Sanmartzialetako musika programazioa zabaldu da festen itzulera ospatzeko

Urtero moduan, musika izango da Irungo San Pedro eta San Martzial festen bezperako egunetako protagonistetako bat. Gauzak horrela, jaietako kontzertu nagusiak ekainaren 18an, 23an, 25ean eta 28an egingo dira Urdanibia plazako eszenatokian. Hala ere, sanmartzialetako musika programazioa ekaineko bi asteetan Irungo beste lekuetan egingo diren emanaldiekin osatuko da.

Juncal Eizaguirre Kultura ordezkariak adierazi duenez, “Gertatu den guztiarekin, gogo izugarria dugu jaiak berreskuratzeko, eta munduko ilusio guztia jarri dugu”. Kultura ordezkariak azaldu duenez, Kultura arloak hilabeteak daramatza Irungo Udaleko beste arloekin eta Irungo erakundeekin eta kolektibo ugariekin elkarlanean aurtengo jaietako programazioa osatzeko. Eizaguirrek azpimarratu duenez, “Maila oso oneko musika-eskaintza dugu, askotarikoa, prestigio handikoa eta tokiko artistei ere protagonismoa ematen diena”.

Bi urteko etenaldiaren ostean, Sanmartzialetako musika programazioa berritasunez beterik dator. Izan ere, aurten ohi baino kontzertu bat gehiago egingo da, beste urteetan antolatutako hiru kontzertuei laugarren bat gehituko baitzaie. Dena den, musika emanaldien erdigune izango den eszenatokia Urdanibia plaza izango da aurten ere. Urdanibia plazako lehen emanaldia ekainaren 18an izango da, La Mala Rodríguezen eskutik; hilaren 23an, jaietako lehen egun ofizialarekin batera, Burrunba elektrotxarangaren txanda izango da, eta ikuskizun berezia emango dute kolaboratzaileekin batera. Ekainaren 25ean, aldiz, Macacok joko du Irunen, eta azken kontzertua Varry Bravak eskainiko du hilaren 28an.

Tokiko taldeak taula gainean
Bestetik, Irungo festetan emanaldia eskainiko duten tokiko taldeen izenak jakinarazi ditu Kultura arloak. Ekainaren 18an, MORA SDR taldeak kontzertua eskainiko du La Mala Rodríguezen emanaldiaren aurretik. Ekainaren 25ean, larunbatean, Ezinezkoa taldeak bidea irekiko dio Macacori. Azkenik, ekainaren 28an Malforta talde irundarra Urdanibia plazako agertoki gainean ikusteko aukera egongo da, Varry Brava entzun aurretik.

Gogoan izan behar da Burrunba elektrotxarangak ere kontzertua eskainiko duela hilaren 23an jaietako programaren barruan. Ez da hasierako talderik izango, baina talde irundarrak iragarri du emanaldi berezia egingo dutela artista kolaboratzaileen laguntzarekin.
Festetan parte hartuko duten tokiko taldeak herritarrei irekitako bozketa bidez aukeratu dira. Bozketan 1.855 irundarren botoak jaso dira. Parte-hartzaileek aldez aurretik prozesuan izena eman zuten 10 taldeen artean aukeratu behar zuten. Malfortak lortu du boto gehien (433), atzetik Mora SDR (319) eta Ezinezkoa (280) zituela. Guztira, hiru talde hauek 2.301 boto jaso dituzte. Izan ere, parte-hartzaile bakoitzak talde bat baino gehiago bozkatzeko aukera zuen.

Juncal Eizaguirre Kulturako ordezkariak hautatutako taldeak zoriondu ditu, eta eskerrak eman dizkie, halaber, gainerako talde guztiei, parte hartzeagatik, bai eta aurtengo jaietako musika-eskaintza prestatzeko beren iritzia eman duten irundarrei ere. “Aurtengoa oso berezia izango da zuzeneko musika hirira itzuliko delako pandemiaren une latzenak atzean utzi ondoren, eta berriz ere tokiko artistak izango dira protagonistak”, azaldu du Kultura ordezkariak.

Aukeratutakoez gain, beste talde eta musikari hauek eman zuten izena Kultura arloaren ekimen honetan parte hartzeko: Mugalariak, Hitboyz, Calle Beat, Kaos Kooperativ, Kitzika Taldea, We eta Wondersoul.

Aukeraketa prozesuan aldaketa
Beste aldaketa esanguratsu batek musika programazioaren antolakuntzarekin du zerikusia. Hain zuzen ere, azken urteetan Sanmartzialetan kontzertua eskainiko zuten taldeak aukeratzeko bozketa herrikoi bat antolatu ohi zen jaiak hasi aurreko hilabeteetan. Tokiko taldeak aukeratzeko aurreko urteetako sistema bera erabili den arren, talde nagusien aukeraketarako sistema aldatzea erabaki da, hainbat arrazoi direla medio.

Juncal Eizaguirre Kultura ordezkariak azaldu duenez, “prozesu horiek egiteko epe jakin batzuk bete behar dira, eta taldeen agendak ixteko arazoak sortzen zituen horrek”. Era berean, Kultura ordezkariak gaineratu duenez, azken urteetan aldaketak izan dira musikaren merkatuaren funtzionamenduan eta, ondorioz, taldeek, promotoreen eta agenteen bidez, gero eta traba gehiago zituzten horrelako proposamenak onartzeko, askotariko arrazoiak tarteko.

Beraz, sistema aldatzeko erabakia azken urteotan egindako hausnarketa baten ondorioa da, eta musika-industriak berak proposatuta egin da. Izatez, Irun zen lurraldean kontzertuak horrela antolatzen zituen hiri bakarra. Juncal Eizaguirrek azpimarratu duenez, “oreka bilatu nahi izan dugu musika-panoramako erreferentziazko artistak ekartzearen eta herritarren parte-hartze handia bermatzearen artean”.

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude