Santiagotarrak kirol elkarteko kideak denboraldia aurrera ateratzeko prestatzen ari dira

Osasun krisialdiak hankaz gora jarri du Santiagotarrak kirol elkartean biltzen diren sekzio desberdinetako kirolarien egutegia. Denboraldiko egutegia airean dago, txapelketak noiz eta zein baldintzetan egin ahalko diren argitzeko esperoan. Antxon Arellano kirol elkarteko presidenteak eta Jone Araño klubeko ordezkari gisa klubaren antolamendu berriaren inguruko xehetasunak azaldu dituzte.

Konfinamenduarekin klubaren jarduera bertan behera gelditu zen?
Antxon: Hori da. Kluba itxi arren, etxetik entrenamenduak mantentzeko apustua egin genuen. Horretarako, klubeko kirolarien artean klubeko gimnasioko materiala banatu genuen etxera eraman zezaten. Infantil eta eskolarrentzat oso garrantzitsua izan da entrenatzaileekin harremanetan jarraitzea “Zoom” aplikazioaren bitartez egin diren jarduerekin.

Klubaren jarduera guztiz berreskuratu duzue?
Antxon: Lehenik eta behin uretako material guztia bil- tzen duten pabilioiak ireki genituen, gimnasioa eta aldagelak itxita jarraitu zuten bitartean. Segurtasun neurriak errespetatzeaz gainera, talde murriztuak antolatu ziren. Pixkanaka instalakuntza gehiago zabaltzen joan gara, beti ere, aretoen edukiera eta segurtasun distantziak errespetatuz.

Denboraldi ezohiko baten aurrean zaudete?
Jone: Bai, momentuz gauza batzuk programatuta dauzkagu, baina, egoera ikusita gauzak momentu batetik bestera aldatu daitezke. Entrenatzen jarraitzeko asmoa dugu eta txapelketak antolatzen direnean, haietan parte hartzeko eta lehenengo postuen artean egoteko prest egongo gara.

Udako etenaldiaren ostean, klubaren arraun sekzioak lehen txapelketetan parte hartu du?
Jone: Bai, arrauna da txapelketetan dabilen talde bakarra. Momentuz bizpahiru txapelketetan parte hartu dute. Iraila amaieran Legutianon Gipuzkoa eta Euskadiko txapelketetan parte hartuko dutela aurreikusita dago. Era berean, urriaren amaieran toki berean Espainiako txapelketa antolatzeko asmoa dagoela dirudi.

Beste sekzioetan, ur-lasai eta ur-lasterretan, txapelketa asko daude egutegian?
Jone: Ur-lasaietan munduko kopa bat programatuta dago eta selekzio frogekin bueltaka dabiltza, beraz, gauzak nahiko airean daude oraindik. Ur-bizietan entrenamenduekin jarraitzen dute. Klara Olazabal, Ander Elosegui eta Joan Crespo Pragan egon berri dira eta Europako Txapelketa irailaren 18 eta 20aren artean izango da.

Txapelketen egutegia guztiz itxita egon ez arren, entrenatzen jarraitzeko asmoa duzue?
Jone: Bai, datorren asteburuan Aitzpea Gonzalezek Europako txapelketa dauka. Espainiako Selekzioarekin kontzentraturik dauden kirolariek ez dute etenaldirik egin, maila oso altuetan dabiltza eta txapelketak antolatzen direnerako prest egon behar dira. Klubean ere berdin gabiltza, ahal denean entrenatzen eta pilak guztiz kargaturik dauzkagu.

Antxon: Asmoa entrenatzen jarraitzea da, baina, zaila da denboraldiko egutegia antolatzea txapelketa daten aurreikuspenik gabe. Arrauneko sekzioak ekainean etenaldi txiki bat egin zuen, uztailean berriro lanean asteko. Aurreko denboraldiari dagokion Espainiako Txapelketa egingo ote den esperoan gaude, baina, bestela datorren denboraldirako prestatzen hasi garela esan daiteke. Pistan eta beste sekzioetan ere etenaldiak egin dira, helbururik gabe egunero entrenatzea zentzugabea delako.

Klubeko entrenamenduetan zein txapelketetan segurtasun protokolo bereziak dituzue?
Jone: Bai, protokoloak errespetatzeari garrantzi handia ematen diogu, bestela, klubaren jarduera eten beharko genukeelako.

Udazken-neguko entrenamenduak antolatzen hasi zarete?
Antxon: Udako eguraldi ona amaitzen denean, barneko instalakuntzetan entrenatzeko modua topatu beharko dugu. Kanpoko pabilioian gauzak mugitu eta kirol makinak bertara mugitu beharko ditugu ziurrenik, talde guztiek entrenatzeko aukera izan dezaten.

Udako ikastaroak eskaintzeko aukerarik izan duzue?
Jone: Bai, aurten, gainera, udako ikastaroen eskaera handia jaso dugu. Dena dela, talde txikiagoak antolatu ditugu eta begirale gehiago jarri ditugu. Lan-taldearen koordinazio egokiari esker gauzak oso ondo atera dira eta hurrengo udako ikastaroetarako gauza asko ikasi ditugu.

Klubetik Bidasoa ibaian piragua irteerak egiteko aukera eskaintzen duzue?
Jone: Bai, berrogeialdiaren ostean piraguak alokatzeko jende gutxiago animatuko zela uste genuen, baina, kontrakoa gertatu da eta lan asko izan dugu zentzu horretan. Gurea orokorrean bakarkako kirola denez, bizi dugun garairako oso aproposa da eta ohore handiz eskaini diogu jendeari gure kirola praktikatzeko aukera.

Beste udekin alderatuta, eskualdeko biztanle gehiago hurbildu dira piraguak alokatzera?
Jone: Bai, gure bezero gehienak ingurukoak dira, beraz, aurten jendea etxean gelditu denez, gehiago animatu dira.

 

Elkarrizketaren bideo osoa Txingudi Onlinen ikusgai dago.

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude