Iker Arozena, luzera-jauziko atleta: “Emaitza onak eskuratzeko gogor lan egiteaz gain, esperantza izatea garrantzitsua da”

Iker Arozenak urrezko domina eskuratu zuen martxoaren 2an Madrilgo Gallur pistetan izandako Espainiako Pista Estaliko Txapelketako Luzera Jauziko modalitatean Sub20 kategorian. Garaipenak Castellonen apirilean antolatutako kontzentrazioan Espainia mailako atleta onenekin parte hartzeko aukera emateaz gain, Europako Txapelketara begira jarri du Bidasoa Atletiko Taldeko atleta gaztea.

Castellonen izandako kontzentraziotik iritsi berri zara ez?
Bai, atletismorako entrenatzeko joan naiz, zehazki, luzera jauzia eta Espainiako Selekzioarekin kontzentrazioa izan dugu bertan. 20 urte azpiko atletez gain, 23 urtetik beherakoekin egon gara ere, orokorrean, Espainia mailako atleta onenekin eta esperientzia oso ona izan da.

Irunen entrenatzen ari zarela Castellonera joateko aukera izateak pertsonalki zer esaten dizu?
Kirolari dagokionez hobetzen ari naizela eta pixkanaka kirolari handien lehian murgiltzen ari naizela.

Zergatik deitu zizuten Espainiako selekzioarekin sailkatze proba horiek egiteko?
Martxoaren 2an Espainiako Pista Estaliko Txapelketan parte hartu eta nire kategorian irabazle izan nintzen, beraz, horregatik kontzentrazio honetan parte hartzeko deitu nautela uste dut.

“Europako Txapelketarako marka minimoa lortzen saiatuko naiz”

Azkenean garaipena lortu bazenuen ere, martxoaren 2ko txapelketan ez zinen oso ondo hasi ezta?
Egia da, hirugarren saltoan 6,78ko marka egin nuen, baina, azkeneko hiru saltoetan 7 metrotik gorako saltoak egitea lortu nuen. Motibazio handiagoa nuenez, hobeto egin nuen korrika eta saltoan ere emaitza hobeak lortu nituen.

Marka pertsonala hobetzeaz gain, klubeko errekor berria ezarri zenuen?
Bai, hiru marka pertsonal egin nituen, nahiz eta lasterketa horretan horrelako lorpenik espero ez nuen.

Nola lortzen da egun batetik bestera horrelako marka bat?
Egia esan, ez dakit nola egiten den. Nik uste dut emaitza onak eskuratzeko gogor lan egiteaz gain, esperantza izatea garrantzitsua da.

Zeintzuk dira hurrengo txapelketa data garrantzitsuak?
Udako Espainiako Txapelketa uztailaren 6ean izango dela uste dut eta Suedian, Borasen zehazki, egingo den Europako Txapelketarako marka minimoa lortzen saiatuko naiz.

Aurretik Europako Txapelketaren batean parte hartu duzu?
Ez, beraz, maila horretako txapelketa batean parte hartzeko motibazioa handiagoa da oraindik.

Nolakoak dira entrenamenduetan txapelketak prestatzeko egiten dituzuen ariketak?
Astean lau egunetan entrenamenduak dauzkat. Astean bi egunetan gimnasioko ariketak eta serieak tartekatzen ditut, baina, hortaz gain, teknika lantzeko saioak egiten ditugu ere.

Luzera jauzian aritzeko, zer da gehien landu behar dena?
Guztia landu behar da, bestela, ondo salto egiteko ohitura lortu behar da eta horretarako asko entrenatzea beharrezkoa da.

Abiaduraz gain, teknika kontrola garrantzitsua da?
Bai, teknika hain zuzen ere kontuan izan beharreko puntu garrantzitsuenetako bat da.

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude