Erroibide klubak saskibaloi kantxara itzultzeko esperoan jarraitzen du

Alarma-egoerak kirolari guztien entrenamendu eta kirol helburuak hankaz gora jarri dituen arren, saskibaloia bezalako taldeko kirola praktikatzen duten kirolariek etxean entrenamenduekin jarraitzeko oztopo gehiago topatu dituzte. Kiroldegien irekiera noiz eta zein baldintzetan egingo den esperoan daude Ana Iturria Erroibide klubeko lehendakariak azaldu duenez, kantxa eta saskien artean saskibaloiaz berriro gozatzeko irriketan.

Noiz entrenatu zenuten azkeneko aldiz?
Martxoaren erdialde aldera alarma-egoera deitu eta kiroldegien itxiera agindu zenean entrenatzeari utzi genion.

Kantxetan entrenatzea ezinezkoa izan bada ere, klubeko kideek etxetik kirola egiten jarraitzeko apustua egin duzue?
Bai, posible izan den neurrian. Horrela, zenbait entrenatzaile haien jokalariekin kontaktuan jarraitu dute berrogeialdian zehar. Entrenatzaileek etxean egiteko egokiak izan daitezkeen ariketak prestatu dizkie eta etxetik joko-taktika lantzen jarraitzeko jarraibideak ere eman dira. Hala ere, kontutan hartzeko da egoera konplikatua izan dela, klubean gaixorik egon den jende eduki dugulako edo, egoeraren ondorioz, lanean aparteko orduak sartu behar izan dituzten pertsonak, beraz, kasu guztietan ez da posible izan nahiko genuen harreman hurbil hori mantentzea. Gainera, klubeko haur eta kirolarien errutinak guztiz aldatu dira, hortaz, eskolako lanez gainera ez diegu konpromiso handirik eskatu nahi izan haurrak gogaitzea ekiditeko.

Sare sozialak ezinbestekoak izan dira klubeko kideen arteko kontaktua mantentzeko?
Bai, batez ere, Skype bezalako aplikazioak erabili dira talde ezberdinak elkartzeko eta ahal zuena konekta- tzen zen hitzordua finkatutako egunetan. Beste batzuek, berriz, WhatsApp taldea erabili dute kontaktuan jarraitzeko. Gainera, klubeko gazte batzuek Erroibideren sare sozialak era aktiboagoan kudeatzeko haien buruak eskaini dituzte eta gauzak berri asko partekatu dituzte berrogeialdian zehar.

Ia ezinezkoa da etxetik atera gabe saskibaloira jolastea, ezta?
Bai, batetik, taldeko kirol bat delako eta, bestetik, eremu handi bat izatea ezinbestekoa delako, saskiez gainera. Orain, kalera ateratzeko baimenarekin, ordea, kirola praktikatzen hasi eta bakoitzak bere kontu entrenatze- ko aukera dugu. Horretarako, klubeko entrenatzaile batek kalean bakarka egin daitezkeen zenbait ariketa proposatu ditu sare sozialen bitartez.

Etxeko egonaldi luzeak kirolarien sasoian eragina izango du?

Bai, zalantzarik gabe. Horregatik, orain garrantzitsua da hurrengo denboraldira begira pixkanaka gure gorputza berriro kirola egitera ohitzea, denboraldi honetako txapelketa guztiak bertan behera gelditu direlako.

“Orain garrantzitsua da hurrengo denboraldira begira pixkanaka gure gorputza berriro kirola egitera ohitzea”

Ana Iturria, Erroibide klubeko lehendakaria

Posible izatekotan, udako hilabeteetan ekintzaren bat antolatzeko asmorik duzue?
Datozen aste eta hilabeteetan hartuko diren erabakietara itxaron beharko dugu, kiroldegia erabiltzen dugunez eta espazio publiko bat denez, kiroldegiak ireki arte ezingo dugu ezer antolatu.Gainera, Irunen kirol klub gehiago daude eta, orain arte egin bezala, eremua partekatzen jarraitu beharko dugu.

Jarduera berreskuratzeko une horretan hartu beharreko neurriak aztertzen hasi zarete?
Ez gehiegi egia esan, araudia egun batetik bestera aldatzen delako eta oraindik taldean kirola praktikatzeko aukera hori urrutiegi ikusten dugulako.

Erraza da etxetik Erroibide bezalako kirol elkarte bat antolatzea?
Kluba antolatzen jarraitzeko sare sozialek eskaintzen dizkiguten tresnez baliatzen ari gara.

Hurrengo denboraldia normaltasunez hasteko aukera izatea espero duzue?
Oraindik goiz da galdera hori erantzuteko, hilabete hauetan gauzak asko aldatu daitezkeelako. Denboraldia hasi aurretik aurre-denboraldia bezalako ekintzak egitea baimentzen den ikusteko dago. Normalean ekainean entrenamenduak amaitu eta abuztu amaieran edo iraileko hilabetearen hasieran hasten gara denboraldi berria prestatzen. Aurten, ordea, denboraldi berria nola hasiko dugun ikusteko dago.

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude