BiOnBe plataformak eskualdeko kirolariak eta jarduera fisikoa bultzatzen dituzten ekintzak elkartuko ditu

Igor Emeryk, beste kide batzuen laguntzaz, BiOnBe plataforma sortu du. BiOnBe.eus plataformaren bidez kirola, bizimodu osasuntsua eta garapen pertsonala sustatzeko komunitatea sortu nahi da. Bertan eskualdeko kirol klubek eta elkarteek antolatutako jarduerak ezagutu eta kirol proposamen ezberdinak ezagutzeko aukera egongo da.

Eskualdean kirola maite duen jendearentzako aplikazioa dela esan daiteke?
Bai, plataforma digital bat da. Edonolako jarduera fisikoa egiteko aukera duen eta gure bailara maite duen jendearentzat pentsatua dago. Esan dezakegu inguruan dugun guztia ezagutzeko eta berrezagutzeko beste modu bat dela. Proiektua lantzen hasi nintzenean aurretik ezagutzen ez nituen gauzak aurkitu nituen. Edukia Bidasoaldeko biztanleentzat zein bisitarientzat tresna erabilgarria izatea espero da. Eskualdean kirol modalitate eta elkarte asko dauzkagu jarduera fisikoaren inguruko zerbitzuak eskaintzen dituztenak. Gainera, bertako udalek kirolarekin loturiko proiektu asko dauzkate. BiOnBe-ren bitartez kirolaren presentzia hori indartu nahi dugu, jendearentzat eskaintza guztia ezagutzea errazagoa izan dadin.

Zer aurkituko dute erabiltzaileek plataforma berri honetan?
Batetik, BiOnBe.eus webgunea daukagu. Webgunean plataforma zer den azaltzen da, hau da, inguruan dauzkagun kirol aukera guztiak ezagutzeko aukera eskaintzen duen ataria dela esan dezakegu. Hortik, BiOnBe.com plataformara sartu gaitezke. Garrantzitsuena plataformaren izaera da, plataforma soziala baita eta klubekin edo beste eragileekin sinergiak sortzeko aukera eskaintzen die erabiltzaileei. Azken batean hori da gure nahia; bakoitzak bilatzen duena edo hobekien egokitzen zaiona aurkitzeko aukera izan dezala. Kirolaren bitartez ongi sentitzeko proposamenak bildu nahi izan ditugu. Gainera, garrantzitsua iruditu zaigu erabiltzaileei informazio hori guztia partekatzeko aukera ematea, plataforma aberasteaz gain, jendeari bere kirol jarduera gogokoena aurkitzea erraztuko diolako.

Eskualdeko kirol elkarteekin eta klubekin harremanetan jarri zarete informazioa biltzeko?
Hasiera batean plataformara batu diren kirol elkarte guztien alboan egongo gara elkarrekin lehenengo urrats horiek egiteko. Hala ere, profil bat sortzea eta bertan informazioa partekatu ahal izatea oso erraza izango da. Jendearentzat erabilgarria eta irisgarria izango den plataforma bat izatea nahi dugu. Bertan eskualdean antolatzen diren txapelketa eta kirol ekitaldien informazio guztia bilduko da. Plataformaren maneiua erraza izatea nahi dugu, urrats pare batean kirolaren sare sozial honetan ekarpenak egin ahal izateko modua eskainiz. Beraz, lehenengo jendeak BiOnBe zer den ulertzea nahi dugu, gero beraien esperientziak partekatzen hasi daitezen. Horrela, behar dugun guztia eskura izango dugu urrtas gutxi batzuk jarraituz. Plataforma sortu dugu jada eta orain azken ukituak ematen ari gara. Gainera, inguruko klubekin eta erakunde publikoekin harremanetan gaude, baina orain arte jasotako erantzunak eta balorazioak oso onak izan dira. Pandemiak erakutsi digu norberak ondo sentitzeko beharra duela, baina bakoitzak behar hori asetzeko bide ezberdinak aurkitu ditzake, erabaki pertsonala baita. Kirolaren esperientzia hobetzea eta erraztea lortzen baduzu erakargarriagoa da.

Beraz, plataformaren helburuetako bat da eskualdeko biztanleen artean bizi estilo osasuntsua sustatzea?
Bai, ongizatearen sustapena oinarrizko helburuetako bat da eta horrela laburbildu daiteke aplikazioaren funtsa. Iaz BiOnBe-ren bitartez Ficoban ongizatearen, kirolaren eta osasunaren inguruko jardunaldia antolatu genuen. Eragile guztiak bertan egotea funtsezkoa da, hau da, besteak beste, kirolarekin, erakunde publikoekin, osasunarekin edo turismoarekin loturikoak. Esaterako, turismoarekin kirol iraunkorreko jarduerak sustatu daitezke, hots, pertsonentzat osasuntsua den turismoa bultzatzea eta hemen inguruan horretarako aukera asko dauzkagu.

Beste helburuetako bat Txingudi badia eta Bortzirietako herritarrak bateratzea da, ezta?
Hori da eta hala erakusten ahalegindu ginen iaz Ficoban egindako jardunaldian. Gure lurraldean kirolarekin loturiko enbaxadore asko dauzkagu, goi mailako kirolariez gain, beste maila batean ibili arren, eskualdea bultzatzeko eta ezagutarazteko egiten duten lanarengatik garrantzitsua den jendea ere badugu. Hortaz, enbaxadore sare handi hori izatea garrantzitsua iruditzen zaigu eta BiOnBek beraien babesa lortu du. Bidasoaldean zein inguruan pertsona oso ezagunak dauzkagula aprobetxatu behar dugu, gainontzeko herritarren ongizatea lortu ahal izateko.

Erabiltzaile moduan informazioa jasotzeko zer egin behar da?
BiOnBe.com webgunean sartzea da egin beharreko gauza bakarra. Bertan datuak idaztea eta profila sortzea izango da hurrengo urratsa. Horrela sare sozialaren parte izango zara eta gainontzeko erabiltzaileek egindako ekarpenak kontsultatu eta partekatu ahalko dituzu. Horrela, beste erabiltzaile arruntez gain, klub eta kirol elkarteen ekitaldien inguruko informazio guztia jasoko duzu. Beraz, webgune bakar batean izango duzu eskura informazio guztia. Gainera, zuk zeuk kirol ekintzak antolatzeko aukera izango duzu, horretarako deialdi bat zabaldu beharko duzu plataforman kirol jarduera mota, eguna eta ordua zehaztuz. Horrela aberastuko dugu BiOnBe.

Elkarrizketa osoaren bideoa Txingudi Onlinen ikusgai dago.

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude