(GURE ESKU DAGO eta HARTU HITZA dinamiketan ari diren lagunak gogoan)
Egilea: Aitor Errazkin Vicente
1.-
Eskola-ume orori
berdin du zein herritan
galdetzen zaio zer izan
nahi lukeen handitan.
Neurri bereko galderak
nahi ditugu karrikan,
inork inoiz jarriko ez
dituenak auzitan.
Neurri bereko galderak
nahi ditugu karrikan
elkarbizitza kolokan
den adina alditan.
2.-
Kultura eta hizkuntza
propio baten jabe,
baina haiek babesteko
eskubiderik gabe.
Nahiz denborak hatz artetik
egiten digun alde,
iraganaren lezio
oro daukagu alde.
Nahiz denborak hatz artetik
egiten digun alde,
oraina eta geroa
gure eskuetan daude.
3.-
Denboraren menpe bizi
gara, gauza jakina,
baina ezerk ez gaitzala
muga horrek adina;
beste inork ezarria
bada gure ezina,
erantzuteko jadanik
badaukagu adina.
beste inork ezarria
bada gure ezina,
egin dezagun kateak
hausteko ahalegina.
4.-
Txoria joan ez dadin
hego biak ebaki
hori zuzena ez dela
mundu osoak daki.
Nola uka dakioke
geroa herri bati?
Jolastokiak bihurtu
behar al dira lubaki?
Nola uka dakioke
geroa herri bati?
Hitza har dezagun eta
geurea erabaki.