Otsailaren 6an eta 7an egingo da bilketa Sahararen aldeko Euskal Karabanarentzako produktu ez-galkorrak zein higienikoak jasotzeko bilketa. “Piztu itxaropena” kanpainaren barruan, Kabigorri Bidasoaldeko Ateneoaz gain, BM, Super Amara eta Eroski supermerkatuetan jasoko dira dohaintzak. Irungo Udalak ere bere ekarpena egingo du, mila azukre pakete inguru erosiz eta herritarrak bilketan parte hartzera animatu ditu.
Bilketa ostiral eta larunbat honetan egingo da, hilak 6 eta 7, goizez eta arratsaldez, eta produktu ez-galkorrak zein higienikoak jasoko dira: batetik, azukrea, arroza, pasta, babarrunak, dilistak, garbantzuak, hegaluze kontserbak, sardina kontserbak… eta, bestetik, konpresak, pixoihalak eta bestelakoak. Gainera, aste osoan zehar, hiriko zenbait ikastetxe ere egiten ari dira bilketa: Eguzkitza, Txingudi, Toki-Alai, Bidasoa Institutua, Belaskoenea eta San Vicente de Paul.
Aurreko urteetan bezala, Irungo Udalak, Giza Eskubideetarako, Memoria Demokratikorako eta Lankidetzarako Arloaren bidez, Tadamum elkartearekin elkarlanean kanpainan parte hartuko du. Udalak aurten mila azukre pakete inguru erosiko ditu; beste urte batzuetan, berriz, arroza erosi izan du.
Karabana humanitarioa
Tindufeko kanpamentuetan (Aljerian) bizi diren errefuxiatu sahararrek, ingurunearen ezaugarri gogorrak direla-eta, kanpoko laguntza dute ia bizigai bakarra. Horrela, 1975etik, nazioarteko hainbat erakundek, hala nola Iheslarientzako Nazio Batuen Goi Mandataritzak, Europar Batasunak, Babes Zibila eta Laguntza Humanitarioa emateko Zuzendaritza Nagusiak eta Munduko Elikadura Programak, oinarrizko elikagaiak helarazi dizkiete: lekaleak, irina, esne hautsa, kontserbak…
Helburua errefuxiatu sahararren elikaduraren segurtasuna handitzea da, oinarrizko faktorea baita haien osasun eta ongizaterako, eta, horretarako, larrialdiko laguntza bidaltzea Tindufeko errefuxiatuei. Ildo horretatik, janari bilketa egiten da herritarren artean, eta bigarren eskuko kamioiak erosi, erakunde publikoen ekarpenak baliatuz –funtsean, udalek egiten dituzte ekarpenak–, karabana osatzeko eta bildutako produktuak behar dituztenei zuzenean eramateko.




