101. San Pedro Sari Nagusiaren irteera eta helmugan aldaketa nabariak izango dira

Ekainaren 29an San Pedro Sari Nagusiaren 101. edizioa ospatuko da. Irungo Txirrindulari Klubak dena prest dauka San Pedro Eguneko txapelketa klasiko hau antolatzeko. San Pedro Sari Nagusian elite mailako eta 23 urtez azpikoek parte hartuko dute. Edurne Izagirre klubeko lehendakariak azaldu du lasterketa Blaia inguruan abiatuko dela eta 13:00etan San Martzial mendira iristea espero dela.

Bi urtez San Pedro Saria antolatu ezin izan duzuenez, aurtengoa antolatzea ohi baino gehiago kostatu da?
Ez pentsa zailegia izan denik, ez dugu sumatu zailtasun berezirik. Egia da horrelako lasterketak antolatzeko federazioan eta udalean lasterketaren eskaera egin behar dela. Eskaera gutxi gorabehera urrian egin genuen eta ekainaren 29a iritsi arte egun asko falta ziren oraindik, beraz, zaila zen pandemiaren egoera zein izango zen aurreikustea. Hala ere, aurreko urtean ikusi genuen txirrindularitza proba asko antolatu zirela eta guk ere aurten ez dugu zailtasun berezirik izan.

Beraz, etenaldiaren ostean, proba ez da desagertzeko arriskuan egon?
Ez dugu horren beldurrik izan. Pena handia izango litzateke horrelako proba historiko bat desagertzea. Inoiz ez dugu eduki proba desagertzeko arriskuan zegoenaren susmoa eta lantaldeko inori ez zaio ideia hori burutik pasa. Beste urteetan antolatu ez bada unean uneko egoerarengatik izan da, baina proba berreskuratzeko aukera egon denean ez da batere arazorik izan. Pandemiak kalte asko eragin ditu, baina probaren itzulera gogoz eta indarrez hartu dugu.

Aurreko urtean lasterketa antolatzeko saiakera egin zenuten, baina azkenean ez zen posible izan?
Horrelako lasterketak antolatzen direnean faktore asko eduki behar dira kontuan. Faktore horietako batek kale egiten duenean, % 100ean prest egon gabe ezinezkoa da aurrera egitea. Lasterketa egin nahi bai, baina azkenean ezin izan genuen.

Elite mailan garrantzi handiko proba da San Pedro Saria. Babesleen laguntza handia behar duzue?
Bai, argi dago, orokorrean, kirolean babesleen laguntza oso garrantzitsua dela, bai maila honetako zein maila txikiagoetako probetan. Horregatik, klubean San Pedro Saria antolatzeko babesle bereziak ditugu, horien artean Irungo Udala. Orain arte antolatutako lasterketa guztietan babesle bezala parte hartu du udalak eta, udalaz gain, gainontzeko guztiei eskerrak eman behar dizkiegu eskaintzen diguten laguntzagatik. Lasterketak edo txirrindularitzarekin lotutako beste ekitaldiak antolatzeko babesleak behar ditugu.

Zeintzuk dira aurtengo San Pedro Sariarekin loturiko nobedadeak?
Aurtengo lasterketa desberdina izango dela kontatu dezakegu. Aurreko edizioetan irteera eta helmuga Irun erdialdean kokatu izan da, hau da, Colón pasealekuan. Aurten, berriz, Blaia ingurutik aterako da lasterketa eta helmuga San Martzial mendian kokatuko da. Esan beharra dago nahiko lasterketa teknikoa izango dela, igoera eta jaitsiera asko ditu eta. Guztira, 2.000 metroko desnibel positiboa dauka eta horrek lasterketa gogorra dela erakusten du. Egia esan, proban zehar edozer gauza gertatu daiteke. Hau da, txirrindulariak helmugara elkarren artean oso bananduak iristea edo ihesaldi bat gertatzea. Uste dugu aurtengo lasterketa oso interesgarria eta ikusgarria izango dela.

Trafiko mozketekin arazo asko izan duzue?
Trafikoa moztu behar denean beti arazotxoak izan ohi dira. Horretarako, Ertzaintza eta Irungo Udaltzainak elkarlanean dena antolatzen ari dira eta guri horrek asko laguntzen digu. Guk ideia proposamen bat egiten dugu, baina gero beraien oniritzia jaso behar dugu lasterketak behar dituen trafiko mozketak eta bestelako gauzak antolatzeko. Azkenean, beraien gomendioak eta aholkuak jarraitzen ditugu. Behin betiko ibilbidea erabaki aurretik beti beraiek proposatutako aldaketa txikiak izan ohi dira, probaren garapena egokiagoa izan dadin.

Sari garrantzitsua izanda, parte hartze handia espero duzue?
Astean zehar izanda, hau da, asteazkenean, zailagoa izaten da jakitea zenbat talde eta txirrindulari animatuko diren. Irunen jaieguna da, baina gainontzeko herrietan laneguna da. Egia esan, lasterketa historikoa eta garrantzitsua da, beraz, uste dut aurten aukeratutako helmuga bereziarekin proba erakargarria izan daitekeela. Espero dugu beste urteetan bezainbeste korredore edukitzea, baina oraindik ez dakigu kopuru zehatza. Txapelketen egutegiaren barnean sartutako proba da eta eguna iristen den heinean ikusiko dugu ea nolako partaidetza dugun.

Irungo Txirrindulari Elkartearentzat garrantzitsua izango da maila honetako txapelketa bat antolatzea?
Klubarentzat garrantzitsua da bai maila honetako zein beste maila txikiagoetako txapelketak antolatzea. Txirrindulariek kategoria honetara iristeko aurretik beste kategoria baxuagoetatik pasa behar dute. Klubeko txirrindulari txikiekin eta ez hain txikiekin honaino ilusioz iritsi daitezen eta txirrindulari izateko gogoa izan dezaten egiten den lana garrantzitsua da. Aurten San Pedro Sariaren 101. edizioa ospatuko da eta uste dut harro egoteko modukoa dela, ez bakarrik maila honetan dauden kirolariengatik, baizik eta atzetik datozen guztiak bizikletan ibiltzen jarraitu dezaten eta, horrela, guk ere horrelako lasterketak antolatzen jarraitu dezagun.

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude