Iritzia. Xabier Kerexeta. Suila bete euskara

 

Euskmantusaararen mama goxoa ahoratu nahi dugunok mozkortzeko aukera gutxi izan ohi dugu. Alderantziz, zenbatetan ez ote dugun edaten erdal iturrian urardotutako hitzak! Noiz edo noiz, ordea, erdaraz edaten ari garela, hara! euskal iturriko ardo fresko txuria aurkitzen dugu.
Donostiako Danborradan, Kresala kultur elkarteko emakumeek ere parte hartu nahi zutela eta, iturri historikoetara baino gehiago mitoarenera jo zuten. Izan ere, XIX.ean emakumeak urketa iturrira joan eta beren ontziekin erantzuten omen zieten militarren danborrei, upel joka omen zebiltzan iringile (gero sukaldari bihurtuta) gizonezkoekin batera. Agian, oraindik Bretxako merkatura jaisten ziren esneketariei erreparatuta, “urketari”euskaldundu zuten aguadora Kresalakoek. Tira, 2012an bertan argitaratutako liburu baten euskal bertsioan “urkariak” agertzen da, itzultzaileek euskal mundura ez baina erdarazko kalko hutsera jo-tzeko duten errazkeriaren adierazgarri. Kontuan hartuta “herrada” batzuek “errada” (euskal edarraz nahasita) itzultzen dutela, eta beste batzuek “burdinazko ontzi”, edozer.
2013an, 1913ko mendeurrenaren karietara halako itzultzaileek duela ehun urte idatzitako erdal testuak irakurri balituzte, aurkituko zuketen euskaraz herrada suila dela. Eta ordurako desagertzear zegoen ofizioko langileak deitzen zituztela, erdaraz inolako izenik eman gabe, “las sullabetetzalles”. Eta ez zuten hartarako erdarazko hitza, orduan donostiar jatorrek, hots, pobreek, erdaraz egiten ez zutelako. Gerora hizkuntzaren egoera zeharo hankaz goratu zen, eta orduko aberatsak elebidun izateari utzi ez ezik jende xume asko belaunaldi pare batean euskaldun huts izatetik erdaldun huts izatera iragan zen. Orain donostiarrak berdin elebidun izateko bidean omen doaz. Hala bada, hala bedi.
Dena dela, nago ez ote gabiltzan berandu suilabetetzaile hitz eder askoa baina erdaldunentzat esaten zail samarra txertatzeko Donostiako festaren hiztegian, musika-tresna berria, partxedun suila, urkedanborra izendatu dute eta.

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude