Jon Ugarte Gobernu Irekia eta Herritarrentzako Arreta ordezkariak Serapio Mugica Bekaren XVII. edizioko lan irabazlea aurkeztu du gaur goizean. Iñaki Garrido Yerobi eta José Ignacio Arbeláez Montoya ikerlariek burututako ikerlanak XV. mende amaierako eta XVI. mende hasierako Irungo gizarte-egitura eta familia nagusien garapena ditu ardatz. Aurkezpenean, egileekin batera, Sagrario Arrizabalaga udal artxibozaina ere izan da.
Lanak “El surgimiento, desarrollo y evolución de algunas élites locales de Irun: los Arbelaiz, Goizueta, Bulano, Leguia, Ibargoen y otros, antes y después de 1522” izenburua du eta ‘Irun tiene historia’ bildumako 16. zenbakia osatuko du. Ikerketa hau 2024an beka jaso ondoren urtebetez egindako lan mardularen emaitza da. Jon Ugartek adierazi duenez, “horrelako lanek ezin hobeto islatzen dute beka honen ikerketa-grina”, eta Udalak Irunen historia aberatsa arakatzeko babes ekonomiko eta teknikoa ematen jarraitzeko konpromisoa berretsi du.
Leinuen sorrera eta bilakaera
Ikerketak 1522ko mugarria hartzen du erreferentziatzat, data hori funtsezkoa izan baitzen Irun-Uranzuko Unibertsitatearen eta Hondarribiko hiribilduaren arteko harremanetan. Lanaren muina Arbelaiz familiaren genealogiaren bidez artikulatzen da, eta horrekin batera, Goizueta, Bulano, Legia edo Ibargoen bezalako leinuen sorrera eta bilakaera aztertzen dira. Azterketa honek erakusten du nola igaro ziren familia hauek Behe Erdi Arotik Aro Modernora, tokiko elite gisa sendotuz.
Ikerlanaren alderdi interesgarrienetako bat familia hauen adar amerikarren azterketa da. XVII. mendean Irunen bizi ziren baldintza gogorretatik ihesi, leinu hauetako kide askok “Mundu Berrirako” bidea hartu zuten. Liburuak abentura horiek dokumentatzen ditu, emigratu arren Bidasoa eskualdearekin loturari nola eutsi zioten azalduz. Momentuz, lana paperean soilik egongo da eskuragarri, baina aurki formatu elektronikoan ere argitaratuko da, zabalkunde handiagoa bermatzeko.
Hurrengo edizioa bidean
Lan honen aurkezpenarekin batera, Udalak jakinarazi du laster deituko dela Serapio Mugica Bekaren XVIII. edizioa. Bi urtean behin ematen den sari honek 10.000 euroko zuzkidura du, eta Estatu osoan hobekien ordaindutako ikerketa-beken artean dago. Bere helburu nagusia tokiko historiari buruzko azterlan originalak sustatzea eta Irungo dokumentu-funtsa herritarrei ezagutaraztea da.
Beka honek askatasun osoa ematen die ikerlariei gaiak eta garai historikoak aukeratzeko, betiere Irungo komunitatearen bilakaera historikoa argitzen laguntzen badute. Finantzaketa hiru fasetan banatzen da: % 30 hasieran, beste % 30 prozesuaren erdian eta azken % 40a lana amaitu eta emaitzak aurkezten direnean.



