“Behin joan nintzen azokara eta erosi nuen…” dio abestiak. Guk erosi dugu: aza… Neguko azarik aza betekoena, azandia, berde horiska, hori zuriska, hosto lakarrak banan bana aletzen hasiz gero amaierarik ez duela dirudien horietakoa, espiralean osatua, Roger Cormanen landare haragijale (Little shop of horrors – Izugarrikerien denda, 1960) txit arrunt eta zoragarriaren filma inspiratu zuen aza… Ba al daki inork non eta noiz jan zen historiako lehenengo aza? Txinan? Baliarrainen? Akaso Mesopotamiako baratze sumeriar batean?
Edonola ere, Moskuko plazan erosi dugun aza badiako baratze umel batetik dator fresko-fresko, eta hura poltsan ipini bezain pronto badiako beste baserri baten altzoan loratu den lehenengo mimosa xorta erosi dugu. Jarraian pareko salmenta-postura goaz gazta puska prezio egokian lortzeko, eta gero, arraultzeak saldu dizkigu hango beste postukoak, baita laranjak eta limoiak ere haraxeago dagoen saltzaileak. Joan dira haurrak, nola ez, txoriei, ur-dortokei, untxiei eta akuriei erreparatzera, eta guk aprobetxatu dugu unea hamar kulero sexy inon baino merkeago erosteko eta, bide batez, baita etxerako txapin gris batzuek erosi ere. Kaseteen salmenta-toki ohian, egun CD deskatalogatuak edo ofizialki agortuak aurki daitezke; Maixa eta Ixiarrenak, Takolo, Pirritx eta Porrotxen lehenengoa, edota zoritxarrez garunaren erdiguneraino sartu zi-tzaizun Los Chunguitosen abesti haren CDa. Auskalo zer doinu iristen zaien plazaren parkeko aldean larunbatero presoen alde elkarretaratzea egin ohi dutenei, beharbada ondoko kutxazain automatikotik datorkie, ilara sortu baita bertan sartzeko, makinak “to billete mordoa, to beste mordoa” diharduelarik. Ilaran daudenak, berriz: goazen marianito bat hartzera, eta kroketa bat, edota muztioa eta kalamarak… Izar gorria jada estalita duen plazan egun morea ospatuko da bihar, eta Asun Casasola mikroipuin lehiaketaren irabazleak iragarriko dira. Ama, alaba, amona, birramona, biloba, iloba, izeba, birbiloba, lehengusinak gogoan izateko aukera, haietariko asko bai azoka-hornitzaile bai erosle eternalak, eta beste asko, kozinatzeko, egunero, aza besterik ez dutenak.