Jeca: Denetariko estilo, marka eta prezioak uztartzen dituen denda

San Martzialetarako arropa eta osagarri guztiak aurkituko dituzue bertan

Irungo Serapio Mugika kaleko 5. eta 10. zenbakian kokaturik daude neska eta mutilentzako era askotariko estilo, marka eta prezioak eskaintzen dituzten Jeca dendak. Jesus Camarerok dendariak bere gurasoek martxan jarritako negozio familiar honen xehetasunak azaldu ditu.

Noiz ireki zenuten lehen denda Irunen?
Lehenengo gure gurasoek Jose Eguino kalean jostundegi bat ireki zuten. Horren ostean, jantzigintzan murgilduz, arropa eta jantzien salmentarako denda ireki zuten 1975 urtearen inguruan. Serapio Mugika kalean, berriz, 25 urte inguru daramatzagu Jeca mutil zein neskentzako dendekin.

Guztira Irunen zenbat denda dauzkazue?
Guztira 4 denda dauzkagu, Jeca eta Bost izenekoak. Bost dendak, bai neska zein mutilena Kolon pasealekuan kokaturik daude eta Jeca, berriz, Serapio Mugikan. Jeca eta Bost dendak bezeroek bertan aurkituko dituzten arropa, marka eta estiloengatik bereizten dira.

Zer nolako produktuekin lan egiten duzue?
Denda bakoitzak estilo berezitua du. Mutilen Jeca dendan bi solairu daude, bata moda gazte eta informalagoari zuzendua, eta beheko solairuan jantzigintza eta zeremoniako jantziak lantzen ditugu. Mutilentzako Bost dendan, berriz, giro gazteagoko markak lantzen ditugu. Emakumezkoen kasuan berdin, Bost Woman dendan estilo gaztea nagusi da, neskentzako Jeca dendan emakume helduagoen estiloa lantzen den bitartean. Produktu nazionalen salmentaren aldeko apustua egiten dugu, aspalditik ezagutzen ditugun banatzaileak marka internazionalekin tartekatuz.

Zeintzuk dira zuen dendetan salmenta handieneko datak?
Urteko garai ezberdinen arabera, San Martzialak eta Gabonak dira salmenta handieneko datak.

Nolakoa izan da Irungo merkataritzak azken urteetan bizitako eraldaketa?
Merkataritzaren eraldaketara moldatzeko ezinbestekoa da garai berrietara egokitzeko ahalmena izatea. Irungo merkataritzak garai txarrak bizi ditu arropa kate erraldoi eta Asiatik etorritako produktuen ondorioz, baina, gogoz eta ilusioz beteriko dendari irundarrak zailtasun hauei aurre egiteko elkartzen ari gara.

San Martzialak ate joka daudenez, jaietako arropa ere saltzen duzue?
Urte asko daramatzagu emakume zein gizonentzat San Martzialetako arropa lantzen. Arreta berezia eskaintzen diogu San Martzialetako soldaduaren uniformeari eta kalitate altu eta prezio baxuagoko arropak saltzen ditugu. Hortaz gain, emakumeentzako arropa zein kantinerentzako soinekoak lantzen ditugu ere.

Jaietako arroparekin loturik eskaintza berezirik duzue?
Bai, soldaduaren uniformea osagarri guztiekin prezio onean eskaintzeko ahalegin berezia egiten dugu eta aurten gure bezeroek 68 euroren truke soldaduaren uniforme osoa eraman ahalko dute etxera. Elosegi txapela daraman jantzia da eta jendeak asko erosten du.

Zein bestelako zerbitzu eskaintzen duzue?
San Martzialen harira jakak edonolako galoiekin apaintzeko zerbitzua eskaintzen diegu ere bezeroei.

San Martzialen ostean, merkealdiak izango dituzue?
Bai, uztailean hasiko dira eta urteko beste salmenta data garrantzitsu bat dira, batez ere, udarako merkealdiak, jende askoren oporraldi garaiarekin elkartzen direlako.

Zein ikuspegi duzue etorkizunari begira?
Garai berrietara egokitzen saiatuko gara, webgunearekin, bezeroentzako fidelizazio txartela eskainiz, marka propio baten sorrerarekin eta sare sozialen laguntzaz erronka berriei aurre egiteko.

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude