Ana Iturria, Erroibide saskibaloi klubeko lehendakaria: “Guretzat beti garrantzitsuena izan da jendeak ondo pasatzea eta hori gure taldeetan argi eta garbi ikusten da”

Denboraldia amaitzear da Erroibide saskibaloi taldearentzat. Bigaren nazionaleko mutilek hurrengo denboraldirako maila berean jokatuko dutela ziurtatu dute denboraldia amaitu aurretik. Nesken kasuan, senior taldeak orain arte jokatutako partidu guztiak irabaztea lortu du denboraldi bikaina eginez. Ana Iturria Erroibide klubeko lehendakariak adierazi du orokorrean denboraldi hasieran finkatutako helburu guztiak bete egin direla.

Duela urtebete baino gehiago hitz egin genuen azkenekoz. Ordutik hona gauzak asko aldatu dira klubean?
Egia esan, gutxi aldatu dira gauzak, pandemiaren gaiarekin egoera nahiko zalantzazkoa zen eta, beraz, ahalik eta gehien egonkor mantentzen saiatu gara. Urduri samar jarri ginen, ez genekielako zer gertatuko zen saskibaloiarekin, eta horregatik ez dugu gehiegi arriskatu nahi izan. Hasieran batez ere konturatu ginen jendea ez zela seguru sentitzen zelaira itzultzerakoan eta hainbeste jenderen artean jolasten. Datorren urtean ikusiko dugu nola gertatzen den dena eta zenbat jende dugun jokatzeko prest.

Denboraldiak gutxienez berri on bat ekarri du, bigarren nazionaleko taldeak kategoria berean mantentzea lortu duelako jada, ezta?
Bai. Jokalariak lorpenarekin oso pozik daude. Gainera, denboraldiko erronkei aurre egin ahal izateko jokalariek gainontzeko taldeetako jokalarien babesa jaso dute eta oso pozgarria izan da hori ikustea.

Denboraldian zehar egindako lanaren emaitza izan da?
Bai, kirolarien jarrera oso ona izan da eta, beraz, taldeak oso joera ona izan du denboraldian zehar. Denen artean lortu dute denboraldia aurrera ateratzea.

Emaitzak ondo egindako lanaren erakusle dira?
Oso gutxi izan dira denboraldian zehar galdutako partiduak. Azken batean, guztiok dauzkagu egun txarrak, baina kontuan izan behar da nolako eragina duen horrek taldean.

Nesken kasuan, berriz, nolakoa izan da denboraldia?
Erroibide klubean neskez osatutako lau talde dauzkagu. Txikienak orain partiduak jokatzen hasi dira eta beraientzako ikaskuntza handiko urtea izan da. Izan ere, partiduak jokatzen hasi arte ez duzu ikasten zer sentitzen den galtzerakoan, beraz, sentimendu horiek kudeatzen ikastea ere garrantzitsua da. Gainera, lehen urtea izanda normala da partidu asko segidan galtzea, baina pixkanaka taldea indartuz doa eta beraien artean ezagutzea asko laguntzen du. Orduan oraindik pozgarriagoa da haientzat partidu bat irabaztea. Senior taldearentzat, aldiz, denboraldi izugarria izan da, orain arte jokatutako partidu guztiak irabazi dituzte eta. Joera ona izateaz gainera, garrantzitsua da beraien artean ondo konpontzea eta harreman ona izatea.

Denboraldi hasierako helburuak bete egin dira?
Bai, guretzat bai. Guretzat beti garrantzitsuena izan da jendeak ondo pasatzea eta hori gure taldeetan argi eta garbi ikusten da, giroa oso ona baita.

Txikienek, berriz, berriro partiduen eta entrenamenduen erritmoa berreskuratu ahal izatea eskertu dute?
Bai, noski. Txikienen kasuan gertatu zaiguna da Erroibidera jokalari berri asko batu zaizkigula. Beraz, ezinezkoa izan zaigu jokalari guztientzako fitxak lortzea. Dena den, momentuz egokitu zaien taldera oso ondo moldatu dira eta datorren denboraldia iritsi arteko garaia pazientziarekin ari dira itxaroten.

Aurrekoarekin alderatuta, aurtengoa denboraldi lasaiagoa izan da?
Lasaiagoa ez, baina normalagoa bai. Jokalari asko edukitzea ondo dago, baina horrek ere lan eta ardura gehiago sortzen ditu. Egun ia 200 pertsonek osatzen dute taldea eta lan asko eragiten du horrek.

Noiz bukatzen da Erroibideren denboraldia?
Maiatzean amaituko da guretzat denboraldia. Gure taldeei orokorrean pare bat partidu geratzen zaizkie jokatzeko. Beraz, maiatza amaierarako dena amaitua egongo da.

Udaran klubaren jarduera guztiz eteten da?
Beste urteetan udara iristerakoan guztiz eten izan dugu gure lana. Aurten, ordea, agian udararako zerbait berezia prestatzen saiatuko gara. Udara iristen denean bada atseden hartu nahi duen jendea, baina, bestetik, txikienek jarduera berriak eskaintzea nahi dute.

Zeintzuk dira zuen aurreikuspenak datorren denboraldirako?
Uste dut klubari buelta bat eman behar zaiola. Oinarrizko beharrak identifikatu behar ditugu, klubari mesede egingo dioten erabakiak hartzeko. Azken bi urteetan pandemia dela eta ez dugu mantentze lana besterik egin, gehiegi arriskatu gabe. Orain kluba handitzeko aukera ikusten dugu, baina ezin da ukatu pausu horrek beldurra ematen digula. Beraz, orain etorkizunean pentsatzen hasteko unea da, erabakiak hartzen hasteko.

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude