Ramuntxo Trinkete Klubak 1995ean ekin zion bere ibilbideari esku-pilota eta palaren munduan. Harrez geroztik, taldeko pilotariek garaipen oso garrantzitsuak lortu dituzte; hala nola, Euskal Herriko edo Iparraldeko txapelketak. Etorkizunera begira, gazteek hain gurea den kirol hau bizirik mantentzea dute helburu nagusi.
Pala eta larruzko pilota eskuan hartuta egiten didate harrera Ander Montserratek eta Gorka Pablosek. Laugarren geratu dira orain dela egun batzuk Uruguain jokatutako 22 urtez azpiko Munduko Trinkete Txapelketan. Emaitza gazi-gozoa izan da irundarrentzat, hirugarren postua eskuekin ukitzeko zorian egon baitziren. Hala ere, hoberenen kontra lehiatzea aukera izugarria izan dute. “Oso esperientzia positiboa izan da. Munduko jokalaririk onena den Facundo Andreasen argentinarraren kontra aritzea opari bat da” dio Ander Montserratek, irribarretsu. “Inoiz partidu bakar bat galdu ez duen bikote baten aurka aritzea oso zaila da, baina pozik gaude. Hurrengoan domina eskuratuko dugu” gehitu du Gorka Pablosek.
Txikiak zirela erakarri zuen trinketeak bi kirolari gazte hauen arreta. Anderrek aita eta aitona jokatzen ikustean sentitu zuen lehendabiziko tantoak egiteko irrika. Aurreneko egunean ez zen bakarrik egon, Gorka gelakidea diziplina probatzeko konbentzitu zuen eta.
Bultzatzeko ekimenak
Bi gazte hauen kasua ez da oso ohikoa gure inguruan. Enrique Moron Ramuntxo Trinkete Klubeko esku-pilotaren arduradunak dioen bezala, “Irungo kirol eskaintza oso zabala da eta, nahiz eta oso gurea den kirola eskaini, gazte gutxik erakusten dute interesa esku-pilota eta paleta diziplinak probatzeko”. Hala ere, azkenaldian kirol tradizional hau eskoletara hurbiltzeak eta Atalaia deituriko ikastetxeen arteko txapelketa antolatzeak ondorio positiboak izan dituzte. “Eskola kirolari esker 200 bat ume frontoira gerturatu ahal izan ditugu, eta Atalaia Txapelketan 31 haur-bikote lehiatzen ikusteko aukera ere izan dugu. Gainera, horietatik 14k gurekin jarraitu dute” azaldu du Enrique Moronek, kontent.
Kirol egokituko sekzioa
Horretaz gain, orain dela lau bat urte, kirol egokituko sekzioarekin hasi zen Ramuntxo Trinkete Kluba. Atzo izan balitz bezala gogoratzen du Enriquek: “Gure bilera batera etorri zen emakume baten proposamena izan zen, eta ondo aztertu ondoren baietza eman genion. Minusbaliotasunen bat dutenekin solasean ari-tzea primerako esperientzia da. Gainera, lehiakortasunaren gainetik beste balio garrantzitsu ba-tzuk badaudela erakusten dizute”. Esperientzia errepikatzeko asmoz, federazioarekin batera kaptazio programa bat abian jar-tzekotan daude.
Bestalde, gaur egun kluba osa-tzen duten 70 bat kirolariren kopuruak gora egitea nahi dute klubekoek. Esku-pilotaren eskolako arduradunak oso argi dauka: “ezin dugu hain gurea den kirola galtzen utzi, eta hori lortzeko ezinbestekoa da gazteen, bai nesken bai mutilen kolaborazioa eta inplikazioa lortzea, etorkizuna beraien esku baitago”. Gauzak horrela, bizitasuna eta kontzentrazioa uztartzen dituen kirol honetan lehen urratsak eman nahi izanez gero, Artiako Ramuntxo Trinketeko ateak zabal-zabalik daude.