Erroibideko senior mailako emakumeak kirol denboraldi berri baten erdian daude. Gainera, aurten lurraldeko emakumeen lehen mailara igo dira, iaz bigarren mailan aritu ostean. Dagoeneko denboraldi honetako lehen partiduak jokatu dituzte, tartean, bi porrot izan dituztelarik soilik. Uxue Juanenea eta Iratz Udaeta Erroibideko nesken taldeko jokalariak dira eta denboraldi honetan taldeak zein helburu dauzkan azaldu digute.
Urte bukaeran gaudenez, hainbat partidu jokatu dituzue jada. Nolakoa izan da denboraldi hasiera?
Uxue: Oraingoz nahiko ondo hasi dugu. Joan zen urtean mailaz igotzea lortu genuen eta, egia esan, nahiko ondo ari gara. Partiduak irabazi eta galdu ere egin ditugu orain arte, baina behintzat orain arte uste baino hobeto moldatzen ari gara.
“Orain, denboraldia aurrera doala, lehenengo lau postuen artean amaitzeko aukera ikusten dugu”
Iratz Udaeta, Erroibideko jokalaria
Aurten mailaz igoko zinetela jakiteak beldurra ematen zizuen?
Iratz: Egia da, bai. Iaz gehienek ez genuen aurten igotzeko asmorik, baina azkenean erabaki hori hartu zen. Beldurrez igo ginen, pentsatuz maila aldaketa handia izango zela, baina orokorrean uste genuena baino askoz hobeto moldatzen ari gara. Uxuek esan duen moduan, oso pozik lehiatzen ari gara, beraz, aurrera jarraitzen dugu.
Hortaz, denboraldia esperotakoa baino hobeto hasteak aparteko motibazioa ekarriko du.
Uxue: Egia da horrek motibatzen zaituela, izan ere, entrenatzera gogo handiagoarekin etortzen gara eta irabazteko gogo hori sortzen digu. Nahiz eta batzuetan galdu izan, hurrengoan irabazi ahalko dugula sinetsita gaude.
Aurreko urtekoekin alderatuta, aurten aurkarien aldetik desberdintasuna nabaritu duzue?
Iratz: Bai, erabat. Batez ere fisikoki alde handia dagoela ikusi dugu. Intentsitatea eta erritmoa ere handiagoak dira eta teknikoki ere gauza ezberdinak ikusten dira. Beraz, horrek hobeto jokatzera bultzatzen gaitu, ondorioz, gure joko maila ere hobetuz.
Horretarako aurredenboraldian edo orain prestakuntza berezirik egin duzue?
Uxue: Iazkoarekin alderatuta ez da alde handirik izan. Alderdi fisikoa gehiago lantzea eta guri gehiago eskatzea bilatu dugu, jokatu beharreko partiduak gogorragoak eta azkarragoak direlako.
Jokalari mailan, aldaketa handiak izan dira urte batetik bestera?
Iraitz: Orokorrean berdinak gara. Egia da bi pertsona gehitu zaizkigula. Taldea antzekoa izan arren, uste dut aurtengoa apur bat hobexeagoa dela, lehiakorragoak baikara, beraz pozik gaude.
Zein da oraintxe zuen aurkaririk zuzenena?
Uxue: Tolosako neskak, oso onak dira eta entrenatzaileak esan zigunaren arabera, maila nazionaletik jaitsi berriak dira. Beste joko erritmo bat dutela nabari da eta ez dute aulkiko jokalaririk taldean.
Oraintxe sailkapenean hirugarren postuaren inguruan zabiltzate. Denboraldia zein helbururekin hasi zenuten eta, amaierara begira, non kokatzen zarete?
Iratz: Hasierako helburua mailari eustea zen. Orain, denboraldia aurrera doala, lehenengo lau postuen artean amaitzeko aukera ikusten dugu. Ea bide berdinetik jarraitzen dugun. Orain arte bi partidu galdu ditugu soilik, beraz, ondo goaz.
Orain arte soilik bi partidu galdu izana nola baloratzen duzue?
Uxue: Azkenean, ikusita nola imajinatzen genuen denboraldi hau, bi partidu bakarrik galtzea oso ondo dago eta noski, positiboa da. Galdutakoekin gainera, arantzatxo bat iltzatuta dugu, beraz, orain itzulerako partiduak jokatu behar ditugunez, espero dugu lehen galdutako horien kontra irabazteko aukera izatea. Orokorrean, oso pozik gaude, bai.
Non moldatzen zarete hobeto aurten, etxean ala kanpoan?
Iratz: Etxean, dudarik gabe. Bertan laguntza handiagoa dugu, batez ere, publikoaren aldetik. Erran behar da ere, gure kantxa nahiko txikia dela eta horrek ere guri mesede egiten digula. Espazioa murriztua denez, aurkariek ezin gaituzte hainbeste estutu eta horrek gure alde jokatzen du.
“Esan bezala, fisiko aldetik hobetzen jarraitu behar dugu, kategoria honetan hori eskatzen baita”
Uxue Juanenea, Erroibideko jokalaria
Hasiera nolakoa izan den ikusita, zer duzue hobetzeko denboraldiko bigarren zatiari begira?
Uxue: Entrenamenduetan gehiago estutu behar gara. Gainera, azkenaldian nahiko eskas gabiltza jende aldetik. Taldekideen artean hainbat lesionatu daude, beraz, guk oraindik gehiago eman behar dugu. Esan bezala, fisiko aldetik hobetzen jarraitu behar dugu, kategoria honetan hori eskatzen baita.
Iraitz: Horretaz gain, detaile txikiak hobetzea falta zaigu. Baina, gainontzekoan Uxuek esan duenarekin erabat ados nago, fisikoa baita gehien landu behar duguna, beraz, horretan saiatu behar gara.
Lesioak saihesteko lanketa berezirik egiten duzue?
Iratz: 12 jokalarirekin hasi genuen denboraldia eta, oraintxe bertan, zortzi gaude. Beraz, justu samar gabiltza lesioen ondorioz. Gainera, lesio horiek luzerako joango direla dirudi. Ea zorte apur batekin ez den inor gehiago lesionatzen hemendik denboraldi amaierara arte eta gauden guztiek amaitu dezakegun. Lesionatuta daudenak lehenbailehen berreskuratzea eta laster itzultzea espero dugu.
Noiz arte luzatuko da zuen denboraldia?
Uxue: Maiatza hasierara arte luzatuko dela esango nuke. Nahiko goiz bukatuko dugu.
Maila igoerarekin eta emakume taldea izanik, orokorrean, eta oraindik kirolean jarraipen urriagoa izan arren, jarraitzaile kopuruan igoera nabaritu duzue?
Uxue: Egia da etxean jokatzen dugunean, partiduetara jende gehiago gerturatzen dela, baina gehienak klubeko jokalariak dira. Baina bai, klubeko jendearen aldetik babes handiagoa sentitu dugu azkenaldian, bai neska zein mutilen aldetik.
Iratz: Etxean jokatzen ditugun partiduez gain, kanpokoetan neskak eta mutilak elkar babesten saiatzen gara, batez ere, senior mailako jokalarien artean. Izan ere, taldekideak hor dituzula sentitzeak asko laguntzen du, zarata hori entzuteak bestelako giroa sortzen baitu partiduan, oso ezberdina dena.
Elkarrizketaren bideoa Txingudi Onlinen duzue.



