Behobia, sentimendua eta pasioa

1976. urtean sortu zen futbol talde behobiarra, eta gaur egun 300 bat jokalarik defendatzen dituzte Behobiaren koloreak. Gazteei futbolean jokatzen irakasteaz gain, hauek balioetan heztea da Behobia Kirol Klubaren erronka nagusietako bat. Bestalde, erregional goreneko mutilek kategoria mantentzea da klubaren oinarrizko helburua.

2599847_orig

Asteko edozein egunetan Artiako futbol zelaira hurbilduz gero, gogor entrenatzen duten Behobia Kirol Klubeko gaztetxoak ikus ditzakegu. Etorkizuneko futbolari hauen aurpegietan nagusi dira gustuko duena egiten duenaren poza eta alaitasuna. 1976an hasi zuen bere ibilbidea Behobia Kirol Klubak, eta gaur egun 11 taldek janzten dute elastiko urdin-granatea.

Hasiberrien formakuntza
Klubaren futbol eskolan ikasten dute ume hauek baloia orpoz jotzen eta lehendabiziko paseak ematen. Gainera, erabateko formakuntza emozional eta etikoa eskaintzen zaie. “Diziplina, solidaritatea eta elkartasuna bezalako balioak helaraztea da gure erronka nagusia. Horretaz gain, futbolari onak izatera iristen badira, askoz hobeto” dio Enrique Etxeberria presidenteordeak. Entrenatzaile izandako eta gaur egungo Behobia Kirol Klubeko presidente Angel Varonarentzat gaztetxoak entrenatzea lan erabat aberasgarria da. “Baloi bat zer den justu-justu dakien ume bati, zuk dakizuna erakustea eta handituz doan heinean haren progesioa ikustea… ordainezina da. Bere hazkuntza eta hezkuntza prozesuaren parte gara, eta hori oso polita da”.

7703254_orig
Koloreekiko maitasuna
Klubaren koloreak 19 urtez defendatu dituen Iker Perejon ere gazte hasi zen klub honetan. Eskarmentu handiko jokalari honen laguntzari esker, urtebetez Behobia ohorezko kategorian egon zen. Klubean izandako ibilbide luzea azaltzeko orduan, Ikerrek argi dauka: “Betidanik, kirola egitea gustuko izan dut eta sasoi betean mantentzeko primeran datorkit futbola. Gainera, taldean ditudan aspaldiko lagunak eta giro onak aurrera jarraitzen lagundu didate”. Jon eta Mikel Gurrutxaga anaiek ere ondo ezagutzen dute Behobia Kirol Kluba. “Urte asko eman ditugu klubean eta hemen ikasi dugu kirol hau maitatzen”. Mikelentzat, anaiarekin hainbeste urtez jokatzearen abantaila da “elkar oso ondo ezagutzen garela eta badakigula bakoitza nondik aterako den”. Jonentzat, berriz, anaiarekin jokatzea motibazio bat da. “Mikel anaia txikia dut eta elkarrekin jokatzea oso berezia da. Nire pena bakarra da, ohorezko mailan geundela, elkarrekin esperientzia polit horretaz gozatu ezin izana, bera kanpoan ikasten baitzegoen”.
Garai zailak
Aurtengoa ez da urte erraza izaten ari erregional goren kategorian jokatzen duten hiru gazte hauentzat, emaitzak ez baitira espero zituztenak izan. Sailkapenaren azkeneko postuan daude; hala ere, denboraldia luzea da, kalitatea badute, eta zuzendaritzaren konfiantza ere bai. “Gure jokalariengan sinesten dugu eta denon artean egoerari buelta ematea lortuko dugu, dudarik gabe”.
Informazio gehiagorako:
http://cdbehobia.weebly.com/

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude