Irailaren 30era arte eskatu ahalko da Irunen eskolako materiala erosteko diru-laguntza

Irungo Udalak Hezkuntza eta Hiri Bultzada arloen bidez jakinarazi duenez, uztail honetan, berriro aktibatuko da ‘Erosi eta Ikasi Irunen‘ deialdia, ikasmateriala hiriko dendetan eros dezaten familiei laguntzak emateko. Gaurtik (uztailak 2) hasi eta irailaren 30era arte zabalduko da dirulaguntzak eskatzeko epea. Aurten hamaikagarren deialdia beteko du ekimen honek; izan ere, aurreko edizioek harrera ona izan dute.

Jon Ugarte Hezkuntzako ordezkariak jakinarazi duenez, “beti esaten dugu erritmoa ez dela gelditzen Irungo Udalean, izan ere, ikasturtea amaitu den arren, orain programa honetan eskaerak egiteko epea irekitzen dugu, denbora eta tartea emateko, Irungo familiak antolatu daitezen eta beharrezkoak diren izapide guztiak lasai egin ditzaten. Gainera, ez da kasualitatea hau hamargarren deialdia izatea, horrelako laguntzak beti ongi hartzen baitira, laguntza garrantzitsua dira-eta eskolara itzultzeko zenbatekoei aurre egiteko”.

Aurrekontuari dagokionez, programaren edizio honetarako aurrekontua 200.000 eurokoa da. Baldintzak iazko antzekoak dira:

Umeak Irunen erroldatuta dituzten familientzako da programa, Derrigorrezko Hezkuntzako ikasleentzako (Lehen Hezkuntza, DBH eta Oinarrizko LH).

Aurten ere, jatorrizko fakturarik ez da aurkeztu behar eskaerak aurkezteko epearen barruan, baina faktura eskaneatuta egin daiteke, betiere jatorrizkoa gordez. Gerora, laginketa bat egingo da, eta faktura batzuk eskatuko dira. Fakturek 2024ko ekainaren 21etik irailaren 30era arteko data izan behar dute.

Nolanahi ere, eskaerak Udalaren egoitza elektronikoaren bidez egin beharko dira (www.irun.org/sede), Irun Txartela edo baimendutako edozein sinadura digital erabiliz.

Ez dira aldatzen diruz lagundu daitezkeen gastuak:

Idazteko materialak eta material suntsikorrak: arkatzak, boligrafoak, ezabatzeko elementuak, klipak, zorrozkailuak, erregelak, eskuairak, kartaboiak, garraiatzaileak, rotringak, koadernoak, folioak, informatikako kontsumigarriak.

Material ez-suntsikorra: kartapazioak, sailkatzaileak, artxibagailuak, estutxeak, kalkulagailuak, konpasak, eskola-motxilak, testu-liburuak (testu-liburuen eta curriculum-materialaren eta material digitalen Kudeaketa Solidariorako Programakoak barne), bereizgailuak.

Eskola-jarduerarako beharrezkoak diren jantziak: eskola-uniformea (eskola-mantalak barne), betaurrekoak edo lentillak (lente zuzentzaileak), gorputz-hezkuntza praktikatzeko kirol-arropa eta -oinetakoak.

Arte Hezkuntzarako, Plastika eta Ikus Hezkuntzarako, Teknologietarako edo Musikarako eskulanetarako gauzak (argizariak, olioak, pinturak, pintzelak).

Eta, oro har, ikastetxeak zirkular bidez berariaz eskatutako edozein material.

Bestalde, Nuria Alzaga Hiri Bultzadako ordezkariak programaren beste alderdian jarri du arreta, hau da, bertako merkataritzan kontsumoa sustatzea: “Programa hau ezin hobea da, izan ere, laguntzak jaso nahi dituzten familia askok gero Irungo saltokietan inbertitzeko aukera ematen du. Beharrezkoa da hiriko establezimenduetan erosketak pizten eta sustatzen jarraitzea, modu argia baita bertako ekonomia dinamizatzeko”.

Zenbateko handiagoak

Laguntzak gehienez ere 160, 125 edo 100 eurokoak izan daitezke, familia unitateko kide guztien errentaren arabera, tarte hauen arabera:

Urtean 27.000 euro gordin baino gutxiagoko diru-sarrerak dituzten familiek gehienez ere 160 euroko laguntza jaso ahal izango dute (azpimarratzekoa da aurten 10 euroan gehitu dela diru-sarrera baxuenak dituzten familientzako gehienezko laguntza).

Urtean 27.000 euro eta 39.500 euro gordin arteko diru-sarrerak dituzten familiek 125 euroko laguntza jaso ahal izango dute gehienez.

Urtean 39.500 euro eta 52.000 euro gordin arteko diru-sarrerak dituzten familiek 100 euroko laguntza jaso ahal izango dute gehienez.

Ez da laguntzarik aurreikusten 52.000 eurotik gorako familia-errenta gordinentzat.

Eskatzeko prozedura

Honela eska daitezke eskolarako materialerako laguntzak:

Sinadura elektroniko bat erabiliz (Irun Txartela, Izenpe edo NAN elektronikoa). Sinadura elektronikorik ez baduzu, www.irun.org helbidean eska dezakezu zure Irun Txartela.

Sinadura elektronikorik eskuratu ezin bada, kontsultatu HAZen / 010 edo 943 50 51 52 telefonoetan.

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude