MOZORROAK

Doinua: Amodioa gauza tristea
Egilea: Manu Goiogana Bengoetxea

1)
Hedabideek ez dutenean
inpartzialki jarduten
bat aspertzen da lehenespenez
egi laurdenak entzuten.
Saia gaitezen lerroburuei
errimekin erantzuten
adibideok nahiz eta diren
laburpenaren laburpen,
ikus dezagun egiak nola
mozorrotzen dizkiguten.

2)
Gune berdeen suntsitzaile den
asmo defizitario
AHTak gizendu ditu
hamaika enpresario.
Obretan zenbat lur mugimendu
eta CO2 jario,
txikizioa bilakatu da
urteetan usadio,
baina amatxok, mozorrotzean,
tren berdea dela dio.

3)
Ipiniz gero Gipuzkoako
erraustegira begira
mende bateko zor publikoa
gure bizkar erori da.
Europan ixten doazenean
hemen berriak desira
Euren hitzetan kutsadurarik
ez du sortzen, baina tira,
hitzok egia mozorrotzeko
ke grisak baino ez dira!

4)
Tamalez orain Zaldibar ere
mapan kokatu digute,
bi langile hil, giro kutsatu,
nahita sortutako sute,..
gai toxikoen kea arnasten
utzi izanaren truke
elkartu eta erantzuleen
aurka jo behar genuke
utzikeria onartezin bat
lan-istripuz jantzi dute.

5)
Martxoak 8 heltzen denean
Jaurlaritza telebistan,
mozorro more bat agerian
lehenengo begi kliskan,
gutxi behar dute abiatzeko
mugimendu feministan
baina martxoak bederatzian
guztia doa irristan
txapa moreak kaxoi barruan
eta ipurdiak bistan.

6)
Bidasoako bi herrietan
jarrita festetara so
emakumeen eskubideek
urtero zenbat eraso!
Berdintasunez errespetua
ezin eman eta jaso,
nola bihurtu daitekeen inork
azalduko dit akaso
eskubideen urraketa bat
bizikidetza arazo.

7)
Euskal Herria higatzen doaz
Espainia zein Frantzia;
Vuelta zein Tourrak muga non dugun
aspaldi dute ahantzia,
Eurokopa bat ere badator
baloiari itsatsia,
murriztuz doa atzerriraino
egin behar den distantzia…
beste konkista kultural bat da
normaltasunez jantzia.

8)
Zaldunbordako afera ere
hobe dugu ez atzendu
Mega Outlet-ak ez duen arren
ez logika, ez sostengu
zenbait lanpostu prekarioen
aitzakia nabarmendu
eta baimenik ez duten arren
asmoa nahi da mantendu,
denda txikiak desagertzea
mozorroak estaltzen du!

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude