Super Amara – Bidasoa Atletiko Taldea, marka guztiak hausten dituen kluba

Kronometroaren kontra aritzen dira egunero BAT taldeko neska-mutilak. Egunetik egunera, Plaiaundiko pistek gero eta atleta gazte gehiagori egiten diote ongietorria.
Atletismo eskolaren eta federatutako kirolarien artean 400 bat kirolarirekin lana egiten du Bidasoa eskualdeko taldeak. Nahiz eta krisi ekonomikoak diru-laguntza gehienak berarekin eraman, BAT taldeak ez du amore ematen eta egunero hobetzen eta markak hausten
jarraitzen du.

EQUIPO ENTERO

Korrika egitea koldarren kontua omen dela dio esaerak. Super Amara – Bidasoa Atletiko Taldeko atletek egiten duten lana ikusi ondoren, ordea, neska-mutil adoretsu eta ausartentzat zuzendutako kirola dela esan dezakegu. Plaiaundiko pistetan, berezko distira duten bi atleta gazterekin topo egiten dugu. Europako txapelketan 6. postua lortutako Teresa Errandonea eta Espainiako Txapelketan 1.500 metroko proban 7. izandako Nerea Sarriegi dira. Haien ondoan, Ibon Muñoz, taldeko zuzendari teknikoa eta entrenatzailea.
Orain dela urte asko ezagutzen dute elkar. Nereak odolean darama kirol hau. “Txikitatik aita eta anaiak korrika egiten ikusten nituen. Gainera, atletismoak betidanik erakarri du nire arreta”. 19 urteko Teresa, berriz, 8 urterekin hasi zen diziplina gogor honetan. “Telebistan atletismo txapelketak ikusten nituen eta ikaragarri gustatzen zitzaidan. Gainera, eskola kirolean korrika egiten ona nintzen eta horrek taldean izena emateko animoak eman zizkidan”.

nerea
Sakrifizioz beteriko diziplina
Adore eta kemen ikaragarria behar da atletismoan aritzeko. Diziplina honek lana gogor egitea eskatzen du eta horretarako denbora eskaintzea ezinbestekoa da. “Astean sei egunetan entrenatzen dut, bi orduko saioetan” dio Teresa irribarretsu batek. Bere taldekide Nereak, berriz, bost egun entrenatzen ditu astean. Punta-puntako kirolari gaztea izateak, beraz, ez du askorako denborarik uzten. Hala ere, Teresa eta Nerea ikasle arduratsuak dira. Teresa “denbora edozein tokitatik ateratzen” saiatzen da; “unibertsitatea gertu dudanez, entrenatzera jarraian joaten naiz askotan”. Bestalde, Ibon Muñoz entrenatzaileak haiekin egiten duen lana nabarmendu dute. “Berebiziko garrantzia du guretzat; izan ere, gure onena erakusten laguntzen digu eta momentu txarretan ere hor dago. Kirolari bezala, asko balora-tzen duzu hori”.

teresa
Hobetzea helburu
Aurtengo denboraldiko helburuak argi ditu Teresak. “Espainiako Txapelketan paper ona egin nahi nuke. Horretaz gain, aurten ospatzen diren 23 urte azpiko Mediterranear Jokoetara joateko txartela eskuratzea da nire nahia”. Junior kategorian dagoen 18 urteko Nerearen helburuak ere ez dira makalak. “Espainiako Txapelketan paper ona egin nahiko nuke, bai pistan baita aire librean ere. Ahal bada, bi finaletan sartu eta gustura geratu egindako lana eta denborekin”.
Diru-laguntzarik gabe zer?
Nahiz eta oso kirol gogorra eta zorrotza izan, askotan, gizartean eta administrazioan ez zaio merezi duen lekua ematen. Krisi ekonomikoarekin batera etorritako diru-laguntzen faltak kirol honen zokora-tzea areagotu egin du. Kirolgiren diru-laguntzaren desagertzeari, Espainiako Federazioarenaren murrizketa gehitu behar zaio. “Babesleei gure esker ona erakutsi nahi diegu, haien laguntzari esker aurrera ateratzen ari gara eta”, dio Ibon Muñoz zuzendari teknikoak. Horretaz gain, taldeak hainbat ekimen antolatu ditu a-tzean duen giza-taldea handitzeko asmoz. “Atletismo eskolaz gain, oposizioak prestatzeko edo sasoian mantentzeko korrika taldeak antolatu ditugu, helburu nagusia atletismoa eskualdean hedatzea baita”.
Nerearen hitzetan atletismoak balio ugari erakusten dizkizu. “Esfortzu handia exiji-tzen dizu, baina arduratsuagoa izaten eta denbora hobeto antolatzen irakasten dizu. Azken finean, bizitzako aspektu guztietan hobetzen laguntzen dizu”. “Taldean primeran pasatzen dugu eta giro ezin hobea dugu” gaineratu du Teresak.

Informazioa: www.atletismobat.com
Telefonoa: 609 672 917

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude