Iraileko lehen asteburuan Junior eta Sub23 mailako Munduko Sprint Txapelketa jokatu da Montemor-o-Velho hirian, Portugalen. Santiagotarrak-Urbycolan taldearentzat marka historikoa hautsi da, Munduko Sprint Txapelketa batean hain parte-hartze handia izan duen lehen aldia izan baita. Txapelketa honekin, Aitor Gorrotxategik, Maialen Arsuagak, Uxue Arsuagak eta Nerea Garcíak entrenamendu denboraldi luze bati eman diote amaiera.
Zilarrezko domina Nerea Garcíarentzat
Nerea Garcíak, Teresa Tirado meridarrarekin batera, 23 Urtez Azpiko Munduko Sprint Txapelketako txapeldunordeak izatea lortu du. Zilarrezko domina etxera ekarri ostean Garcíak azaldu du, jada txapelketaren amaieratik egun batzuk igaro direnez, lortutakoa barneratzeko tartea izan duela.
Zilarrezko domina lortzeko sekretua galdetu ostean, Garcíak azaldu du “taktika kontua” dela. “Oso garrantzitsua da lehen metroetan oso azkar irtetea, ondoren, artutako erritmoari eusteko gai izateaz gainera”, adierazi du txapeldunordeak. Era berean, txapelketaren aurretik podiumera iristea zaila izango zela uste zuen Nereak. “Uste nuen finalean lehiatzeko sailkapena lortzea jada pozik egoteko nahikoa izango zela”.
Txapeldunorde postua eskuratzeaz gainera, Nerea Garcíak K4 500 metrokoan ere parte hartu zuen. Azkeneraino oso lasterketa borrokatua izan zen, baina irundarraren ontzia zazpigarren postuan iritsi zen helmugara. Bigarren dominarik irabazi ez arren, lortutakoa “garaipen bikoitz” gisa bizi izan duela onartu du Garcíak. “K4an distantzia olinpikoan lehiatzen gara, beraz, maila nahiko altuagoa da”.
Brontzezko Arsuaga ahizpak
K2 200 metroetan, berriz, Uxue eta Maialen Arsuaga bikiek junior mailan hirugarren postua lortu zuten. Bikiek adierazi dutenez oso berezia da ahizparekin ontzi berean lehiatzea eta, are gehiago, etxera brontzezko domina “bikoitza” ekartzea. Era berean, Uxue maila mistoko K2 500 metrotan lehiatu zen Valladolideko Marcos Caballerosekin eta seigarren geratu ziren. Modalitate mistoa txapelketako berritasunetako bat izan da.
Etxean poztasunez jaso zuten Arsuaga ahizpek elkarrekin lortutako hirugarren postua. Gainera, neba aurretik piraguan ibilitakoa da eta baita haien aita ere gaztetan. “Ahizpak izanda domina lortzen dugunean poztasuna bikoitza da”, adierazi dute Arsuagatarrek.
Uxue eta Maialenek azaldu dutenez, 200 metroak oso txapelketa “azkarrak” dira, beraz, piraguistek primeran elkar ulertzea ezinbestekoa da. Bikien kasuan, batak bestearengan konfiantza asko dutela onartu dute. Ahizpak izanda, ulertzekoa denez, beren momentu on eta txarrak dauzkate, elkarrekin denbora asko ematen baitute.
Arsuaga ahizpen hitzetan, dominak eskuratzeak eragiten duen pozaz gainera, horrelako lorpenak garrantzitsuak dira klubarentzat zein kirolarentzat. Izan ere, dominek kirola ezagutarazten laguntzen dute eta, ondorioz, errazagoa da jendea Santiagotarrak bezalako klubetara erakartzea kirola probatu dezaten. Hortaz, beren lorpena klubari eta emakume kirolariei laguntzeko baliagarria izatearekin pozik agertu dira biki irundarrak.
Aitor Gorrotxategiren erakustaldia
Ostiralean Aitorren txanda izan zen K1 1000 metrotan eta B finaleko bosgarren postua lortu zuen, hau da, munduko hamalaugarren postua. K1 500ean dominen finalean sartzeko zorian egon zen. Hala ere, arantzatxoa kendu zuen B finala lasterketa bikain batekin irabazi zuenean.
Dominarik irabazi ez arren, Aitorrek oso txapelketa berezia izan dela onartu du. “Klubeko lau pertsonek munduko txapelketa berean lehiatzeko aukera izatea oso berezia iruditzen zait”, adierazi du Gorrotxategik. “Gure kirolak egun bakar batean aurretik landutako guztia erakustea eskatzen du”, adierazi du Santiagotarrak klubeko palistak. Sprinta bezalako modalitateetan eskakizun-maila maximoa dela azaldu du Gorrotxategik. Bere hitzetan 500 metrotan palada erdi batek txapelketa irabaztea, galtzea edo finaletik kanpo geratzea eragin dezake.
Munduko Sprint Txapelketan lortutako postuari buruz Aitorrek azaldu du txapelketan erakutsitako errendimendu mailarekin pozik dagoela. Izan ere, berriki lesionatuta egon da eta berriro nazioartean lehiatzeko gai izateak poztasuna eragin dio. Kirolariak erantsi du: “momentuan beti apur bat gehiago eskatzen diozu zure buruari”.
Klubaren babesa
Portugalen jokatutako Munduko Sprinteko Txapelketaren beste berezitasunetako bat publikorik gabe egin izana da. Hortaz, jarraitzaileek pantailaren beste aldetik jarraitu zituzten kirolarien txapelketak. Aitor Gorrotxategik azaldu duenez, txapelketak jarraitzeko klubean giro polita sortu zela jakin dute gerora. Lehiatu bitartean publikoaren animoak eta zuzeneko kontaktu hori faltan nabaritu dutela adierazi dute Santiagotarrak klubeko kirolariek. Klubean txapelketa jarraitzeko elkartu zirenek beren erreakzioak bideoz grabatu zituzten eta kirolarientzat oso berezia izan da urrutitik nesken dominak nola ospatu dituzten ikustea.
Txapelketa loriatsu honekin amaitu dute denboraldia Santiagotarrak klubeko esprinterrek. Orain atseden hartu eta pilak kargatu behar dituzte hurrengo denboraldian daukaten onena ematen jarraitzeko. Hala ere, klubeko kirolari guztiak ezin dira oraindik lasaitu. Urriaren hasieran Errumaniako Munduko Maratoi Txapelketan Martin Miranda, Eider Amundarain eta Unai Amostegi maratoilariak lehiatuko baitira.
Elkarrizketa osoaren bideoa Txingudi Onlinen ikusgai.