Antzerkia eta magia izango dira Euskararen Hilabeteko protagonistak

Antzerkia eta magia izango dira Irungo Euskararen Hilabeteko ekintza nagusiak. Irungo Udalak otsailaren 26tik martxoaren 13ra hainbat ekintza antolatu ditu “Euskara, gure altxorra” lelopean. Ekintza horien bitartez haur eta gazteen motibazioan eragiteaz gainera, euskararen aldeko jarrera positiboa sustatu nahi da.

Euskararen Hilabetea Irungo Euskara Sustatzeko Ekintza planaren barnean aurreikusitako ekintzetako bat da. Programan Irungo ikastetxe eta institutuetako ikasleek parte hartzen dute. Monica Martinez Euskara ordezkariak azaldu duenez, ikuskizunak urtero bezala Amaia Kultur Zentroan egingo dira.

“Ikuskizunak adin tarte bakoitzera egokitu ditugu”

Monica Martinez, Euskara ordezkaria

Aurten, guztira, 7.000 ikasle izango dira parte-hartzaileak, Haur Hezkuntzatik hasita DBH-ko 4. mailara arteko 3 eta 16 urte bitarteko haurrak. Monica Martinezen hitzetan, “ikuskizunak adin tarte bakoitzera egokitu ditugu”. Euskararen Hilabeteko lehen ekintza, Haur Hezkuntzako ikasleentzat otsailaren 26, 27 eta 28an zehar eskainitako Asier Kidam magoaren “Aroa eta mirariak” ikuskizuna izan zen”. Umorea eta soinu-banda zaindu baten bitartez, haurrek mirari txikiak bizitzeko aukera izan zuten.

Martxoak 5 eta 6
Martxoaren 5ean eta 6ean Lehen Hezkuntzako 3. eta 4. mailako ikasleek “Jon Beldurgabea” ipuinean oinarritutako an-tzezlana ikusiko dute. Antzezlanean beldurra zer den ezagutu nahi duen Jon gaztearen abenturak biziko dituzte ikasleek. Grimm anaien klasiko bat den ipuinaren bitartez haurrei beldurrik gabe adorea ezagutzea ezinezkoa dela helarazi nahi zaie.

Martxoak 11
Derrigorrezko Bigarren Hezkuntzako 1. eta 2. mailetako ikasleek “Mari eta gaileta fabrika” antzezlanaz gozatzeko aukera izango dute martxoaren 11ean. Eidabek eskainitako antzezlanean Lukak amonari gailetak prestatuko dizkio. Gailetek, ordea, hain gozoak ez diren amonaren iraganeko oroitzapenak piztuko dituzte.

Martxoak 13
Azkenik, martxoaren 13an “Zoaz pake santuan” antzezlana ikusiko dute DBHko 3. eta 4. mailako ikasleek. Ikuskizunean Andreak senarra pozoituko du eta, gizonari egindakoa aitortu ostean, giltzapeturik dagoen etxe barruan Andreari aurreikusitako plana hankaz gora jarriko zaio.

Bi Irunero berezi
Monica Martinez Euskara ordezkariak azaldu duenez, “ikasleen sormena erakusteko, aurten ere Iruneroren bi ale berezi argitaratuko dira”. Lehen zenbakian Haur Hezkuntzako ikasleen lanez gain, LH1, LH2M LH3 eta LH4ko ikasleen lanak jasoko dira. Bigarren aldizkari batean, berriz, LH5, LH6 eta DBHko ikasleen lanak bilduko dira. Irunero aldizkariaren bi ale bereziak ikastetxe eta institutuetan banatuko dira. Hortaz gain, aldizkariak Euskara Arloaren webgunean ikusgai egongo dira.

“300 ikaslek izena eman dute Mintzodromo Gaztean”

Arantza Zulet, Normalizaziorako Teknikaria

Mintzodromo gaztea
Derrigorrezko Bigarren Hezkuntzako 4. mailako ikasleek Mintzodromo gaztean parte hartzeko aukera izango dute. Arantza Zulet Normalizaziorako Teknikariak azaldu duenez, “300 ikaslek izena eman dute Mintzodromo Gaztean”. Normalizaziorako Teknikariak azpimarratu duenez, ekintzak izandako arrakasta ikusita, egun bakarrean egin beharrean, Mintzodromoa bi egunetan egin beharko da. Arantza Zuletek gaineratu duenez, Mintzodromo Gaztea institutuetan oso harrera ona izan ohi duen ekintza da, nahiz eta batzuetan ikastetxeen programazioan txertatzea zaila izaten den.

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude