Carlos Zapirain, dantza irakaslea: “Urtero Inauterietan desberdina izango den zerbait egiten ahalegintzen gara”

 Irungo Carlos Zapirain Dantza Akademiak 26 urte daramatza Irungo Inauterietako desfilean parte hartzen. Carlos Zapirain irakasleak duela 30 urte ireki zuen bere dantza akademia Irunen eta handik denbora gutxira hiriko Inauterietako ospakizunera batu ziren. Aurten, 85 bikingo gerlarik hiriko kaleak musika eta dantzaz beteko dituzte.

Lan handia eskatzen du Irungo Inauterietako desfilean parte hartzeak?
Bai, izan ere, iraila inguruan hasten gara lehen prestaketa lanekin eta Inauteriak iritsi arte etengabe gauzak lotzen gabiltza.

Zeintzuk dira lehen prestaketak?
Garrantzitsuena gaia lehenbailen erabakitzea da. Hortik aurrera, hautatutako gairako egokiak izan daitezkeen musikak bilatu eta koreografiak ere nik prestatzen ditut. Hala ere, jantziak eskatu, karroza prestatu eta beste zereginak aurrera ateratzen laguntzen nauten lagun taldea dut inguruan.

Zertan oinarritzen zarete gaia aukera-tzeko momentuan?
Inauterietan urte asko daramatzagun arren, orain arte egin ez dugun gairen bat topatzen dugu beti. Iñaki Cienfuegos eta ni gai posibleak bilatzeko elkartzen gara beti. Aukeratutako gaia musikaren bitartez gure dantzetara egokitzen dugu.

Zuen akademiaren kasuan Inauterietan dantzak garrantzi handia du, ezta?
Bai, gaiarekin bat egiten duten musika eta koreografiak bilatzen saiatzen gara. Aurten bikingoen gaiarekin borroka ukitua ematen saiatuko gara, nahiz eta gure estilotik aldendu.

Inauterietako dantzak prestatzeko entsegu berezirik egiten duzute?
Igandeetan egiten ditugu Inauterietako entseguak. Azaro inguruan hasten gara entsegu berezi horiekin eta Inauteriak iritsi arte igandero biltzen gara.

Egun gutxi gelditzen direnez 2020. urteko Inauterietarako, dena prest duzue?
Dantzarien makillajea adostea eta buruan eramango dugun kaskoa nola heldu dezakegun asmatzea, horiek dira momentu honetan lotu gabe dauzkagun gauza bakarrak. Karroza eta gainontzeko gauza guztiak prest dauzkagu.

Nondik eskuratzen dituzue mozorroak?
Iñaki Cienfuegos arduratzen da internet bidez mozorro egokiak bilatzeaz. Aurten Espainiako dendetan erosi dugu dena, baina, beste urte batzuetan Estatu Batuetan, Erresuma Batuan edo Frantzian erosi izan ditugu jantziak. Izan ere, ez da lan erraza dantzari guztientzako egokiak izango diren neurrietako mozorroak topatzea.

Dantzari guztiak zuen akademiako ikasleak dira?
Bai, izan ere, Inauterietan gurekin dantzatu ahal izateko oinarrizko maila bat izatea ezinbestekoa delako. Hain zuzen ere, eskolan urte bakarra daraman jendearentzako ere zaila izaten da oinarrizko ezagutza horiek denbora gutxian bereganatzea.

Desfile barnetik publiko irundarraren berotasuna nabaritzen duzue?
Bai, batez ere, eguraldi ona egiten duenean jendearen berotasuna eta babesa errazago iristen zaigu. Eguraldi txarrarekin Inauteriak tristeago bihurtzen dira.

Hainbeste urteren ostean, Inauteriekin lotutako bizipen berezirik duzue?
Urte guzti hauetan denetarik gertatu zaigu. Karrozaren gurpila aireportu alboan zulatu zitzaigun behin eta azken momentuan konpondu genuen. Beste batean, musika ondatu eta dantzariek abestiak abestu behar izan gentiuen dantzatzen jarraitu ahal izateko. Urtero ezusteko bereziren bat dugu.

Zer aurreratu dezakezu aurtengo Inauteriei begira?
Urtero Inauterietan desberdina izango den zerbait egiten ahalegintzen gara. Aurten bikingo gerlarien gaia aukeratu dugu eta oso ezberdina izango da aurretik hautatu izan ditugun gaiekiko. Dantzari garrantzia kendu gabe, aurten gerlari ukituaren alde apustu egin dugu.

Nola animatuko zenituzke irundarrak hiriko Inauterietan parte hartzera?
Desfileko antolatzaileek lan handia egiten dugula gogoratu nahiko nuke eta egiten dugun guztia maitasun handiz prestatzen dugula. Horregatik, asko eskertzen dugu jendea gu ikustera hurbiltzea eta gure lana gustoko dutela ikustea. Jendearen txaloak eta animoak atsegin handiz jasoko ditugu.

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude