Ekainaren 7tik 9ra Irungo Ficoba erakusketa-azokak Bioterra azoka hartuko du. Azokaren XVI. edizioan 170 erakusketari inguruk parte hartuko dutela kalkulatzen dute antolakuntzatik eta 100 ekintza baino gehiago antolatuko dira, bisitari profesional zein publiko orokorrari zuzendurik egongo direnak.
Aurreko edizioetako filosofiari eutsiz, Bioterrak produktu ekologiko, bio eraikuntza, energia berriztagarri eta kontsumo arduratsuaren bilgune izango den azoka izateko helburua du aurten ere. Hortaz, azoka garapen iraunkorrean eta kontsumo arduratsuan kontzientziatuta dauden profesional eta erabiltzaileentzako ezinbesteko hitzordua izango da.
Ficobako 3 pabilioiak 3 mundu ezberdinentzako topagunea izango dira. Batetik, Bioterra gunean nekazaritza ekologikoko %100eko ziurtagiriak dauzkaten ehungintza, kosmetika ekologiko eta ekoturismoko enpresek haien produktu eta zerbitzuak erakutsiko dituzte. NaturAll gunea, berriz, osasun eta ongizatera eskainitako espazioa izango da eta bisitariek kosmetika eta higiene naturaleko produktuak, terapia naturaletarako produktuak, ehungintza eta osagarri naturalak eta prentsa espezializatua topatuko dituzte bertan. Azkenik, Geobat espazioan bioeraikuntza, energia berriztagarri, efizientzia energetikoa eta kudeaketa ekologikoarekin loturiko enpresak elkartuko dira.
Erakusketariez gain, Bioterran profesional eta publiko orokorrari zuzendutako hitzaldi, erakusketa eta ekintza ugari antolatuko dira ere. Bisitariek 3 eurotako sarrera ordaindu beharko dute azoka bisitatzeko, gonbidapenik izan ezean. 12 urtetik beherako haurrentzat, ordea, sarrera doakoa izango da. Ostiral eta igandean azoka goizeko 10:00etatik arratsaldeko 20:00ak arte zabalik egongo da eta larunbatean, berriz, irekiera ordutegia gaueko 21:00ak arte luzatuko da.
Aurretik antolaturiko ekintzak
Bioterra azoka iritsi aurretik, maiatzaren 19an lehen sentsibilizazio ekintza antolatu zen. Hitzordua goizeko 10:00etan izan zen Txingudi Ekoetxean. Bioterrak Surfrider entitatearekin batera antolatutako ekintzaren helburua itsasoko zabor-bilketa gauzatzea zen, izan ere, ozeano eta itsasoen egoerak garrantzi handia izango du azokaren edizio honetan. Garbiketa gauzatzeko aukeratutako eremua Plaiaundiko Parke Ekologikoa izan zen, balio ekologia handia duen 24 hektareako eremua izategatik.
Maiatzaren 25ean, berriz, Slow Style Day jardunaldia antolatu zen haien irudi, edertasun eta zentroekin berriro bat egiteko asmoa zuten pertsonentzat zuzendurik. Honela, 95 euroren truke jardunaldian parte hartu zutenek haien estiloa zehazten ikasteaz gain, haien buruekin eta ingurumenarekin bat egiteko aukera izan zuten.
Bestelako jarduera eta hitzaldiak
Aipatutako lehen ekitaldiez gain, bestelako ekintzak egingo dira hiru azoka-egunetan zehar. Esaterako, “Expo Retrete” erakusketaren bitartez saneamendu sareen erabilera okerrak eta arazoak ekiditeko jarraibideak emango dira. Azteketa Geobiologikoen Elkartean geobioloiga erakustaldiak egingo ditu eta Irene Aldak Yoga Day master class-aren 3. edizioa zuzenduko du. Bestetik, haur eta helduentzako ekintzak antolatuko dira ere, hala nola, baratzezaintza tailerrak, auto edo bizikleta elektrikoak gidatzeko aukera eta azterketa eta aurkikuntza guneetan jolasteko aukera izango da.
Bidasoa Lanbide Heziketako ikastetxe Integratuak Eraikiz gunean eraikuntzaren sektorearekin loturiko azken nobedadeak erakutsiko ditu ikasleen eskutik. Gainera, ekainaren 7tik 9ra 13 hitzaldi antolatu dira Ficoban kontsumo ohiturak, elikadura, kutsadura, garbiketa eta osasunarekin loturiko informazioa zabaltzeko, beste gai batzuen artean.
Ekintzez gain, zozketa ugari antolatuko dira azokan. Batetik, orduro lote ekologiko bat zozketatuko baita eta, bestetik, egunero 125 eurotako erosketa-kupoia zozketatuko baita saria azokan gastatu ahal izateko.