Ez ohiko itxura hartu du Amaia Kultur Zentroko erakusketa aretoak. Marrazki
bizidunetako eta komikietako pertsonaiek modu oldarkorrean jasotzen dute bisitaria, kolore biziek eta ilustrazio deigarriek lagunduta. Judas Arrieta artista hondarribiarra da eraldatze horren erruduna. Apirilaren 19ra arte erakutsiko ditu bere obrak Irunen, “Pintatu ala hil” izenburu esanguratsua daraman erakusketan.
Duela urtebete itzuli zen Judas Arrieta Txinatik. Ia hamarkada osoa eman du Asian, lanean eta bere artea garatzen. Bueltan, argi ikusi du erakundeekin eta enpresekin elkarlanean aritzea ezinbesteko zaiola bizirauteko. Hiruhortzeko hori lortu du Amaia Kultur Zentroko erakusketarekin. Irungo Udalaren babesa jaso du, eta, bide batez, Jart Skateboards enpresarekin elkarlanean egindako lana erakutsi du. Txinan egindako margolan handiek osatzen dute erakusketaren lehen zatia. Margolaritzari buruz daukan “jarrera” erakusten dutela argitu du Arrietak: “Mangaren eta ilustrazioaren apologia egiten dut”. Bigarrenean, modu berezian margotutako skate taulak daude. “Nire lana formatu erakargarri batean aurkezteko aukera da”, azaldu du artistak. Jart-ekin lan egitea bere obra zabaltzeko bide izan daitekeela uste du. Ez du baztertu etorkizunean produktuak merkaturatzeko aukera.
Bizpahiru margolan kenduta, Arrietak inoiz erakutsi ez duen obra da Amaiakoa. Lan bakoitza “azaldu” nahi duela azpimarratu du artistak. Horretarako, bisita gidatuak egingo ditu igande goizetan. “Jende askok pentsatuko du mangak ez duela inolako loturarik Irunekin, Hondarribiarekin edo Euskal Herriarekin. Baina oker daude”, azpimarratu du Judas Arrietak. Berak ere, eskualdearekiko lotura indartu nahi izan du. Gaztetxoa zenean, Hondarribian jaio izanaz damu zela onartu du. Baina atzerrian urteak emateak ikuspegia aldatu dio: “Kanpoan zaudenean konturatzen zara jaiolekuak daukan garrantziaz”. Bueltan, bere ekarpena egin nahi izan dio Behe Bidasoari. Gertukoei erakutsi nahi die obra: “Askok telebistan edo egunkarian ikusi naute, baina ez dute nire lana ezagutzen, ez dute sekula aurrez aurre eduki”. Gainera, Irungo kultur mugimenduak “freskotasuna” behar duela nabarmendu du. Aniztasuna, behin-tzat, ekarri dio Judas Arrietak Amaia Kultur Zentroari.