Iritzia. Yurre Ugarte. Neurtezina

OLYMPUS DIGITAL CAMERA

Abesti bat sortu, gero abestu. Abestia entzun. Abestiak eragindakoa (dena delako hori) bizi. Musika instrumentu bat jotzen ikasi, instrumentu batez musika egin; musika entzun. Liburu bat irakurri. Liburu bat idatzi. Liburuan irakurritakoa hausnartu, partekatu; edo ez, zeure baitan gorde, edota liburuan irakurritakoaren aurka erreakzionatu. Edo, libururik ez irakurri. Dantza egin. Dantza eginarazi. Dantza folklorikoa, modernoa, klasikoa, asmatutakoa… Astero, jendartean dantzatu. Margotu: koadro bat, edo mural bat, nahi duzuna: instalazio bat eraiki. Edo kamera (tamaina aukeran) batez film labur bat grabatu. Edo luze bat. Bertsoak bota, bertsoak entzun eta bertsoa buruan duzula etxera joan. Antzezlan bat sortu, antzezlan bat ekoitzi, antzezlan bat antzeztu eta eszenaratu. Antzezlana ikusi, barneratu, kanporatu.
Ekintza edo zera kulturalak dira aipaturiko horiek guztiak, besteak beste. Eta bai, kultur industrien gizartean bizi bizi gara eta kultura kontsumista gailentzen da, oro har. Aldi berean, ezin uka: kultur ekintzak edo produktuak, edonolakoak, gizartearen isla dira, edota gizartea bera dira. Nola kalkulatu, baina, kultura deritzogun horren balioa?… Izan gaitezen sinplistak, behintzat kultur aurrekontuak erabakitzen dituzten politikariak (salbuespenak salbuespen) izan ohi diren bezain sinplistak. Irunek 61.481 biztanle ditu. Gipuzkoako bigarren hiria dugu. 2013ko aurrekontua “Kultura eta kirolak” arlorako: 4.386.015,00 €. Zatiketa eginda, biztanle bakoitzeko 73 € urtean. Euskara arloak, 2013ean 1.538.867,00 €, hots, biztanle bakoitzeko 25,64 €! Diru kopuru adierazgarriak. Izan ere, aipaturiko kultur ekintza bakan baten eragina ezin da kuantifikatu edo zenbakietan neurtu, eragina ikusezina baita, bat-batean behintzat; epe luzean ordea, hiritar kritikoen existentzia bermatzen du, subditoen kaltetan. Ez da harritzekoa, beraz, hiriko kultur hutsuneak eta gabeziak gehienetan iniziatiba herrikoiak eta pribatuak betetzea, beste biztanleek bezala zergak ordaintzeaz gain hiriarentzat zerbait sortzen edota sortzen laguntzen duten ekimenak. “Sinplistak”, poesia liburu baten titulua ere bada. Neurrigabeko poesia, zorionez neurtezina, aurrekontuetan azaltzen ez den hori guztia eragiten duena. Izendaezina seguru aski. Agian, liburu horren irakurketan dago hitz hauen hazia.

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude