Kultura arloa 2022ko Sanmartzialetarako lana aurreratzen hasi da

Irungo Udaleko Kultura Arloa 2022ko San Pedro eta Sanmartzialetako programazioa osatzeko lehenengo lanak egiten hasia da dagoeneko. Baldintzak egokiak badira bakarrik ospatuko dira jaiak, baina, edonola ere, gaur egun, Arloak hiru lan ildo ditu zabalik:

Bertako taldeak
Jaietako kontzertuetan parte hartu nahi duten bertako taldeek eskabidea helaraz diezaiokete Udalari. Gero, aurkezten diren taldeen zerrenda bat prestatuko da, eta herritarren esku utziko, haiek bozka dezaten.

Besteak beste, taldeek baldintza hauek bete beharko dituzte lehenengo aukeraketan parte hartzeko: taldekideen % 50 gutxienez Irunen erroldatuta egotea, 60 minutuko gutxieneko errepertorioa bermatzea eta kontzertu egunetako batean (ekainaren 18an, 25ean edo 28an) jotzeko moduan egotea. Adinari dagokionez, ez dago inongo baldintzarik.

Eskakizunak betetzen dituzten eta prozesuan parte hartu nahi duten taldeek oinarriei erantsitako izen emate orria bete beharko dute –udal webgunean eskuratu dezakete dena, www.irun.org helbidean–, eta cultura@irun.org helbide elektronikora bidali, martxoaren 13rako. Informazio gehiago lortzeko, berriz, Kultura eta Kirol Arloaren bulegoetara jo dezakete, Urdanibia plazako 6 zenbakiko etxabera, edo 943505410 telefono zenbakira deitu. Aukeratuak diren taldeek 1.200 euro kobratuko dituzte.

Nolanahi ere, pandemiaren unean uneko egoerara egokituko dira ospakuntza bera eta behin betiko programazioa.

Kartela diseinatzeko sariketa
Jaietako kartela diseinatzeko sariketaren oinarriak ere onartu dira. Interesdunek Amaia Kultur Zentroan aurkez ditzakete beren lanak, apirilaren 12tik 22ra bitartean.Beste urte batzuetan bezala, batzorde artistiko batek aurkezten diren lan guztien arteko lehenengo aukeraketa egingo du, eta, azken fasean, herritarrek irabazlea bozkatuko dute. www.irun.org helbidean eskuratu daitezke sariketan parte hartzeko baldintza eta eskakizunak ezartzen dituzten oinarriak.

Programan parte hartzea
Kultura Arloak idazki bat bidali die hiriko kultur eta kirol entitateei, jaietarako proposamenak egitera gonbidatzeko. Martxoaren 24ra bitartean bidal daitezke proposamenak, baina pandemiaren egoeraren araberakoa izango da aurrera eramatea edo ez. Interesdunek Herritarrentzako Arreta Zerbitzuaren egoitza elektronikoaren bidez (udal webgunearen bidez) aurkez ditzakete beren proposamenak, edo Zerbitzuaren bulegoetara bertara jo, eta, gero, teknikariek balorazioa egingo dute.

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude