Neska eta emakumeak kirolera erakartzeko apustuan tinko dirau Parean elkarteak

Argazkia: Gari Garaialde / Bostok Photo

Parean elkarteak, ikasturte berriaren hasierarekin batera, hainbat egitasmo eta lan ardatz zabal jarri ditu martxan Irunen. Argia da proiektu guztien xede nagusia: hiriko neska zein emakumeak kirolaren praktikara hurbiltzea, beren parte-hartzea sustatzea eta gizartean arrakala horren inguruko hausnarketa sakona eragitea. Horretarako, hiru Zutabe nagusi landuko dituzte berriro ere: Bigarren Hezkuntzako ikastetxeetatik igaroko den argazki erakusketa ibiltaria eta unitate didaktikoa, hiriko klubek emakumeentzako duten eskaintza osoa biltzen duen gida, eta urriaren 18an Colón Pasealekuan ospatuko den Igande Sasoi jaialdia.

Gizarteko beste hainbat esparru eta sektoretan gertatzen den moduan, kirolaren munduan ere gizonen eta emakumeen arteko arrakala oso nabarmena da oraindik ere. Agerian dago gainera desberdintasun hori adin guztietan gertatzen dela; haurrak Eskola Kirolean hasten direnetik bertatik hasi eta helduaroraino luzatzen den errealitatea baita. Horren aurrean, Parean elkarteak lau urte inguru daramatza kirolaren esparru horretan modu eraginkorrean lanean. Parean elkarteko Oihana Llorentek eta Santiagotarrak klubeko Jone Otañok elkarrekin egin dute aurretik zerrendatutako egitasmoen eta pasatako urteen errepasoa. Bien artean egitasmo horiek guztiak gaur egungo gizartean zein garrantzitsuak eta beharrezkoak diren berretsi eta baieztatu dute.

Zubigintza lana eta kirol gida

Oihana Llorentek azaldutakoaren arabera, iraganeko lau ikasturte hauetan lanketa ezberdin asko egin dituzte eta horretarako lau urte daramatzate hiriko klubekin eskuz esku lanean. Izan ere, Irunen kirol eskaintza zabala egon badago emakumeentzat, baina askotan eskaintza hori ez da behar bezain ezaguna herritarren artean.

Hortaz, Parean elkartearen zeregin nagusia zubi lana egitea da: kluben eta gizartearen arteko harremana erraztea, eskolen zein tokiko komunikabideen laguntzaz. Prozesu honetan, klub bakoitzak ikasturterako emakumeentzako prestaturik duen eskaintza zehatza biltzen du elkarteak, eta, ondoren, gida osatu baten bidez zabalkundeari ekiten dio.

“Ikusi da kluben aldetik interes berezi eta handia dagoela gida horretan agertzeko, eta urtez urte emakumeei zuzendutako eskaintza gehiago prestatzen dela”

Oihana Llorente, Parean elkarteko kidea

Ahalegin horrek guztiak eman ditu bere fruituak jada. Oihana Llorentek aipatu duenez, “ikusi da kluben aldetik interes berezi eta handia dagoela gida horretan agertzeko, eta urtez urte emakumeei zuzendutako eskaintza gehiago prestatzen dela”. Kontzientziazio lana finkatu da eta gaur egun geroz eta gehiago dira emakumeen taldeak bultzatzen dituzten kirol elkarteak. Esate baterako, azken hiru urteetan lau talde saiatu dira emakumeen futbol taldeak osatzen, eta boleibolean nesken parte-hartzea izugarri handitu eta ikusgarri bilakatu da. Eskolen eta gurasoen aldetik ere gidak oso harrera beroa du, eskaintza zabal hori ezagutarazteko tresna baliagarria bilakatu baita.

Jone Otañok azpimarratu duenez, zubi lan hori egitea funtsezkoa da, urtetik urtera neska gehiago animatzen direlako kirola egitera. “Garrantzitsuena neskek beste neska batzuk kirola egiten ikustea da, eta horretarako erreferenteak edukitzea ezinbesteko faktorea da”, azaldu du Santiagotarrak klubeko ordezkariak. Inguruan eredugarri diren pertsonak ikusteak asko laguntzen du; adin guztietan gertatzen den zeozer da, baita emakume helduen artean ere, ekintza berriak probatzean askotan harritu egiten baitira zer egiteko gai diren ikusterakoan.

Arrakalaren jatorria

Kirola uzteko atzean dauden arrazoiak askotarikoak dira. Irungo Udalak duela urte batzuk egindako ikerketa bateko datuek erakusten zuten Eskola Kirolaren garaian (12 urte bitartean) nesken parte-hartzea % 20koa besterik ez zela. Datu kezkagarri horren atzean pisu handia dute hezkuntza ereduak eta gizarte eraikuntzak. Horrez gain, 12 urtetik aurrera, Bigarren Hezkuntzan (DBHn) sartzerakoan, kirola uzten duten nesken kopuruak gora egiten du nabarmen.

Joera horri aurre egiteko, Parean elkarteak proiektu berezi bat jarri du abian ikastetxeetan. Alde batetik, Mendi Urruzunoren argazki erakusketa ibiltaria eraman dute hiriko Bigarren Hezkuntzako eskola guztietara (Hirubide, Txingudi, Eguzkitza, El Pilar, Toki Alai, La Salle eta San Vicente). Kirola egiten ari diren emakumeen argazkiz dago osatuta erakusketa, eta gazteak kirolera erakarri eta erreferenteak hurbiltzeko helburuarekin sortu da. “Erakusketa honetan elite mailako kirolariekin batera emakume arruntak ikus daitezke hainbat kirol egiten, neskek euren burua islatuta ikusteko aukera izan dezaten”, adierazi du Oihana Llorentek.

Beste aldetik, erakusketarekin batera unitate didaktiko bat garatu dute Gorputz Hezkuntzan zein tutoretzen bidez lanketa egiteko. Bertan hainbat gai aztertzen dira, hala nola, emakumeek kirola zergatik uzten duten, taldeetan nola sentitzen diren edo patioaren erabilera nola egiten den. Lanketa hori argazki erakusketa ikastetxera iritsi aurretik eta iritsi ostean egiten da, ikusitakoaz ere hausnartzeko.

“Garrantzitsuena neskek beste neska batzuk kirola egiten ikustea da, eta horretarako erreferenteak edukitzea ezinbesteko faktorea da”

Jone Otaño, Santiagotarrak klubeko kidea

Horrekin batera, klubak eskoletara hurbiltzeko aukera ematen du Parean elkarteak, dinamizatzaile lanak, ahal dela, emakume batek egin ditzan. Oihana Llorenteren iritziz, “emakumeen presentzia maila guztietan handitu behar da: jokalari, entrenatzaile zein lehendakari gisa”. Jone Otañok gaineratu duenez, entrenatzailea edo dinamizatzailea emakumea denean, askoz errazagoa da neskak erakartzea eta elkarrekin geratuko diren talde sendoak osatzea. Gainera, Santiagotarrak klubeko ordezkariak azpimarratu du zeinen garrantzitsua den kirol berriak taldean probatzera animatzea: “oso kasu gutxitan etortzen zaizu neska bat bakarrik, lagun edo ezagunik gabe, denboraldi guztian geratzeko”.

Urriaren 18ko Igande Sasoia

Argazkia: Gari Garaialde / Bostok Photo.

Aurreko urteetako esperientzia onari jarraituz, urriaren 18an Igande Sasoia antolatuko da berriro ere Colón Pasealekuan. Ekimenean 20 klub inguruk hartuko dute parte, bakoitzak bere kirolaren erakustaldia eta probatzeko aukera eskainiz. Esaterako, Santiagotarrak klubak aurreko edizioetan parte hartu izan du eta asmo bera dute aurten ere, klubeko sekzioetako batekin bertan aurkezteko.

Helburua ez da jendea ikustera soilik gerturatzea, baizik eta kirol ezberdinak bertatik bertara probatzea. Horretarako, iaz bezalaxe ginkana formatua erabiliko da: parte-hartzaileek klubez klub joan eta ekintzak probatuz zigiluak bildu beharko dituzte, ondoren material zozketan parte hartzeko. Santiagotarrak klubeko Jone Otañok adierazi duenez, Igande Sasoia egun oso polit eta berezia izaten da, klub ezberdinen arteko elkarbizitza bultzatzeaz gain, hirian dagoen kirol eskaintza zabala eta askotarikoa herritar guztiei jaiaren bidez hurbiltzen dielako.

Laburbilduz, Parean elkarteak eta Irungo kirol klubek lanean jarraituko dute eskoletan, kalean zein kirol instalazioetan emakumeen lekua zein ahalduntzea bultzatzeko eta kirola guztientzako topagune berdinzalea izan dadin.

Elkarrizketa osoa Txingudi Onlinen ikusgai duzue.

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude