Badator Dies Oiassonis festa handia. Aurten uztailaren 14tik 17ra ospatuko da, eta Oiassoko Termak izango ditu gai nagusi. Oiasso Museoaren ondoan dauden erromatar termak laster erakusgai jarriko ditu Irungo Udalak.
2008an, Oiasso Museoak Dies Oiassonis izeneko festa jarri zuen martxan, aurten XII. jaialdia ospatuko dugu, azken urteetako zailtasunak gaindituz, eta ilusio handiz ari gara aurtengo jaialdia prestatzen. Erromatarren garaia birsortzeko asmoz Euskadin antolatzen den lehen jaialdia da, publiko zabalari zuzendutako ekitaldia, non erromatarren iragana ezagutzera emateko aitzakia paregabea den, jaialdiaren inguruan bilduko diren aditu, artisau, musikagile, antzezle, eta birsorkuntza historikoetan lanean aritzen diren elkarteei esker.
Hamabigarren edizio honi bultzada berezi bat eman nahi diogu eta urte guzti hauetan erein den jakin-min guztiaz baliatuz, Dies Oiassonis handiago eta aberatsago bat eraiki nahi genuke, erromatarren iragana berreraikitzearekin, birsortzearekin eta hedatzearekin lotutako adituen eta eragileen presentzia indartuz.
Arte eszenikoak, erakusketak, moda, hitzaldiak, tailerrak, erromatarren garaiko teknika eta lanak erreproduzitzen dituzten artisauak, arkeologia gastronomikoa, zirku erromatarra, gladiadore eta legioen mundu liluragarri eta enigmatikora hurbiltzen gaituzten gladiadoreak, beren erreplika zehatzekin Oiasso hiri erromatarreko eta erromatar izan ziren beste hiri batzuetako bizitza militarra eta eguneroko bizitza birsortzen dutenak, eta erromatar musika birsortzen duten artistak ere izango dira gure artean, giro paregabea sortuz. Adin guztiei zuzendutako ekintzak prestatzen ari gara. Izan ere, Oiasso Museoarentzat eta antolatzen ari garen erakunde guztiontzat garrantzitsuena, zalantzarik gabe, herritarron parte hartzea da, baina ez ikusle gisa soilik, baizik eta parte-hartze bizia eta aktiboa izanik.
Gure helburua, Termak gai nagusi izango dituen aurtengo edizio hau benetan ikusgarria izatea da. Termen inguruko hitzaldi erakargarri bat antolatuko dugu. Antzerki eskaintza indartu nahi dugu, Junkaleko Plazan jarriko den izarpeko antzokian, Els Joglas-en azken muntaia eta Meridako Antzerki Jaialdi klasikoaren ekoizpen bat izango dira lehen mailako ikuskizun handiak; Ludi Scaenicik eskainiko duen kontzertu berezia ere izango da; eta formatu txikiagoan Termak dauden lorategian Prandium et Theatrum. Oiassoko emakumeek eskainitako hamaiketakoarekin batera antzerkiaz gozatzeko aukera izango dugu. Eta nola ez, Oiasso Museoko antzerki tailerretako ikasleek beren irakurketa dramatikoa eta Lisistrata muntaiaren moldaketa aurkeztuko dituzte, eta Ezezagunok Taldeak ere bere azken lana taularatuko du, Junkal plazan.
Museoaren inguruan erromatar merkatua izango da bisitarien gozamenerako, eta horren inguruan hainbat ikuskizun antolatuko dira, gainera haurrentzako edo familia osoarentzako tailerrak ere izango dira. Eta museora sartuz gero, Meridako erromatar Antzokiaren errekuperazioaren prozesua jasoko duen erakusketa izango da ikusgai.
Erromatar Zirkua etorriko da gurera eta gladiadoreen ikuskizunak izango dira, baita herri afari bat ere. Eta gastronomiari loturiko makina bat ekimen.
Larunbatean, uztailaren 16an, arratsaldeko 7etatik aurrera Navigium Isis, desfilea ospatuko da. Erromatarren garaian itsas nabigazioaren eguneko ospakizun zeremonial horrek herritarren partaidetzari esker Irungo kaleak zeharkatuko ditu. Hortxe ikusiko ditugu Legio V.eneko legionarioak, apaiz eta Isis jainkosa, eta nola ez, maskaradan mozorrotuta joango diren herritarrak eta erromatar jantziekin ikusleak agurtuko dituzten adin guztietako herritarrak. Birsortze historiko hau boluntario askoren parte-hartzeari esker ospatzen da, eta benetan ikusgarria izaten da. Zabaltza plazatik abiatuko da desfilea, eta Colón pasealekua zeharkatu ondoren, Foru kaletik San Juan plazan egingo du bere lehen geldialdia. Handik Oiasso Museo aurrean Xabi Solet aktoreak, Apuleioren papera eginez, Lucio bere nobelako protagonistaren kontakizuna antzeztuko du. Eta handik Dunboako zubian amaituko da festa, bertan egingo diren eskaintzekin eta desfilean parte hartuko duten guztien parte-hartzearekin. Bide honetan gurekin etorriko dira zaldiek eramaten dituzten erromatar gurdi bereziak, eta aurten gure festaren izar izango diren Ludi Scaenici, Italiatik etorritako musikariak. Talde hau urtetan aritu da erromatar musikaren inguruan ikerketa egiten, eta musikaren birsorkuntza historikoan maisuak dira mundu mailan. Bertaratzen direnek ezingo dute ahaztu sortzen duten festa giroa.
Oso zailak izan diren bi urteren ondoren, gure asmoa aurtengo Navigium Isis honetan herritarren partaidetza bultzatzea litzateke, eta partaidetza hau adin guztietara zabaltzea. Prestatzen ari garen berreraikitze historikoko desfilea, gure Navigium Isis jaia, alegia, festa ikusgarria izatea nahi genuke, eta bertan parte hartuko duten herritarren edo maskaradako partaideen kopurua inoiz baino handiagoa izatea. Horretarako adin guztietako herritarrei deialdia egin nahi diegu: haurrei, gazte koadrilei, eta adin guztietako “erromatarrei”.
Programazio zabal eta askotarikoaren helburua, duela 2.000 urteko Oiassoko eguneroko bizitzara hurbildu ahal izatea da, mundu klasikoan murgiltzeko aukera izatea, adituen, artisauen, artearen eta ikuskizun berezien bidez, gozatzeko aukera eskainiz festa giroan.
Aizpea Goenaga
Oiasso museoko koordinatzaile orokorra