Kirol ekintzak sanmartzialetako programako beste protagonistak

G62406: San Martzialeko Lehen Moto Kross txapelketa Real Moto Klubak antolatua Toki-Goxo zelaian.

    Irungo San Pedro eta San Martzial jaien inguruan antolatzen den ekintzen egitarauaren barnean kirol erakustaldi eta txapelketak ekintzen parte garrantzitsu bat dira. Hiriko jai eta kirol ekintzen arteko lotura aspalditik datorren zerbait da, izan ere, XX. mendearen hasieratik Irungo jaien inguruko kirol txapelketak edo bestelako ekitaldiak antolatzen dira.

2020. urtean, San Pedro eta San Martzial jai ezohiko batzuen aurrean, Junzal Eizaguirre kultura ordezkariak azaldu duenez, kirol ekitaldi gehienak bertan behera uztea ezinbestekoa izan da. Izan ere, hiriko festen inguruan antolatu ohi diren txapelketa edo kirol erakustaldi gehienek jende pilaketa handiak eragin ohi dituzte, parte hartzaileen arteko segurtasun distantzia errespetatzea ezinezkoa edo osasun agintariek adostutako segurtasun neurriekin bateraezinak dira.

G41061: Irun Hiria nazioarteko zubien lehen zeharkaldia.

Irungo Artxiboaren webgunean argitaratutako lehen jaietako programa 1909. urtekoa izan arren, ekintza gutxi batzuk biltzen dituen jaietako egitarau horren barnean ez da kirolarekin lotutako ekintzarik iragartzeko. Izan ere, zezenketak edo herri eta hiri desberdinetatik etorritako musika banden kontzertuak ziren garai hartan Irungo jaien inguruan antolatzen ziren ekintzak.

G24402: San Martzial jaien harira antolatutako Segalari Txapelketa 1986. urtean.

Ekaineko jaietako programaren barruan izan ez arren, baina, 1913. urtean San Martzialeko Guduaren lehen mendeurrena ospatzeko antolatutako ekitaldi berezien arten abuztuaren 29an pilota partidua antolatu zen Patronatuaren frontoian, abuztuaren 30ean, futbol partidu berezi bat jokatu zen bitartean. Horrela, 1914. urtetik aurrera argitaratutako jaietako programetan kirol ekintzek presentzia handiagoa izango dute. Urte horretan gainera, kirol ekintzak jai egun handira arte iritsi baitziren , ekainaren 30ean Bilboko Athletik klubeko jokalaria eta Real Racing taldeen arteko futbol partidua antolatu baitzen. 1910. urteko hamarkadaren barruan “Gran Match de Lucha Greco-Romana”, Bidasoa ibaiko estropada eta igeriketa txapelketa eta Cross Country Lasterketa ekintzak batu ziren jaien programara.

G60684: Uranzu frontoian 1979ko uztailaren 1an antolatutako boxeo txapelketa.

Iraganetik orainaldira
Irungo jaietako programaren barnean badira aspaldian lehen aldiz antolatu eta bere horretan gaur egungo festetara arte iraun duten ekintza. Adibidez, uztailaren 1ean egin ohi den pilota partidua 1910. hamarkadaren amaieran antolatu zen lehen aldiz. Hortaz gain, jai egun nagusiaren aurreko egunetan egin ohi den txirrindulari txapelketa, historian zehar izen ezberdinak izan dituen arren, XX. mendeko lehen hamarkadetan antolatu zen lehen aldiz.

Era horretan, gaur egungo jaietako programa osatzen duten ekintza asko eta asko 1970. hamarkadan zehar batu ziren egitaraura. Adibidez, urte horietan zehar lehen Halterofilia txapelketa antolatu zen. Uztailaren 1ean, berriz, pilota txapelketa profesionalarekin batera, lehen Euskal Kirol erakustaldiak eta Dantza Sueltoko txapelketak antolatu ziren. Modu honetan, jai egunak ekainaren 28an hastetik, jai egunak luzatu eta ekainaren 23ra arte luzatu ziren, kirol ekintza gehiago antolatzeko aukera emanez. 1990. urtetik aurrera antolatutako festetako programek ordea, antzekotasun handiak dauzkate gaur egun arte antolatutakoekin, egitura zein antolatutako ekintzei dagokienez.

G28544: Halterofiliako erakustaldia 1982ko San Martzial jaietan.

Berezitasunak
Hala ere, badira gaur egun antolatu ez, baina, iraganean antolatutako ekintza berezi eta imajinaezinak. Beste ekintza batzuen artean 1930. urtetik aurrera Stadium Galen uso-tiroketa txapelketa ugari antolatu ziren, San Martzialeko trio-zelaia eraiki arte. 1970. hamarkada inguruan boxeo gauak antolatzen ziren Uranzu frontoian. Uranzu frontoia eskubaloi, judo edo katas lehiaketen lekuko izan da, besteak beste. Azken mendean zehar Bidasoa ibaian igeriketa lehiaketak eta estropadak antolatu ziren. Hortaz gain, Toki-Goxoko zelaian egindako San Martzialeko Moto-Kros Saria, Segalarien San Martzial Saria eta Yoga erakustaldiak jaietako programaren parte izatera iritsi dira.

 

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude