Erlaitz Pagola Erroibide saskibaloi taldeko jokalaria da. Aurtengo denboraldian 10 neurketa jokatu dituzte dagoeneko eta sailkapeneko 11. postuan bukatu dute urtea, guztira 14 punturekin. Irungo saskibaloi klubeko jokalariak orain arte denboraldiak emandakoaren balorazioa eta etorkizuneko helburuen laburpena egin du.
Nola baloratuko zenuke orain arte taldeak denboraldiaren lehen zatian lortutakoa?
Denboraldia oso ondo hasi genuen, izan ere, denboraldi hasieran jokatutako lehenengo lau partiduetatik hiru irabaztea lortu genuen. Hala ere, hortik aurrera garaipen kopuruak behera egin zuen nabarmen. Izan ere, jokatutako 6 partiduetatik bakarra irabazi dugu eta. Azken bost partiduak galdu ostean, sailkapeneko 11. postuan gaude orain, guztira, 4 garaipen eta 6 porrot dauzkagularik. Dena den, esan beharra dago, sailkapenean 11. postuaren eta 6. postuaren artean garaipen bateko aldea besterik ez dagoela. Beraz, partidu baten emaitzarekin, hau da, porrotarekin edo garaipenarekin, sailkapena asko mugitzen da eta, hortaz oso erraza da sailkapenean gora edo behera egitea.
Aurkarien maila sailkapena bezain parekatua ikusten al duzue?
Egia esan, aurreko urtearekin alderatuta maila igo dela nabaritu dut. Hain zuzen ere, esango nuke txapelketan lehiatzen diren gainontzeko taldeak oso fisikoak eta oso azkarrak direla. Beraz, uste dut berriro emaitza onak lortu ahal izateko gure taldearen maila fisikoa hobetu beharra dugula, gainontzeko aurkarien maila berean jarri ahal izateko. Hortaz, gure errendimendu fisikoa hobetzeaz gainera, gure abiadura handitzeko gai izan behar dugu partiduetan lehiakorragoak izateko.
Zeintzuk izan ziren denboraldiaurrean hastear zen denboraldirako taldearentzat ezarri zenituzten helburuak?
Denboraldia beti helburu berarekin hasten dugu, hau da, aurreko denboraldian taldeak emandako maila behintzat mantendu ahal izatea. Joko maila mantentzeaz gain, taldekideek ondo pasatzeari ere garrantzi handia ematen zaio. Are gehiago, ondo pasatzen duzunean eta gustura zaudenean errazagoa izango da jokaldi hobeak egitea eta, ziur aski, garaipen gehiago lortzea. Denboraldiaren lehenengo zatian gertatutakoa ikusita, argi geratu da gure helburua mailari eustea izan behar duela. Beraz, aurrerantzean gure maila hobetzeko gai bagara, uste baino lehen hasiko gara emaitza hobeak lortzen.
Gabonetan kirol klubek egin ohi duten atsedenaldiaren ostean, helburu berarekin ekingo al diozue denboraldiaren bigarren zatiari?
Aurretik esan bezala, orain gure helburu nagusia lehengo aurkarien maila berdindu ahal izatea da, hortik aurrera maila hobetzen jarraitu eta beraiek mendean hartzeko gai izateko. Hala ere, behintzat jakin dugu identifikatzen zer den gainontzeko taldeen mailatik aldentzen gaituena, eta beraz, hori landuz eta hobetuz, edonoren aurka lehiatzeko gai izango gara.
Bigarren denboraldiko aurkariak aurreikusita, txapelketaren bigarren zatiari nola ekingo diozue?
Ilusioz hasiko dugu txapelketaren bigarren zatia. Badakigu orain arte egindakoa baino askoz ere hobeto egiteko gai garela. Horregatik, esan dezakegu taldean denboraldiaren lehen zatian egindakoa hobetzeko nahi orokortua dagoela eta horretarako gogotsu lan egingo dugu. Nik uste ezarritako helburuak lortzeko gai izango garela.
Horrelako erronkei ilusioz ekitea garrantzitsua dela iruditzen zaizu?
Gugan eta taldearengan konfiantza osoa dugu jokalariek. Aurreko urtean denboraldi hasiera ere ez zen batere erraza izan guretzako. Aurreko urteko txapelketa bi fasetan banatua egon zen. Lehen fasea urtarrila aldera bukatu genuen eta jaitsiera fasean sartu ginen. Hortik aurrera hobeto jolasten hasi ginen eta sei partidu jarraian irabazteko gai izan ginen. Beraz, aurreko denboraldian egindakoak erakusten digu horretarako gai garela. Hortaz, ezarritako helburuak lortzeko ilusioz beterik lan egingo dugu denboraldiaren gainontzeko zatian.
Elkarrizketa osoa Txingudi Onlinen ikusgai.