Aurtengo San Pedro eta San Martzial jaiei ostegunean (ekainak 23) emango zaie hasiera ofiziala, pregoia emanda. Aspace Gipuzkoaren eskutik izango da, 50. urteurrena duten honetan. Elkarteko ordezkariek, erabiltzaileen senideek zein
Zuzendaritzako kideek, egingo dute Agur Ofiziala, udaletxeko balkoitik, 21:30ean. Ekitaldi honen aurretik, ohikoa den bezala, 19:00etan, ohiko San Juan arbola jarriko da, Txistulari Bandak girotuta; eta 20:45ean, Kemen Dantza Taldeak aurreskua dantzatuko du suaren inguruan. Agurraren ekitaldia bukatutakoan, 21:45ean, San Juan sua piztuko du José Antonio Santano Irungo alkateak.
Hiriaren apainketa
Bi urtez festarik egin gabe egon ondoren, hiria are gehiago apaindu da, eta leiho eta balkoietan zintzilikatzeko banatu diren banderez gain, gaurtik aurrera, Irun osoa are gehiago apaindu da kaleak eta hiribideak zeharkatzen dituzten jaietako koloretako banderatxoekin. Era berean, leku jakin batzuetan, San Juaneko pergolan esaterako, sanmartzialetako une garrantzitsuak erakusten dituzten formatu handiko irudiak jarri dira, #EsIrun #IrunDa kanpainaren leloarekin.
Aurten ere, aurreko urteetan bezala, udaletxeko fatxada gauero piztuko da bihartik aurrera, jaietako argi eta kolore bereizgarriekin. Gainera, San Matzial baseliza, nahiz eta urte osoan gauez itzali egiten den, jaiak direla eta, piztuta egongo da uztailaren 3ra arte.