzalezek. Hilean behin, jarduera handiago bat egiten dute: izotz patinajea, paintball-a, kart-ak etab. Martxoan elkarbizitza asteburu bat ere egingo dute, Urnietan. “Ekintza horietara denak batera joaten gara, eta polita da ikustea zeinen ona den harremana”. Izan ere, normalean, kuadrillatxoetan hurbiltzen dira gazteak. Irungo Gaztedian, ordea, talde handi bat osatzen dute denek. Bakarka iritsi denik ere bada, eta begiraleek azpimarratu dute harrera oso ona izan dela beti.

“Aberasgarria izaten da neska-mutil batzuen bilakaera ikustea”

Itsaso de Gregorio, begiralea

Errespetua da Irungo Gaztedia taldeko oinarri nagusia. “Ez dagoenean, esku hartzen dugu”, baieztatu du Itsaso de Gregoriok: “Baina orokorrean, giroa oso-oso ona izaten da. Monitoreen artean ere bai”. Gaztetxoen jarraipen bat egiten dute, saio bakoitzeko agiriekin. “Aberasgarria izaten da neska-mutil batzuen bilakaera ikustea”, adierazi du de Gregoriok. Ados dago Manu Gonzalez. Erantsi du, neska-mutil gehienek urtero-urtero errepikatzen dutela: “Horrek esan nahi du zer edo zer ondo egiten dugula”. Ahoz-ahokoa izan da haien lana zabaltzeko modu nagusia, orain arte. Instagram eta Facebook sare sozialetan presentzia du Irungo Gaztediak. Ondorengoak dira taldearekin harremanetan jartzeko beste modu nagusiak: irungogaztedia@gaztedi.eus edo 682 06 70 78.

Talde irekia da

Nolanahi ere, interesa duen edonork aski du hurrengo igandean Dunboa ikastetxera hurbiltzearekin. Irungo Gaztedian parte hartzeko baldintza bakarra da bazkide izatea, urteko bost euro sinbolikoren truke. “Jarduera legalizatzeko eskatzen dugu hori, aseguruetarako, baimenetarako etab.”, zehaztu du Gonzalezek. Taldeak ez du diru-laguntzarik jasotzen, eta begiraleak boluntarioak dira. Oso eskertuta daude Dunboa ikastetxearekin, haien ekintzak aurrera eramateko lekua uzten dietelako. Baina etorkizunean, lokal propioa eduki nahi lukete. “Programazioak, adibidez, ostiraletan egiten ditugu, eta ezin izaten dugu Dunboan geratu”, argudiatu du Itsaso de Gregoriok. Momentuz, dena den, haien lanaren berri ematea eta gaztetxo gehiago erakartzea da haien lehentasuna.

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude