Udalak Dies Oiassonis jaialdia sendotzeko apustua egingo du aurten

Hiri Bultzadako ordezkari Juncal Eizaguirrek azaldu du zertan diren Arloak 2022rako martxan jarri dituen proiektuak. “Aurten, kaleko jarduerak errekuperatzen ari gara, eta, alde horretatik, Irunek zer eskaini handia du: oso ekitaldi garrantzitsuak, hiria animatzen dutenak, irundarrei gozarazten dietenak eta beste udalerri batzuetako biztanleak erakartzen dituztenak. Iazko eguberriak horren adierazgarri izan ziren, egitaraua inoiz ez bezalakoa izan baitzen, eta uste dut bide horretatik segitu behar dugula. Funtsezkoa da hiriko jarduera sektore askorentzat, hala nola merkataritza, ostalaritza eta turismoarentzat, eta, horregatik, ildo horretatik jarraitzeko proiektu handinahiak ditugu prest aurtengo; esate baterako, Dies Oiassonis jaialdia, zeina inoiz baino sendoago bueltatuko den”, adierazi du Juncal Eizaguirrek.

Dies Oiassonis, uztailaren 14tik 17ra bitartean
2020an, bertan behera geratu zen Dies Oiassonis jaialdia, eta 2021eko edizioa muga batzuen barruan egin behar izan zen. Bada, uda honetan, jaialdia betiko itxura izaten joatea da aurreikuspena. Hiri Bultzadako ordezkariak baieztatu du uztailaren 14, 15, 16 eta 17an egingo dela, eta “oso jarduera egitarau potentea” iragarri du, zeina “Oiasso Erromatar Museoarekin elkarlanean taxutzen” ari diren. Aurtengo aurrekontua inoiz baino handiagoa izango da: 200.000 euro baino gehiago; 2019koa halako bi. Erromatar zirkua, Navigium izeneko ikuskizuna eta antzezpen historikoak antolatuko dira berriro ere; garrantzi handiagoa emango zaio antzerkiari; eta berritasunak izango dira, datozen asteetan ezagutaraziko direnak. “Funtsezkoa da hiria dinamizatzeko horrelako ekitaldiak izatea. Erromatarren garaiarekin lotutako aparteko ondare historikoa izateko pribilegioa dugu, eta proposamen erakargarri baten bidez ezagutzera emateko plataforma bikaina da jaialdi hau”.

Navigium Isidis izeneko prozesioan parte hartu nahi duten guztiak informazio saio batera gonbidatu ditu Oiasso Museoak: Portu aretoan izango da, ostegun honetan, hilak 2, 19:00etan. Orduan, aurtengo prozesioaren xehetasun guztiak ezagutaraziko dira, berritasun batzuk barne. Museoak ekimenean parte hartzera gonbidatu nahi ditu irundar guztiak, historia modu ludiko eta atseginean bizitzeko aukera ematen baitu.

Dies Oiassonis jaialdiaren helburuetako bat merkataritza eta ostalaritza sektorea dinamizatzea da. Bada, antzekoa da Irun Aurrera bonuen helburua: 2020ko udan sortu zen ekimena, pandemiaren ondorioei aurre egiteko, eta izakinak agortu bitartean irundar bakoitzari kanpainarekin bat egin duten Irungo denda eta establezimenduetan kontsumitzeko hamarna euroko hamar bonu banatzean datza. Bosgarren edizioa da aurtengoa, eta aurrekontua, 400.000 euro, Irungo Udalak berrehuna mila euroko bi kanpainaren artean erdibanatuko dituenak: aurtengo lehenengo kanpaina martxan dago jadanik, ekainaren 19ra bitartean, eta bigarrena (guztira, seigarrena) urtearen bigarren erdialdean hasiko da.

Orain arteko edizioen balantzea oso ona da: 25.556 lagunek erabili dute Irungo Udalak 2020ko udatik merkaturatu dituen 65.000 bonuetakoren bat. Guztira, Udalak 543.440 euro jarri ditu orain arte, eta, 2022an, beste 400.000 euro jarriko ditu; guztira, milioi euro ia. Hiri Bultzadako Arloak eman berri duen datu baten arabera, kontuan izanik kontsumitzaileek gutxieneko zenbateko bat gastatu behar dutela establezimenduetan deskontuak baliatzeko, aurreko edizioek 1,5 milioi euroko inpaktua izan dute hiriko ekonomian.

Merkataritza eta ostalaritza sektorearentzako laguntzen ildotik, 2022. urtea funtsezkoa izango da hiriko denden online salmentarako plataformarentzat: irun.market. Uda ostean da abian jartzekoa, Bidasoa bizirik-en eskutik, baina interesa duten establezimenduak aurrez atxiki ahalko zaizkio ekimenari, ekainaren 6tik 19ra bitartean. Ildo horretatik, hilaren 8an eta 14an, eguerdian, dendarientzako informazio saioak egingo dira, eta, ekainaren 16an, saio telematiko bat egingo da. Uztailean, berriz, aurreikuspenen arabera, prestakuntza emango zaie plataformarekin bat egiten duten saltzaileei. Irungo saltokiek doan parte hartu ahalko dute plataforman, eta, gainera, parte hartzen dutenentzako dirulaguntzen lerro bat aurreikusi da, salmenta plataforma digitalean sartzeko beharrezkoak diren inbertsioak egin ahal izan ditzaten.

Plataformari esker, produktuak dendan bertan jaso ahalko dira, produktu freskoak barne direla; 24 orduan Irunen, Hondarribian edo Hendaian jaso ahalko dira; eta Estatu osoan ere erosi ahalko dira. Aipatzekoa da proiektua diseinatu eta esleitzerakoan Irungo merkataritzari prozesu osoan zehar lagundu beharra azpimarratu dela; proiektuaren bereizgarria da hori, eta, horrela, irun.market plataformako kontsumitzaile guztiei ere emango zaie laguntza.

Ekimen horiekin batera, Hiri Bultzadako Arloak aurretik ematen zituen laguntzak nabarmendu ditu: K-Biziak, lokal komertzialak alokatu eta birgaitzeko programa; eta merkataritza dinamizatzeko laguntzak. Merkataritza dinamizatzeko laguntzei dagokienez, bada berritasun bat: aurten, ostalaritzarentzako lerro berri bat sortuko da.

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude