Amaia KZk erakusketa berri bat hartuko du datorren ostiraletik aurrera, urriak 9, ‘Basamortuko emakumeen bidaia’ izenburupean. Ana Valiño argazkilari eta ikertzaileak 2015ean abian jarritako egitasmo honek Saharako exodoa bizi izan zuten emakumeen memoria berreskuratzea du helburu, beren herriaren biziraupenean eta antolaketan izandako zeregin nagusiari balioa emanez. Erakusketaren inaugurazio ofiziala ostiralean bertan egingo da, 19:00etan, eta egileak berak gidatutako bisita bat eskainiko da erakusketaren xehetasun guztiak bertatik bertara ezagutzeko.
Erakusketak ohiko argazki-erakustaldi baten mugak gainditzen ditu, hainbat ikuspegi, material eta ahozko ondare elkarrizketan jarriz. Guztira 30 argazki biltzen ditu —tartean erbestea bizi izandako emakumeen erretratuak nahiz hennaz atzemandako irudiak—, baita Rabuniko Informazio Artxiboko zein etxeko artxiboetako argazkiak dituzten inprimategiko kaxoi zaharrak ere. Kaxoi horietako espazio hutsek galdutako edo transmititu ezin izan diren oroitzapenak sinbolizatzen dituzte. Horiez gain, 214 orrialdeko eskuizkribu eta egunkari fotografiko bat dago ikusgai (protagonistek beraiek idatzia), baita jatorrizko melfak, oihal zatiak eta elkarrizketatutako familiek lagatako objektu pertsonalak ere, sahararren historiara dimentsio intimo eta hurbil batetik gerturatzeko.
Nuria Alzaga Kultura ordezkariak azpimarratu duenez, “erakusketa honek hasiera-hasieratik sentitzen den karga emozionala du”, eta aukera ematen du pertsona askok bizi izandako erbestea hobeto ezagutzeko. Horrez gain, Alzagak gaineratu du Irunek gaur egun duen “erakusketa muskulu sendoa”, hiri barruko hiru erakusketa-aretoak aldi berean martxan baitaude kultur programazio anitza eta errealitate ezberdinei irekia eskainiz.
Ana Valiño leondarra, Zuzenbidean lizentziatua eta memoria zein giza eskubideetan espezializatua den argazkilaria, Latinoamerikan, Europan eta Afrikan aritu da lanean, eta 2022an Fotokazetaritzako Jardunbide Egokien Saria jaso zuen ADPCren eskutik.



