sYstem Error

Bertsoak: Gotzon Aizpiolea Etxegoien

Doinua: Gaixo nengoen joan dan aspaldin

 

 

Negu honetan gertatu zaigu

gehiegiri gertatua

eta pasa dut denbora pixkat

Ospitalean sartua.

Itxaron gelan marrak kontatuz

izan dut zer pentsatua;

ederra dela eredu honek

eskaintzen digun tratua.

 

 

Bateko zerga, besteko BEZa

kontua da ordaintzea,

diotelako eman behar dela

kostatzen dena lortzea.

Aurpegi polit bat erakutsiz,

ezkutatuaz atzea,

lapur zuriek, erreza dute

gurea dena hartzea.

 

 

Marrak kontatzen ari ginela

iritsi zitzaigun txanda.

Goizeko laurak baziren jada,

haurra besotan etzanda.

Berriz kontsultan utzi gintuzten

beste norabait joanda,

leher eginda ginelako ez

genuen egin eztanda.

 

 

Baina eseri eta lasaituz

pentsatu nuen ordea,

medikuaren posizioa

ez zela askoz hobea,

ziztu bizian egiten zuen

zezakeenaren doblea.

Bera horrela zerabilkien

gaitza bai zela grabea!

 

 

Abiadura hura ikusiz

gogoratu nuen trena,

inori ezer galdetu gabe

egiten ari direna.

Nork eman die gure dirua

hormigoitzeko baimena?

Tren azkarrago bat ote da ba

herritarrontzat onena?

 

 

Lapurreta bat ikusten dugu

gure muturren aurrean

Politikari jeitsi mundura

ta jarri hankak lurrean!

Joka ezazu duintasunez,

jendea modu txarrean

baldosetako marrak kontatuz

torturatu beharrean!

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude