10 urte beteko dira aurten Irunen Gladius esgrima kluba sortu zenetik. 2015ean 4 kiderekin hasi zen klubak egun adin ezberdinetako 25 kirolari ditu. Denbora tarte honetan, pelikuletan ikusi daitezkeenaz harago, Irunen esgrima kirola ezagutarazteko gogor borrokatu dute, interesdun guztiak sablearekin ukitu arte. Alex Prior klubaren sortzaileetako bat eta entrenatzailea denak Gladius klubaren lehen hamarkadaren errepasoa egin digu.
Zer balorazio egiten duzu 10 urte hauetaz?
Egia esan, oso harro gaude. Orain dela 10 urte lau pertsona hasi ginen kirol honetan, ni entrenatzailea nintzela. Gaur egun 25 kirolari gara klubean. Kosta egin zaigu, esgrima ez delako oso kirol ezaguna, baina pixkanaka gure lekua lortzen ari gara.
Nolakoak izan ziren hasiera haiek?
Honetan hasi ginen udalak ikastaro batzuk eskaintzen zituela ikusi genuelako. Jendea pixkanaka galdetzen hasi zen eta baita izena ematen ere. Arazoa zen ikastaroetan adina oso mugatuta zegoela, horregatik, kluba sortzea erabaki genuen. Horrela, adin mugarik gabe, gaur egun gure klubeko kide txikienak 7 urte ditu eta helduenak 45 urte. Izan ere, esgrima edozein adinetan egiteko kirol ona da.
Hala ere, kluba zerotik sortzea ez zen erraza izango, ezta?
Ez, ez zen erraza izan, batez ere, izapideengatik. Ni batez ere entrenatzaile lanetan zentratu nintzen, eta beraz, gai hori nire anaiaren laguntzari esker kudeatu nuen. Orain asko disfrutatzen ari gara eta esan dezakegu egindako lanak merezi izan duela.
Urte hauetan egindako lanari esker, lortu al duzue zuen lekua Irungo kluben artean?
Hori da. Gainera, hasierako urte hartako kirolari batek oraindik gurekin jarraitzen du eta, beraz, bera ere izan da esgrimak Irunen izan duen gorakadaren lekuko.
Baina, nolakoa da zehazki esgriman aritzea?
Esgrima kirol bat da, pelikuletan ikusten denaz harago; hori beste esgrima mota bat da eta. Helburua da gure aurkaria ukitzea, boxeoan edo karatean bezala, baina gure kasuan, ezpata, sablea edo floretea erabiltzen dugu horretarako. Era berean, aurkariak gu ukitzea saihestu behar dugu. Oso kirol azkarra da, ukitu bat egiteko segundo bat baino gutxiago nahikoa da eta. Horregatik, erreakzio abiadura eta antzeko ariketak asko lantzen ditugu.
Beraz, teknikak garrantzi handia du kirol honetan.
Bai. Teknika hobetzeko ariketak behin eta berriro errepikatzen ditugu, buruak zer egin behar duen ikasi eta gorputzak bakarrik, bere kabuz, egiten dituen arte.
“Gaur egun arte behintzat, esgrima probatu duten guztiak klubean geratu dira; ondo goaz, beraz”
Kirol indibiduala izan arren, talde izaera lantzen saiatzen zarete?
Nik esan ohi dut kirol indibiduala izan arren, bakarrik hobetzea ezinezkoa dela, norbaiten beharra duzu horretarako. Berdin du zu baino hobea den ala ez den, beti egongo da praktikatu ahal izango duzun zerbait. Horregatik, gure klubean denok denen artean ibiltzen gara, adina eta generoa kontuan izan gabe. Ondorioz, oso giro ona sortzen da, kirolariak edonoren aurka lehiatzeko gogoz daude eta.
Nola antolatzen dituzue entrenamenduak?
Nirekin batera beste entrenatzaile bat ere ari da praktiketan eta horrek taldeak mailaren arabera banatzeko aukera ematen digu. Beraz, esperientzia handiagoa dutenak nirekin aritu ohi dira. Hain zuzen ere, haiekin martxoaren 28an eta 29an Bartzelonako Nazioarteko Txapelketan parte hartzera noa, txapelketak nolakoak diren ikus dezaten.
Hori da. Izan ere, hemen inguruan lehiatzeaz gainera, nazioartean ere aritzen zarete, ezta?
Igandeetan Donostian jokatzen den eskola liga baten antzekoan parte hartzen dugu. Klubarekin berriz, Bartzelonan eta maiatzean Madrilen eta Valentzian ere egingo diren txapelketetan izango gara. Azkenean, kirolariei asko gustatzen zaie bidaiatzea, batez ere, umeei. Hemen eskoletan gauzak irakatsi arren, txapelketetan argi ikusten da maila ezberdinak daudela, beraz, oso esperientzia bereziak izan ohi dira.
Txapelketan lehiatu arretik ordea, entrenamenduak beharrezkoak dira.
Hori da. Guk Artaleku kiroldegiko harmailen aurrean entrenatzen dugu eta hori da gure publizitate onena, bertatik igarotzen den jende guztiak kanpotik ikusten gaituelako. Horri esker jende asko hurbiltzen da galdezka. Astean bitan entrenatzen dugu, asteazkenetan eta ostiraletan, 18:00etatik 20:00etara. Bertan mugimenduak lantzeaz gain, sablearen mugimenduak eta konbateak ere egiten ditugu, umeek gehien eskatzen dizkigutenak.
Klubean kide berriak hartzeko prest zaudete?
Bai, noski. Ikasturtearekin hasten dugu denboraldia, baina edozein une da ona izena emateko. Normalean hasiberriei aste bat dohainik eskaintzen diegu, kirol berezia da eta egun bat agian ez da nahikoa ondo ezagutzeko. Gaur egun arte behintzat, esgrima probatu duten guztiak klubean geratu dira; ondo goaz, beraz. Haurrez gain, helduak ere animatzen dira. Adibidez, orain dela hilabete bat emakume bat galdezka etorri zitzaigun eta, teoria ia barneratu gabe, 45 urterekin txikien aurka borrokatu nahian dagoen lehena da. Probatzeko zalantzan daudenei esango nieke oso giro ona dugula klubean. Kirol ezezaguna izan arren, probatzeak merezi duela konturatuko dira. Telebistan gutxi ikusten da eta pandemiak ondo erakutsi zigun moduan, bizitzeko gauza berriak probatu beharra dago eta esgrimak horretarako aukera paregabea eskaintzen du.
Esgrima uste ohi den bezain kirol garestia da?
Ez, batere. Nik futbolarekin alderatu ohi dut, oso ezberdina dela dirudi eta. Esgrimako ekipamendu guztiak 120 euro inguru balio ditzake. Ni orain dela 15 urte hasi nintzen eta oraindik traje bera erabiltzen dut. Beraz, hasieran garestia dela irudi dezakeen arren, gero ondo amortizatu dezakezu. Futbol kamiseta batek edo bota batzuek berriz, gutxiago irauten dute eta azkenean diru gehiago gastatzen duzu. Gainera, klubak materiala uzten du, bakoitzak material propioa erosteko aukera badu ere.
“Hurrengo denboraldira begira, txapelketetarako talde bat sortzea gustatuko litzaiguke, baina orain arte ezinezkoa izan zaigu horrelakoetan parte hartzea”
- urteurrena dela eta, ari al zarete zerbait berezia prestatzen?
Bai. Ekainean Donostiako Ignota Erdi Aroko esgrima taldea Artalekura etorriko da. Oraindik ez dakigu nola antolatuko dugun, baina beste esgrima mota bat ezagutarazteko aukera bikaina izango da. Zeinek daki, agian hemendik urte batzuetara klubean ere sartu dezakegu, baina gutxienez orain gure kirolariek ezagutu dezaten antolatu dugu topaketa.
Aurtengo denboraldian berriz, zein izango da klubaren helburua?
Batez ere, klubeko gazteenak txapelketetan parte hartzen hastea nahi dugu. 14-15 urte inguru dituztenek zein maila duten ikustea nahi dugu, txapelketetan gauzak hobetzen joateko. Ekainean Espainiako Txapelketa jokatuko da eta emaitza onenen bila joango gara. Hurrengo denboraldira begira, txapelketetarako talde bat sortzea gustatuko litzaiguke, baina orain arte ezinezkoa izan zaigu horrelakoetan parte hartzea. Talde bat osatzeko adin berdineko 4 pertsona behar dira. Lortuz gero, Irunen horrelako zerbait egiten den lehen aldia izango da.
Elkarrizketa osoaren bideoa Txingudi Onlinen ikusgai duzue.



